Usansolon udala osatzeko batzordea sortu dute, 11 parte hartzailerekin

Usansolo Herria plataformako zortzi kidek eta EAJko beste hiruk eratu dute. Maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean osaera aldatu daiteke

Usansoloko herritarrak, azaroaren 23ko ospakizunetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Usansoloko Udala osatzeko batzordea sortu zuten atzo Txapelena baserrian (Bizkaian). 11 lagunek osatu dute: Usansolo Herria plataformako zortzi kidek eta EAJko beste hiruk. Osaketa erabakitzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak 2019ko udal hauteskundeetan Galdakaon (Bizkaia) izandako emaitzak eskatu dizkio Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralari. Datu horiek ezinbestekoak izan dira ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatzeko batzordeko ordezkariak izenda ditzatela, bakoitzari dagokion ehunekoa errespetatuta. Atzoko saioan presidentea ere aukeratu zuten.

Hala eta guztiz ere, baliteke batzordearen osaera aldatzea maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean. Hauteskunde Batzorde Zentralak erabaki du Usansolon ez dela hauteskunderik egingo, herria ez delako toki erakundeen erregistroan agertzen, eta ez duelako hautesle erroldarik; Galdakaon bozkatu beharko dute herritarrek.

Behin batzordea osatuta, erregistro horretan izena ematea eskatuko dute; 30 eguneko epea ezarri dute horretarako. Izen ematea onartuz gero, Hauteskunde Batzordeari eskatuko diote batzordea berriro osatzeko, 2023ko udal hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta.

Bizkaiko Batzar Nagusiek iazko azaroan onartu zuten Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izateko eskaera. Halere, hilabete geroago, Estatuaren Abokatutzak helegitea jarri zion ebazpen horri, Usansolok ez zuelako gainditzen 5.000 biztanleren langa. Errekurtsoarekin batera, Usansolo udalerri bihurtzeko prozesua eteteko eskatu zuen abokatutzak, behin-behineko neurri gisa, baina otsailaren amaieran EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen halakorik onartu: auzia ebatzi bitartean, tramiteetan aurrera jarrai dezakete Usansolon.

«Mugarri garrantzitsua»

Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuaren esanetan, batzordea osatzea «mugarri garrantzitsu bat» da. Baina, era berean, adierazi du beharrezkoa dela oraingoz «zuhurrak» izatea: «Itxaron behar dugu toki erakundeen erregistroan Usansoloren izen ematea onartu arte». Bitartean, aldundia «adi» egongo da, eta bere jarrera mantendu eta defendatuko du. «Espero dugu bide hori ondo amaitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.