Ezkerraren gotorleku sendoa

Latinoamerikako hazkunde ekonomiko handieneko herrialdea izan zen iaz Bolivia. Mende hasieran agintea lortu zuten ezkerreko mugimenduen artean, hangoak du egoerarik onena. Erronka nagusiak ditu egoera ekonomikoari eustea eta haren agintea zalantzan jarri duten mugimenduei erantzutea.

Evo Morales Boliviako presidentea, iragan abuztuan, azukre enpresa batera eginiko bisitan, La Paz hiriburuan. ABI / EFE.
Cecilia Valdez
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Bolivia, gaur egun, nabarmentzen ari da bai Latinoamerikan eta bai munduan, arrazoi ugari direla medio; motibo printzipala da hango ekonomia dela eskualdean azken bost urteetan gehien hazi dena, baita inklusibitate sozialik handienekoa ere. Gauza harrigarria da hori, ezbairik gabe, eta ez soilik inguruko herrialdeekin konparatuta —hurbilen dituen herrialde erraldoiak barne: Brasil eta Argentina—, baizik baita AEBen gisako beste herrialde batzuen hazkunde ekonomikoarekin alderatuta ere. Dena dela, nahiz eta herrialde horretako ekonomia ezbairik gabe handitzen ari den, askok kritikatu egin dute Evo Moralesek boterean betikotzeko duen beharra, eta beste askok aitortu dute ez dagoela itzal egingo dion lider politikorik.

Boliviaren historiako zenbait gertakari harrigarriak dira oso, haien sakonagatik, ekarri dituzten ondorioengatik eta pizten duten txundiduragatik. Morales hautatua izan baino lehen, Boliviak apenas zuen oihartzunik bere eskualdean eta munduan, baina herrialdean bertan, hala ere, izan zen zenbait gertakari izugarri garrantzitsu, artikulu honetan lekurik ez dutenak —luze joko luke eta—. Pare bat aipatzearren, nabarmenen artean dago, adibidez, 1953ko nekazaritza erreforma, baita 1952an Boliviako Langileen Zentrala sortu zenean piztutako iraultzaz geroztik sindikalismoak izan zuen protagonismo itzela ere —herrialdeko bizimodu politikoko eta sozialeko eragile gailenetako bat bihurtu ziren sindikatuak—.

2006a baino lehen, hots, Moralesek boterea hartu aurreko urteetan, Hugo Banzer diktadoreak eta beste bost presidentek gobernatu zuten Bolivia. Banzer 1997an hautatu zuten, hautetsontzietan, eta 2001era arte izan zen estatuburu. Gero, zenbait presidente izan ziren boterean, hurrenez hurren; besteak beste, Gonzalo Sanchez de Lozada, bere azentu anglosaxoi eta guzti —kontu azpimarragarria da hori, garai hartan AEBen eragina nabarmena baitzen herrialdeko zenbait ohituratan, herritarrek Zorionak zuri ingelesez kantatzeraino—. Alde horretatik, Moralesen garaipenak haustura bat ekarri zuen esparru ekonomikoan ez ezik kultur arloan ere. Biztanleen %62k beren burua indigenatzat duten herrialde batean, Morales izan zen lehen presidente indigena: ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Ekonomia

Eskualdeko ekonomia gehienek austeritate programak dituzte ezaugarri, baita murrizketak, pribatizazioak eta langabezia ere; halako politiken kontrakarrean, ordea, beste nazio gutxi batzuk, Bolivia barne, hazten ari dira ekonomikoki —herrialdeak berak nola atzerriak aitortu dute hori—, NDF Nazioarteko Diru Funtsari eta nazioarteko organismo handien premisei ihes eginda. Moralesen gobernuak hartu zituen lehen neurrietako bat, hidrokarburoak nazionalizatzea, gakoa izan da hazkunde horretan. Gobernuak ahalegina egin du garapena baliabide horretan bakarrik oinarritu ez zedin, baina oraindik ez du lortu dibertsifikatzea. Neurri haren ondorioz, enpresa batzuk estatuaren esku geratu ziren; beste batzuek, berriz, kontratua berriro negoziatu zuten gobernuarekin, eta zerga bat ordaintzea onartu zuten, produkzioaren balioaren gaineko %50-85ekoa. Orduan, estatua, zerga gehiago biltzeaz batera, inbertsio publiko handiak egiten hasi zen, eta barne eskarian oinarritutako garabide produktibo bat ezarri zuen. Bestalde, lehengaien boom-a ere izan da Boliviako hazkundearen eragileetako bat, eta horri ere zor zaio pobrezia heren bat apaldu izana.

