Jon Salsamendi. Orioko entrenatzailea

«Porrot egin genuen, eta erantzulea neu naiz»

Orioko entrenatzaileak autokritika egin du igandean bere taldeak egindako lanaren harira. Datorren urtekoaz ere aritu da: «Orion ez bada, ez naiz beste inon izango entrenatzaile». Pegatinaren polemika dela eta, sua itzali du.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Tabakalera zentroaren alboan dago Atotxako dorrea. Atzelariek baloiak urruntzen zituzten garaia joan zen. Ez da horietakoa Jon Salsamendi (Orio, Gipuzkoa, 1970): Orioko entrenatzaileak heldu eta mamitu egiten ditu galderen erantzunak.

Zer gertatu zitzaion Oriori aurreko igandean?

Entrenatzaile gisa, etsigarria izan zen. Zuzenean nire paretik pasatu zenean trainerua, ez nuen ezagutzen nola ari zen taldea. Aurreneko arraunkadatik egin zuen taldeak aurrez prestatuta ez zegoena.

Zertan huts egin zenuten?

Bitxia izan zen nola joan ginen minutuko 40 arraunkadatik jaitsi gabe lehen luzean. Baina trainerua ez zen presaka ikusten. Prestatutako armekin ez bazabiltza, biluzik ari zara.

Taldeak zergatik ez zuen gauzatu aurrez prestatutakoa?

Bi irteeretan, gure aurreneko hiru arraunkadak ikusi besterik ez dago jabetzeko ez ginela ondo ari lanean. Hasiera horretan islatzen saiatzen gara arraunkada noraino eraman nahi dugun, eta hiru aurrenekoetan adierazten da. Bigarren arraunkadan laurdena ere ez dugu egiten. Tentsioagatik edo dena delakoagatik, gurearen gainetik aritu ginen hasieratik. Hortik zerbait izan zen. Gauza handi baten bila atera ginen; oso ondo sentitzen ginen. Baina porrot egin genuen, eta erantzulea neu naiz. Alderantziz gertatzen denean bezala. Minez, baina naturaltasunez onartzen dut.

Igandeko gabeziak udan erakutsitako berberak dira?

Udan zer gabezia ikusi zaizkigun zehaztu beharko.

Estropada biribilik egin ezina, adibidez.

Egin, egin ditugu. Eusko Label ligan, Bilbon, irabazi genuenean, eta Zarauzko bi egunetan, adibidez; bandera lortzeko lehian izan ginen zortzi luzetatik zazpitan. Hori da gure maila. Udan, hainbat estropadatan maila hori eman dugu, baina kaleetan zorterik gabe ibili gara, eta ez da aitzakia. Askotan tokatu zaigu izkinetatik joatea, eta, banderak irabazi direnean, beste izkinetatik irabazi izan dira. Estropada biribil gehiago izan direla esango nuke, zorte txarrak itsustuak.

Zortearena bakarrik izan da?

Gabezia izan da 2022ko egitasmoa oso arraunlari gutxirekin hastea: 26 baino ez genituen bi taldeak osatzeko. Lortu dugu biak uretan izatea, baina ez behar den moduan. Behar den maila jaitsi egin behar izan dugu. Bestela, ez genuke salbatuko klubaren egitasmo orokor hori. Errealitatea da otsailera arte ezin izan genuela osatu udan Eusko Label ligan ibili den taldea. Horren adibide ona Orioko Jaitsiera izan zen. Urdaibaik irabazi zuen, eta minutu erdia atera zigun. Dena eman genuen estropada horretan, baina...

Baina, gero, ligako lehen estropadan, bandera irabazi zenuten. Nola liteke?

