Literatura. 'Erbesteko gutunak Victor Hugori'

Iraultzailearen sukarrak

Idazlea: Louise Michel. Itzultzailea: Amaia Lasa. Argitaletxea: Katakrak.

Irati Majuelo.
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Askorako emango lukete Louise Michelen idatziek, bihotzetik erauzitako sentimen eta borroka beti suhartasunez idatziek. Alabaina, Katakrakek argitara ekarritako gutunen edizioaren zenbait gako aipatzeko tartea baino ez du ematen kritika honen neurriak, eta horietara mugatu beharko.

Hala bada, liburuaren egituraketari erreparatu nahiko nioke lehenbizi. Etxearen marka propio bilakatu diren Argitaletxearen oharra eta itzultzailearen Hitzaurreaz gain, honako honetan, Michelen gutunen aztertzaile Xaviere Gauthierrek ondutako Sarrera eta Biografia ere aurki ditzakegu edukian bete-betean sartu aurretik. Nora Arbelbideren Hitzatzea ondotik. Gutunok testuinguruan kokatzeaz gain, iraganaren eta orainaren arteko zubiak eraikitzeko ahalegin bizia egiten da argitaletxetik, eta eskertzen da, bestelako zentzu bat hartzen baitu horrela liburuaren osotasunak. Hala ere, testurako aurre-ibilbidea luzea egin daiteke, bereziki, Michelen biografiari buruzko datuak eta gertaerak behin baino gehiagotan errepikatzen baitira. Arbelbideren azken hitzak interesgarriak dira oso, Parisko Komunaren garaietan Euskal Herria zertan zen argitzen baitute, eta kolonizazio prozesu frantsesaren aztarnak eta oihartzunak oraindik ere gurean bizirik daudela salatzen baitute.

Liburuaren muina, Michelek Hugori igorritako gutunak, lau garaitan banatzen da: batetik, gaztaroan Haute-Marneko gaztelutik idatzitakoak; bigarrenik, Parisera joan eta Komuna abiarazi aurretik bidalitakoak; gero, atxilotu osteko kartzelaldikoak; eta azkenik, Kaledonia Berrian erbesteraturik egon zenekoak. Ordea, estiloari eta edukiari behatuz gero, banaketa ukaezina nabarmentzen da, iraultzailea ere bitan zatitu zuena: borrokara lotu aurreko Louise eta ondorengo Louise.

Lehenengo garaiko gutunetan gazte fededun eta inuzentea ageri da, Victor Hugorekin obsesionatua eta borborka zituen sentimenduak arrapaladan idazten zituena. Atal horretan poemek hartzen dute espazio ia osoa, zeinak jainkoari eta aingeruei buruzko aipamenez beteak dauden, poeta frantsesari egindako goraipamenetan ardazten diren, eta nahiko nahasiak gerta daitezkeen. Horrez gain, haurtzaroko ezinegonak eta familia-gatazkak adierazten ditu batik bat. Askoz interesgarriagoak egiten dira ondorengo atalak.

Behin Parisera lekualdatuta, Jainkoa alde batera utzi, eta Iraultzan jarriko du Michelek fede osoa. Hala ere, Victor Hugorekiko estimua beti gailentzen da beste ezeren gainetik: «Ez Jainkoan, ez deabruan sinesten ez dudanez, zugan sinesten dut». Familia atzean utzita eta Parisko herriaren miseriaz jabetuta, bete-betean sartuko da Komunaren alde lan egiten. Iraultzailearen idazkera askoz garbiagoa eta arinagoa bilakatzen da hemendik aurrera, bizitzako helburuak eta idealak argitzeaz batera. Gutunak laburragoak dira, arinagoak, baina betiere pasioa oinarri izanik. Hala dira, halaber, kartzelatik eta erbestealditik igorritakoak.

Itzulpena oro har egokia den arren, zenbait akats igar daitezke, testu originala ezagutu gabe ere erraz atzematen direnak. Hala ere, liburuari maitasuna dario, bai Michelekiko, bai haren gisara, borrokatzen ziren ausartekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.