Isabel Sevilla. Erbesteratuen alaba

«SESBetik itzultzea gogorra izan zen: gorriak ginen, adar-buztan eta guzti»

Espainiako gerra hasi zenean, Santurtziko portutik Sobietar Batasunera alde egin zuten Sevillaren gurasoek, artean haurrak zirela, eta 20 urteren ondoren itzuli ziren, familiarekin. Euskal Herriratu osteko urteen oroitzapen mingotsa du Sevillak.

amaia igartua aristondo
Sestao
2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako gerra hasi zenean, ehunka ume irten ziren Santurtziko (Bizkaia) portutik erbestera; horietako asko, Sobietar Batasunera. Isabel Sevillaren (Mosku, 1952) gurasoak ume horietako bi izan ziren. 1956an, familiarekin batera itzuli ziren Sestaora (Bizkaia), eta gizartearen zati handi baten «arbuioa» topatu zuten, baita autoritateen kontrola ere.

Nolakoa zen zure familiaren egoera 36ko gerran?

Oso garai gogorra izan zen. Gutxi hitz egiten da gerra horren inguruan. Gatazka zibilak beti dira oso gogorrak, eta are gehiago egoera horretan. Iparraldean industria asko zegoen, baina baldintza oso konplikatuetan; soldatak miseria hutsa ziren. Izan ere, nire aitona-amonak migranteak ziren. Nire aitaren parteko aitona-amonakfabriketan lan egitera etorri ziren, Labe Garaietara. Nire amaren parteko aitona meatzeetan behar egiteko etorri zen; harria hausteko dinamita ipintzen zuen Sestaoko Ellakuria harrobian. Lana bazegoen, baina baliabide oso urriak zeuden.

Zure gurasoek zer oroitzapen zituzten garai hartaz?

Gogoratzen zuten ama eta aita ezinegon handiz bizi zirela. Amari entzuna diot arrautza frijitu bat ipintzen zela mahaian aitak jan zezan, eta, gutxi geratzen zenean, seme-alabekin partekatzen zuela, ez zegoelako askoz gehiago. Gerrak eztanda egin zuenean, bi aitonak milizianoen bandora batu ziren; Alderdi Komunistakoak ziren. Eta ikusi zutenean egoera oso txarto zegoela, erabaki zuten euren seme-alabak kanpora bidaltzea: ama Sobietar Batasunera joan zen, anaia batekin, eta haren ahizpa bat Ingalaterrara joan zen; aita neba batekin joan zen Sobietar Batasunera. Santurtziko portutik hainbat lekutara irten ziren: Frantzia, Belgika, Ingalaterra... Asturiasko [Espainia] eta Euskadiko herritarrak batuta, 3.000 bat ume irten ziren Sobietar Batasunera bidean.

Zenbat urterekin egin zuten ihes?

Aita kasik 13 urterekin joan zen; haren nebak 9 zituen. Eta ama, 11rekin, 9 urteko anaiarekin. 5 urtetik 15 artekoak joan ziren.

Nola joan zen bidaia?

Gogorra izan zen, luzea zelako. Nire ama bainuontzi batean ere zorabiatzen zen; oso txarto pasatu zuen. Merkantzia ontzi batean joan ziren, eta aitarentzat eta izeba-osabentzat txango bat egitea bezala izan zen. Pozik heldu ziren. Eta gutxien espero zitekeena zen egin zieten harrera: izar handien pare hartu zituzten erbesteratutakoak, loreekin eta elikagaiekin, hango parte senti zitezen. Beti hitz egiten zuten bizipen horiez; inoiz ez zen errepikakorra suertatzen, beti zegoen zer kontatu, 20 urte egin baitzituzten han.

Nola bizi izan ziren?

Nire aita hain zegoen eskertuta Sobietar Batasunari, ezen beti baitzituen hitz ederrak; nire ama zuhurragoa zen. Baina oso pozik zegoen han: hemen lan egin behar zuen, sei anai-arreba ziren, eta aukera gutxi zituen eskolara joateko. Orain haren gutun bat berreskuratu dugu, gurasoei idatzi zien bakarra: gaixoak oso gaizki idazten zuen 11 urterekin.

Heldu zirenean, umeen etxeak sortu ziren. Zer ziren?

Barnetegien antzekoak. Hemendik hezitzaileak eta erizainen bat eraman zituzten. Baina langile ia guztiak sobietarrak ziren, nahiz eta gaztelaniaz hitz egin. 18 urterekin, etxea utzi behar izan zuten irakaskuntza eskolara edo unibertsitatera sartzeko, Bigarren Mundu Gerra betean. Unibertsitate batzuk baino ez zeuden zabalik.