Otsailetik uztail hasiera bitarte, oso lan ona egin nuen, beti bezala. Badakigu zer plangintza erabili. Baina onartzen dut prestakuntzako lehen hiru hilabeteetan oso baldintzatuak egon ginela. Arraunlari gutxi izateak beste ondorio batzuk eragiten ditu. Hasierako hiru hilabeteetako lanak ez du ematen azken errendimenduaren arrazoia, baina bai gorputza edo egitura. Lor dezakezu estropada batzuetan ondo aritzea, baina gabezia horiek azaldu egiten dira azkenean, eta hori nabarmenduko nuke gabezien artean. Ligak erregulartasuna eskatzen du, eta guk ez dugu izan. Ez gara fidagarriak izan, eta hori guztia nabarmenago egin zen aurreko igandean.

Zergatik ditu Oriok hain arraunlari gutxi?

Gauza bat dela, bestea dela, beste taldeekin daukagun lehia aldatu egin da, orain gehiago daudelako lehiakorrak lehengo aldean. Eta orain, Orio agian ez da lehiakorrena arraunlari onenak erakartzeko saiakeran. Onartu beharra daukagu klubaren apustua harrobia lantzea izan dela azken hiru urteetan, emaitzak lortzea baino gehiago. Horretan gabiltza. Harrobiarena oso polita da, eta ematen du epe ertainerako edo luzerako arraunlari onak ateratzeko moduan garela. Baina arazoa da arraunlariak urtebeterako lotzen direla.

Hori erakusten dute iazko taldetik izandako hutsuneek?

Kolpea izan genuen: berez, adinez-eta, uzteko ez zeuden lauzpabost arraunlarik uztea erabaki zuten, onenean zeudenean. Gauza batzuetan erakargarriak gara, baina beste batzuetan, besteak dira erakargarriago arraunlariarentzat. Denari begiratzen diote, eta ni neu ere izan naiteke erakargarri batzuentzat, eta justu kontrakoa beste batzuentzat. Hori guztia eltze batean sartu, eta asko kostatzen ari zaigu arraunlariak erakartzea, etxekoak ez ezik, kanpokoak ere bai.

Hortaz, hasita zaude telefonoa astintzen?

Lehenengo lana etxe barrukoa izaten da, oraingoek zer asmo dugun jakitea. Hortik aurrera, oraingoez gain, utzita daudenak edo beste nonbait daudenak berreskuratzea izango da lehentasuna. Gero, beharrik balego, kanpokoren bat erakartzen saiatuko ginateke.

Zuk zeuk ez daukazu lotuta datorren urtekoa, ezta?

Beti bezala, urtez urte noa entrenatzaile naizenetik. Eta hitz egiteko lehentasuna nagoen klubak izaten du, nik jarraitzea nahi badu.

Diozunari erreparatuta, asmoa duzu Orion jarraitzeko. Klubak ere bai?

Denok pentsatu behar dugu zer den onena Orioren 2023ko egitasmorako. Eta horren barruan dago pentsatzea egokiena ote den entrenatzaileak jarraitzea edo ez. Nahi dudan bakarra da Oriok ahalik eta egitasmo onena izatea 2023rako. Hori Salsamendirekin bada, Salsamendi indartsu eta gogotsu dago horrela izan dadin. Eta Salsamendi gabe bada, beste bazkide bat gehiago izango naiz, jaio nintzen egunetik naizen bezalaxe.

Ez jarraitzea ere gerta daiteke?

Aurreratu dezakedan bakarra hau da: Orioko entrenatzaile ez banaiz datorren urtean, ez naiz beste talde batekoa izango. Garbi daukadan bakarra horixe da. Orion segitzeko aukerak %50 dira orain, ez baitaukat garbi Orioren proiekturako onena den edo ez. Neure aldetik ahal dudan guztia egingo dut, ikusten badut bermatuta dagoela Oriok gorantz egingo duela. Indar eta gogo betean nago lan horri ekiteko.

Berriz Kontxako Banderari helduta, nolako Orio ikusiko da etzi?

Astearteko entrenamendua, asteko aurrenekoa, gogorra eta desatsegina izan zen. Ez jarrera txarra izan zelako, giro pisutsuagatik baizik. Oraindik igandeko emaitzaren zama psikologia zegoen.Pentsatzen duen arraunlaria arraunlari makala da, harri koskorra. Baita entrenatzailea ere. Igandean, saiatu behar dugu gure onena ematen, nahi ez genuen txanda batean, eta nahi ez genuen egoera batean. Ez naiz formula magikoen zalea, baina ez dut inolako konplexurik izango hobekuntza ekar dezaketen aldaketak egiteko.

