Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Kantatzeko eta kontatzeko manerak

Gontzal Agote.
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'Quién te cantará'



Zuzendaria: Carlos Vermut. Aktoreak: Najwa Nimri, Eva Llorach, Natalia de Molina, Carme Elias. Herrialdea: Espainia - Frantzia. Iraupena: 124 minutu.

Bere nortasun zeinuei uko egin gabe, ematen du Carlos Vermut zuzendariak hirugarren filmarekin norabide berria hartu nahi izan duela. Aurreko pelikuletan erakutsi zuen giro ilun, oniriko eta lynchtarra alde batera utzita, bete-betean sartu da dramaren gordintasunaren eremuan.

Generoak dituen ezaugarri nagusiak —intentsitatea, interpretazio indartsuak, elkarrizketa lazgarriak...— bereganatu, eta artez maneiatzen dituela erakutsi du. Ezin esan heldutasunezko pelikula denik, lehenengo pelikulatik nahikoa heldutasun erakutsia baitzuen zinemagileak.

Kontzienteki edo inkontzienteki, urrats hori egitean Quién te cantará inguru arriskutsuan sartu du. Dagoeneko norbaitek okupatzen zuen eremuan, ia monopolizatzeraino. Izan ere, filmak jasan beharko duen zamarik handiena Pedro Almodovarrek azken urteotan egindako dramekin ia ezinbesteko konparazioa izanen da. Ukaezina da hainbat osagaik —emakumezkoen presentzia erabatekoa, musikaren erabilera, lokalizazioak...— zuzendari ezagunaren unibertsokoak diruditela. Alderaketak alderaketa, beretik eman, eta onik atera da Vermut erronkatik.

Identitatea, familia gatazkak eta artearen jabetza dira, besteak beste, drama kontziente honek barnean daramatzan gaietariko batzuk. Quién te cantará patxadaz dastatu beharreko gutizia da, tentuz, han eta hemen ale pozoitsuak baititu istorioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.