Azalpenak eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari eskola garraioaren esleipenagatik

Bildarratzek dio legezkoa izan zela Gipuzkoako eskola garraioaren ibilbideen zati bat departamentuko aholkulari baten enpresari ematea

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Harrabotsa sortu du Vocento taldeko egunkariek eskola garraioari lotuta atzo argitaratutako albiste batek. Informazioaren arabera, Gipuzkoako eskola garraioaren ibilbideen zati bat Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat lan egiten duen kanpoko aholkulari baten enpresari esleitu zioten. Hain justu, Jaurlaritzak Autocares Urpa SM enpresari eman zizkion Gipuzkoako garraio eskolako ibilbideen %25: enpresa horretako administratzailea eta Cuatrecasas abokatu bulegoko ordezkaria Joanes Labaien da; Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen senarra da, eta Hezkuntza Sailean lan egiten du kanpoko aholkulari juridiko gisa.

Alderdi politikoek eta Jaurlaritzak berak hizpide izan zuten gaia atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi zuen dagoeneko eskatu diola Hezkuntza Sailari «ahalik eta azkarren» argitu dezala gertatutakoa. «Gardentasunarekin dugun konpromisoa ukaezina da, eta administrazioarentzat lan egiten duten guztientzat ere izan behar da», erantsi zuen. Oposizioak «eskandalutzat» jo zuen auzia, eta azalpenak galdegin zizkion Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari.

Bilkuran bertan erantzun zien Bildarratzek. Azaldu zuen Gipuzkoako eskola ibilbideen zati bat bere departamentuarentzat aholkulari lanak egiten dituena abokatu bat kide duen enpresa bati emateak ez duela «interes gatazkarik» eragingo, ibilbideak esleitu zirenean oraindik kontratatu gabe zegoelako enpresa. Bildarratzek defendatu zuenez, Hezkuntza Sailak emandako pauso guztiek «babes eta euskarri juridiko osoa» izan dute, eta legearen barruan egin dira.

Galdera sorta

Hezkuntza Sailaren ustezko irregulartasunak kritikatu zituzten EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PPk, Ciudadanosek eta Voxek, eta Bildarratzek azalpenak eman ditzala eskatuz, galdera sorta erregistratu zuten EH Bilduk eta EP-IUk.

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, «oso larria» da gertatutakoa, eta Jaurlaritzari eskatu dio argitu dezan Labaienek Jaurlaritzarentzat aholkulari lanak egiten jarraituko ote duen. Horren haritik ere galdegin dituzte argibideak Miren Gorrotxategi EP-IUko bozeramaileak eta Amaia Martinez Voxekoak. PPk «eskandalutzat» jo du gertatutakoa eta Ciudadanosek Bildarratzen dimisioa eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.