Nola ikusten duzu etziko lehia bandera lortzeari dagokionez?

Kontxan, aurreneko igandean aurretik denak abantaila handia dauka, eta ia zortzi segundo ez da txikia. Are gehiago, ligako liderra denean. Urdaibaik huts larririk egiten ez badu, bideratuta dauka. Duda bakarra dut: Hondarribiari igandean atera zion aldea benetakoa den edo ez. Bere aldeko zalantza ematen diot Hondarribiari. Donostiarra gai ikusten dut txanda irabazteko, baina beste bi aurkariei zortzi segundo ateratzeko itsaso barean, nahiko lan. Horrelako itsasoarekin, zaila da Urdaibairi alde hori ateratzea.

Bestelakoan, arrapalako giroa, hesituta-eta, galtzeko arriskuan ikusten duzu?

Badut kezka hori. Onartzen dut kontraesanean bizi naizela horretan: talde bakoitzari pribatutasuna bermatzeko leku gorde eta aparteko bat ematea ondo iruditzen zait, baina, aldi berean, Kontxako Banderaren ezaugarririk handienetakoa da jendearekin egoten den harremana. Betiere segurtasuna bermatuz eta abar, zenbat eta aukera gehiago izan zaleekin harremana gertutik sentitzeko, hobe, polita baita. Eusko Label ligan, asko jaitsi da ikusle kopurua estropada lekuetan, baina telebistako datuak oso onak dira, inoiz baino gehiagok ikusten du. Kontxak du aukerarik onena dinamika hori hausteko, eta lehengoari eusteko.

Ez du ematen, bada, bide horretatik doanik.

Arrapala erdia itxita, eta gora pasatzeko zailtasunak jarrita, gutxitu egiten da ikusle kopurua. Eta hori kaltegarria da denontzat, arlo guztietan. Oraingo argazkia ez da politena, baina jende asko dagoen lekuan arriskuak ere izaten dira. Antolakuntzak zerbait ireki behar badu, zaleek ere eutsi egin beharko liokete errespetuari. Azken bi urteetan baino politago dago arrapala, baina pandemiaren aurretik baino askoz hotzago.

Beste egoera bat: tentsio handia ez al da nabari azkeneko pegatinaren polemikagatik?

Ez zait iruditzen. Kontxaren aurretik bazen, Galizian gertatu zenagatik. Kontxako antolakuntzak erabilera debekatu zuenean konturatu zen jende guztia zer zegoen. Harrezkero, ez dut tentsiorik nabaritu. Eta inor ez da galtzen atera erabakiarekin. Eztabaidatu daiteke zeinek duen arrazoi edo ez. Adierazpen eta iritzi guztiak uler ditzaket. Nik neuk neurea daukat, baina ez dut esango; besteak beste, beste lehiaketa bat dagoelako martxan. Horretan erabili dute pegatina, eta ikusiko da azkeneko bi estropadetan erabili ahalko diren. Eskaeraren bat ere iritsi da TKEra, egoera aztertzeko. Guk geuk onartutako epaileak lanean hasi eta horiena entzun arte, ez dago ezer esateko.

Urdaibaik eta Hondarribiak tranpa egin dizuete besteei?

Ez. Tranpa oso hitz potoloa da.Duda dagoenean, araudian begiratu behar da, eta, askotan, interpretazioak egoten dira. Bakoitzak berea izatea normala da. Nire ustez, ezin da erabili pegatina, baina ez naiz inor hori esateko. Kontua da erabili egin dela. Iritzirik ez dugu guk asmatu. Enpresa bera ari da informazioa ematen bere webean pegatinaren ezaugarriez. Nik ez dakit beste ezer.

Araudiak irakurrita, zer diozu?

Ezin dela inola ere erabili. Baina ez du esan nahi erabili duenak ezer txarrik egin duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.