Egoera zein den argi ikusteko, ordea, eta eskualdeko eragile politikoak gaur egun zertan diren jakiteko, aski da adibide bat jartzea: gaur egun, Argentinak 225 milioi dolarren bi kuota zor dizkio Boliviari gas hornidura dela eta. Argentinako funtzionarioek diotenez, Ogasun Ministerioak gastua mugatu behar izan du aurten NDFrekin adostutako helburu fiskalak betetzeko, eta horregatik ordainduko diote berandu Boliviari.

AEBen aurretik

2017an, Bolivia %4,3 hazi zen, eta, haren atzetik kokatu ziren Paraguai (%4,1), Peru (%4), Kolonbia (%2), Txile (%1,6) eta Uruguai (%1,5). Bolivia, beraz, dezente hazi da AEBekin konparatuta—%1,5 eskas— eta Latinoamerika osoarekin konparatuta —guztira, %0,9 murriztu da hango ekonomia—. Moralesen gobernuak, agintean egin dituen hamabi urteetan, urteko %5eko hazkundea lortu du batez beste.

Politika eta berrautatzea

Hazkunde ekonomikoaren indize ukaezinez harago, dena den, Moralesen gobernuak badu kezkagai bat berebizikoa: laugarren legealdia egin ahal izatea. 2016an, Morales 2019an presidentetzara berriz aurkeztu ahal izateko erreforma konstituzionalaren inguruko erreferendumean, MAS Sozialismorako Mugimenduak kale egin zuen, herritarren %51k bozkatu baitzuten kontra, baina porrot horri joan den abenduan eman zioten konponbidea, Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarri eta horrek ebatzi baitzuen San Joseko Itunaren (1978) kontrakoa zela agintaldiei mugak jartzea. Mekanismo horren bidez, gobernuko alderdiak oztopo bat gainditu zuen, baina ez zuen lortu sakoneko arazoa konpontzea, hau da, erdiko klase gero eta ugariagoa konbentzitzea nahitaezkoa dela Moralesek buru segitzea. Hain zuzen, biztanleen bi heren dira erdiko klasekoak, eta bitan banatuta daude: batetik, erdiko klase tradizionala, eta, bestetik, berria. Fernando Molinaren analisi baten arabera, prozesu horretan guztian erdiko klase tradizionalak galdu du pribilegio gehien, sektore indigenen mesedetan, eta, beraz, klase hori da ofizialismoari gehien kontra egiten diona.

Nolanahi ere, egoera ez dago soilik erdiko klasearen aldartearen mende; MASen barne egitura konplexuak eta mugimendu horrek bere erreferente nagusiarekiko duen mendekotasun kronikoak ere eragina dute, hein batean, gaur egungo egoeran. Azken problema hori, dena den, nahiko ohikoa da Latinoamerikako demokrazia progresistetan; bizpahiru adibide jartzearren, Hugo Chavezen Venezuelan, Nestor Kichnerren Argentinan eta Luiz Inacio da Silva Lula-ren Brasilen ere gobernuko mugimenduek nekez lortu izan dute aurrera egitea beren buruzagiak kanpoan geratu eta gero. Egia esan, badirudi Morales dela orain alternatiba bakarra, eta ez Boliviari erreparatuta bakarrik; aintzat harturik zer-nolako gainbehera ekonomiko latza sufritzen ari diren inguruko herrialdeetan —Argentinan eta Brasilen batez ere—, pentsatzekoa da antzeko ondorioak ekar litzakeela Morales gobernutik ateratzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.