30.000 lagunetik gora ebakuatu dituzte Greziako Rodas irlan, suteengatik

Duela sei egun piztu zen sua, eta gutxienez hiru foku kontroletik kanpo daude oraindik. Irlako hamabi udalerri osorik hustu behar izan dituzte

Suhiltzaile bat lanean Rodas irlako Kiotari herrian, atzo. DAMIANIDIS LEFTERIS / EFE.
itziar ugarte irizar
2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Astea hastearekin bat piztu zen sua Greziako Rodas uhartean, eta, egunek aurrera egin ahala, fokuak ugaritu, eta egoerak okerrera egin du. Denera, 30.000 lagunetik gora ebakuatu behar izan dituzte orain arte, eta, suteak direla medio, herrialdean inoiz martxan jarritako ebakuazio planik handiena bihurtu da, Kyriakos Miitsotakis Greziako lehen ministroak jakinarazi duenez.

Gainera, azken orduetan azkartu egin behar izan dituzte jendea suak harrapatutako eremuetatik ateratzeko lanak. Larunbat gauean, esate baterako, 2.000 turista atera zituzten bi hondartzatatik, hainbat itsasontzitan. Greziako Armadaren Indar Berezien txalupek eta 30 belaontzi pribatuk ere hartu zuten parte ebakuazioan.

Turistak zein irlako bizilagunak dira ebakuatu dituzten milaka pertsonak, eta horietako asko Rodas iparraldean geratu dira oraingoz; hango eskoletan, kirol instalazioetan zein etxe partikularretan prestatu dituzte haientzako lo lekuak.

Suak irlako hamabi udalerri osorik hustea eragin du gutxienez; horien artean daude, besteak beste, Lindos —bertan den Akropoliagatik da ezaguna—, Kalathos eta Pefka. Azken orduetan, Kiotari eta Gennari ere batu dira hustutako herrien zerrendara .

Eguraldi iragarpena, kontra

Gobernuko ordezkariek esan dutenez, talde handi bat ari da parte hartzen garrak mendean hartzeko lanetan —260 suhiltzaile baino gehiago, Infanteriako hamasei unitate, 49 ibilgailu eta zazpi hegazkin—, baina eguraldiak ez du laguntzen. Tenperatura oso beroak izan dituzte egunez egun, eta haizearen etengabeko aldaketak ere lanak oztopatzen ari dira.

Dagoeneko badira sei egun sua irlan hedatzenari dela, eta, gutxienez, hiru foku piztuta daude oraindik ere. Vasilis Vathrakogiannis Suhiltzaileen Departamentuko kideak adierazi duenez, «ikaragarri zailak» gertatzen ari dira lanak, eta datozen egunetarako iragarpena ere ez dute alde: 30 gradutik gorakotenperaturak espero dituzte.

Nagusiki, irlaren erdiguneko eta ekialdeko baso eremua kiskali dute suteek, eta itsasotik mendialdera doan hamar kilometroko hiruki batean jarrita daukate fokua orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.