Aitziber Laskibar Lizarribar.
Euskal presoak. Abokatuen kontrako polizia operazioa. ANALISIA

Itotzeko moduak

2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Ez da kasualitatea». Horixe esan zuten, behin eta berriz, astelehenean atxilotutako abokatuek duela sei hilabete beren kontrako polizia operazioa izango zela filtratu zenean. «Ez momentua, ez jomuga, ez dira kasualitatea».

Abokatuek urte luzeetan egindako lana ur sakonetako fruituak ematen hasi zenean iritsi zen abisua, berebiziko garrantzia duten gaiak mahai gainean zeudela. Politikoki lortu ezin izan diren alor batzuk juridikoki lortzeko bidean zirenean. Estrasburgok Parot doktrina bertan behera utzi izanak eragindako mina gainditu gabe zuen PPren gobernuak. Harrotasuna minduta. Eta jakin bazekien jaso zuen kolpea bide baten hasiera soilik izan zitekeela. Urteetan bere nahieran antolatutako zigor sistema oso baten gainbehera ekar zezakeela.

Ordurako bidean ziren presoek Euskal Herrira ekartzeko egindako eskaerak. Astintzen hasia zen dozenaka euskal presoren espetxealdiak arintzea ekar lezakeen zuhaitzaren enborra. Parot doktrinarekin gertatu zen bezala, fruitua eman zezakeen Frantziako eta Espainiako zigorrak batzeko eskaerak. Adibidez.

Pauso horien sustatzaileek jasoa zuten abisua aurrez ere, oso modu bortitzean. EPPKren bitartekarien aurkako operazioan, zortzi lagun atxilotu zituzten. Horien artean, abokatuak. EPPKri konponbidearen bidean urratsak egiten laguntzeko konpromisoa hartua zuten. Eta presoen kolektiboak ekarpen esanguratsuak eginak zituen.

Urtarrila zen orduan ere. Presoen eskubideen aldeko manifestazioaren ingurumarian egin zuten operazioa. Protestaren aurretik. Mobilizazioa debekatu egin zuten, eta alderdi politikoak ezohiko moduan batu ziren manifestazio bateratura deitzeko. Erraldoia izan zen.

Erasoa protestaren ondoren egitea erabaki dute aurten. Pare bat egun beranduago. Are, mobilizazio jendetsua bere mezua zabaltzeko baliatu dute: Batetik, ez dutela bere politika bortitza malgutuko esateko. Milaka herritarren lan eta ilusioa kolpeka itzaltzeko prest daudela erakusteko.

Bestetik, milaka herritarrek emandako dirua harrapatzeko. Bazekiten non zegoen gordea, eta hara joan ziren, presaka, astelehenean banketxeak ireki aurretik. Iruzurra ohiko bilakatu den politikan akusazioa sinesgarri izango zelakoan edo, argazkia egin, eta lau haizeetara zabaldu du Guardia Zibilak berak: txanpon meta handia, izugarrizko armategia erakutsiko balute bezala. Zabaldu duten bideoan argi geratu da Sarek manifestazioan bildutako dirua dela. Baina zerbait handi harrapatu izan balute bezala hedatu dituzte irudiak. Mezua joan da, hor ere: «Ekonomikoki itoko zaituztegu».

Presoen babeserako edozein lanen kontra arlo ekonomikotik ere joko dutela erakutsi dute. Publikoki horren eskandalagarria ez den bidea hartu dute, esaterako, abokatuen kontra. Ez dituzte espetxeratu, baina, haien lana murrizten duten baldintzak jartzeaz gain, diru kontu guztiak blokeatu dizkiete, isilean: Pertsonalak eta bulegoetakoak. Bizitzeko eta lanerako behar dituzten baliabideetarako sosik gabe utzi dituzte. Mugitu ezinik. Gasolinarako ere dirurik ez dutela. Bulegoen alokairu eta gastuak ezin ordaindu. Argi esan du Alfontso Zenon abokatuak BERRIAri emandako elkarrizketan: «Kontu korronte guztiak blokeatu izanak bideraezin egiten du gure lana».

Herrira-n jardun zutenen aurka egiteko ere, dirua jarri dute aitzakia. Logika guztien aurka, erridikuluaren muga gainditzeraino. Langileen aurkako delitua egin omen dute langile zirenek beraiek. Nork uler dezake hori?

Baina argudio ekonomikoak irensten errazago dira. Inork ez du politikarako eskubidearen edo defentsa eskubidearen aurkako erasotzat joko. Zuriagoa da kolpea. Eta horretan sakontzeko asmoa dutela dirudi: «Ekonomikoki itoko zaituztegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.