Gurasorik gabe joan ziren. Umeen etxeak haiei harrera egiteko modua izan ziren? Ez zegoelako abegi familiarik, ezta?

Ez, Sobietar Batasunak ez zuen hartu familiarik, frantsesek eta ingelesek ez bezala. Kuriosoa da handik hiru edo lau urtera lagun horiek jaioterrira itzuli zituztela Frantziak, Ingalaterrak eta Belgikak. Aldiz, Sobietar Batasunak hartu egin zituen. Gurasoak ezin izan ziren joan; garai hartan ume asko zeuden. Amaren eta aitaren hiruna anai-arreba geratu ziren hemen. Nahikoa egin zuen sobietar gobernuak, munduko herri bakarra izan baitzen hainbeste ume jasotzen gerra garaian; haien familiak ere hartzea oso konplikatua izango zen.

1956an itzuli zineten. Zergatik?

Sobietar Batasunera alde egin zutenean, uste zuten hiru, lau edo bost urtera itzuliko zirela, baina Gerra Handiak harrapatu zituen. Oso gogorra izan zen, ez soilik gatazkagatik beragatik, baita klimagatik ere. Klima oso gogorra egin zitzaien, hiru-lau urte zeramatzaten arren. Errege-erreginak lez bizi ziren hemen bizitako egoerarekin alderatuta, baina gerra heldu zen. Baliabideak partekatu behar izan zituzten, batez ere armadarekin. Itzultzearekin ados egon ziren, eta eztabaidatu ere ez zen egin, egoera oso konplikatua baitzen. Migrante guztiek bezala, etxera itzuli nahi zuten. Zazpi espediziotan bueltatu ginen; joan zirenetatik, mila baino gehiago itzuli ziren.

Hasierako urte horien zer oroitzapen dituzu?

Oso gogorrak izan ziren. 1956an, egoera oso konplikatua zen hemen. Familiak komunistak ziren oraindik. Batzuek ezkutatu zezaketen, ez zeudelako identifikatuta; baina guk ezin genuen, benetan komunistak izan edo ez izan: gorriak ginen, adar-buztan eta guzti. 70 urterekin, errusiarra naiz oraindik. Jende batek oso ondo tratatu gintuen, baina beste batek ez. Gure gurasoentzat oso zaila izan zen lana topatzea. Bestalde, gizonak egiten zuen behar, ez emakumeak; Sobietar Batasunean, biek ala biek egiten zuten lan.

Eta hizkuntzari dagokionez?

Ni gaztelaniaz eta errusieraz mintzo nintzen, baina abenduan etorri, eta martxorako jada ez nuen errusiarrez hitz egiten. Dagoeneko ez dakit ezer, uko egin niolako; ezkutatzea bezala zen, mundu guztiak ez nintzan begiratu eta seinalatu. Eta eskolan, oso zaila izan zen egoera.

Zergatik?

Garai hartakoak maisu-maistrak ez beste edozer gauza ziren. Haien metodoa zen ez irakastea ezer; irakastea erabat analfabetoa izaten. Eskolatik irten nintzenean, nahiz eta nire guraso biek karrera izan, kostata irakurtzen eta idazten nuen. Eta okerrena zen ez nuela ulertzeko ahalmenik. 6 urterekin sartu nintzen, eta 12rekin atera, erabat analfabeto. Nire gurasoek hiru hizkuntza zekizkiten; maila intelektual handia zegoen nire etxean. OJEaren koaderno ezagunak genituen [Espainiako Gazte Erakundearen siglak dira, gaztelaniaz]: Falangearen historia eta kristau ikasbidea jasotzen zuten; ez zen beste libururik erabiltzen orduan.

Sobietar Batasunean eskolara joan zinen edo jaso zenuen hezkuntzarik?

6 urte bete arte, umeak ez ziren eskolara joaten. Baina egia da ia-ia jaiotzatik 6 urte bete arte haurtzaindegietan egoten ginela egun osoan, asteburuetan izan ezik, gurasoek erreleboz egiten zutelako lan eta ezin gintuztelako zaindu. Umeak derrigortuta zeuden, errusiera jakiteaz gain, beste hizkuntza bat ere hitz egitera. Nik gaztelania ere banuen. Urtebeterekin sartu nintzen haurtzaindegira, disenteriarekin jaio nintzelako; gurasoekin bizi nintzen, eta biek gaztelaniaz egiten zidaten.

Hemen kontrolatu egiten zintuzteten, ezta? Urteekin baretuz joan zen egoera hori?

