Sabin Bikandi. Dokumentalaren ekoizlea

«Jendeak dantzan ez dakienez, gauza teknikoekin geratu gara»

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Aiko taldeak ekoitzi du Jotamentala dokumentala, eta bertan lanean aritu da buru-belarri Sabin Bikandi dantzari eta taldekidea.

Zer du Jotak dokumental oso bat eskaintzeko?

Dantza totala da. Jota dantzatzen duzunean, bakarrik zaude zeure gorputzarekin, eta zeure espazioa daukazu mugitzeko eta dantzan egiteko; baina, era berean, lagunarekin zaude, eta horrek konplizitatea eskatzen du. Badago espazio konpartitu bat bikotean dantzatzen denean, eta koplatan lotuta ere dantza egiten da. Erritmikoki, oso aberatsa da. Ia edozer gauza sar daiteke jotan.

Eta dantza ere hor dago.

Dantzan egitea, batez ere, musika gorputzarekin markatzea da. Musika entzuteko modu oso organiko bat da dantza. Azken urteetan hori gogora ekarri behar da, atletarik onena izanda ere, jauzirik handiena eginda ere, eta airean halako artazi eta gorbata bat eginda ere, hori musikarekin batera ez badoa, hori ez da dantza. Eta hori gure zaharrek oso argi zeukaten. Ezagupena eten egin denez, eta jendeak ez dakienez dantzan, gauza teknikoekin geratzen gara. Jakintza maila oso urria denez, sarritan gelditu gara arropatan eta mugimendu ikusgarrietan, eta sarritan musikarekin bat ere ez goaz! Hori, formalki, eta galdu den beste gauza bat funtzioa da: zertarako dantza egin.

Teknika asko, baina grazia falta igartzen duela dio Jon Pertika adituak dokumentalean.

Nire aita eta ama ikusten zenituen pasodoble bat dantzatzen, gauza erraz bat, baina zelan! Kontagailu bat edukiko bagenu, zenbatzeko zenbat pasodoble ordu egin zituzten jakiteko... Astero-astero, erromerietan, etxean... Horrek ematen du grazia.

Zer material bildu duzue dokumentalerako?

Ezin da esan horrela bitxi historiko handirik daukagunik, edo guk behintzat ez dugu aurkitu. Irudiak sortzen lan handia egin dugu, halere. Adibidez, antzinako musika. Erdi Arotik datozen dantza batzuekin lotuta dago jota, Antzinako jotak irudikatu ditugu, txapelketetako lehiak, dantza taldeetan zelan dantzatu den... Badago beste bideo bat sei dantzarirekin eta ikusten da bakoitzak zelan egiten duen dantzan. Ahalegin handia egin dugu elkarrizketatu ahalik eta esanguratsuenak biltzen. Euskal Herria txikia da, baina gure herrian daudenak hartu ditugu: Juan Antonio Urbeltz, Jose Ignacio Ansorena, Xabier Etxabe, Oier Araolaza... Ahalik eta argazki osoena eman guran batu ditugu denak.

Ez da egiten duzuen lehen dokumentala. Zein da helburua?

Dokumentala jotaren inguruan sortu nahi dugun web orrirako pentsatu genuen. Aurkezpen moduan sortu zen bideoa, baina autonomo bihurtu da. Jotaren inguruan dakizkigun lau gauzatxo zabaltzea da asmoa, eta webaren aurkezpena egitea. Orain arte egin ditugun beste ikus-entzunezkoak ez nituzke dokumental deituko. Difusiorako lanak dira horiek, egiten ditugun gauzak jendeari helarazteko.

Eta zer da webaren kontu hori?

Jotaren inguruko biltegi antzeko bat izango da, baliabideak gordetzeko eta zabaltzeko. Gure ikasle eta zaleek sarritan esaten digute zergatik ez ditugun nonbait jartzen pausoak, ariketak, musikak eta halakoak. Bada, web hau jotaren inguruko biltegi bat izango da.

Ezberdin dantzatzen da Jota leku bakoitzean.

Antropologia ikasia naiz ni urte luzez, eta irakasle batek esaldi bat aipatzen zuen beti. Gazta esnearekin egiten da leku guztietan, baina gero ezberdina da Idiazabalgo gazta edo Erronkarikoa. Jatorri izenak daude egun, baina lehen leku bakoitzeko artzainak bere modura egiten zuen, eta hori da apur bat galdu dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.