Ikusten dutenean nola jokatzen duzun eta aztertuta zauzkatenean, ez dituzu igartzen; eta igartzen badituzu, jada ez diezu kasu handirik egiten. Baina uste dut zortzi edo bederatzi urte pasatu ziren arte oso kontrolatuta eduki gintuztela. Gogoan dut hona etorri eta hiru urtera CIAk elkarrizketatu egin gintuela hilabetez, jakiteko zer egin zuten Sobietar Batasunean, zer ikasi zuten, zertan egiten zuten lan...

Umeak ere bai?

Ez, ez genuelako ezertan parte hartu; umerik nagusienak 9 urte izango zituen. 60 urte baino gehiago igaro dira, eta oraindik ezin izan ditugu elkarrizketa horiek eskuratu.

Zuen helburua da?

Jada berdin dit. Gurasoak elkarrizketetatik etortzen zirenean, gertatutakoa komentatzen zuten eta barre egiten zuten: nola okurritzen zitzaien eurei segun zer gauza galdetzea, jakinda ez zietela erantzungo, eta, erantzutekotan, gezurra esango zietela? Baina esaten zuten eurek uste baino gehiago zekitela CIAkoek.

Eskolatik eta autoritateetatik harago, gertuko jendeak ere arbuiatu zintuzten?

Asko. Betiko kontua da: hasieran, ez ginen inorekin komunikatzen, edo haiek ez ziren gurekin komunikatzen; baina gero, jokabide onagatik, eta solidarioak eta edukazio onekoak izateagatik, auzokoek onartu egin gintuzten. Hala ere, beti zegoen fatxaren bat, kutsatu nahi ez zena. Zortzi-bederatzi urteko bizikidetzaren ostean, beste harreman bat izan genuen, orokorrean.

Zuen historia ahaztuta egon dela uste duzu?

Bai; nik uste dut orain ere ahaztuta dagoela. Errusiako Umeen Erakundea sortu zenean, 2019an, Asturiasen, jakin genuen erbesteratutako ume ia denak hilda zeudela. Are, egitasmoa ezagutu nuenean, nire amak hamahiru urte zeramatzan hilda, eta nire aitak hiru. Lan egiten dugu memoria historiko bat egiteko. Frantzian, Belgikan eta Ingalaterran egondakoez askotan hitz egin da, baina gutaz oso gutxi. Sobietar Batasuna, eta baita Mexiko ere, oso eskuzabalak izan ziren.

Nola ari zarete memoria berreskuratzen?

Garai hartako argazkiak eskatu ziren. Nire aitak argazkilaritza maite zuenez, irudi asko zituen. Denak ditut etxean: Sobietar Batasunera heldu zirenekoak, umeen etxeetan sakabanatu zituztenekoak, gerran ebakuatu zituztenekoak, heldu garaikoak, unibertsitatekoak, familia guztiaren argazkiak, itsasontzian itzuli ginenekoak... Asko eta asko. Baina jende batek bota egin ditu. Oroigarri bat egin nahi da, nonbait geratuko den memoria bat, badaudelako bizipen batzuk oilo ipurdia jartzen dutenak.

Eta irudi horiekin erakusketak egiten dituzue.

Ez dakit norenagana iritsiko diren, baina jada zazpi erakusketa egin ditut; hurrengoa eta azkena Sestaon izango da, irailaren 5etik 25era bitarte. Sobietar Batasunetik etorri ziren umeek ekarpen handia egin dute, oso ikasketa onekin etorri zirelako. Hemengo lehen pediatrak sobietarrak dira, eta emakumeak; Sestaon lau izan genituen. Ginekologoak ere bazeuden, eta beste espezialitate batzuetakoak. Eragina ezin da ezta imajinatu ere egin; zeren eta, garai hartan, hemen gizonezko medikuak baino ez zeuden. Baina emakume horiez ez da inor akordatzen.

Zergatik, zure ustez?

Komunistak omen ginelako, hain zuzen.

Behialako irudi bera duzue orain, beraz.

Lana oso ondo egiteak eta ekarpenek ez dute axola. Existitu ez balira bezala da. Baina arrastoa utzi dute.

Orain memoria hori berreskuratzen hasi al da?

Ez. Gerrako ume horiek omendu egin nahi dituzte Asturiasen, gazteenak 90 urte baititu; domina errusiar bat eman nahi diete. Hemen ere egin nahi izan genuen. Gogora erakundeari lokal irisgarri bat eskatu genion, hainbat gurpil aulkian etorriko zirelako. Ba, azken momentura arte engainatuta eduki gintuzten, eta azkenean ez ziguten lokalik utzi. Sestaoko Musika Eskolan egin genuen. Berrehun bat lagunentzako edukiera du, eta bete egin genuen. Familia batzuetatik lau belaunalditako kideak etorri ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.