'Ia hemen'

Begirada ironikoa eraikitakoari

Idazlea: Juanjo Olasagarre. Argitaletxea: Pamiela.

2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
UUda hasieran argitaratu zuen Pamielak Juanjo Olasagarreren (Arbizu, 1963) Ia hemen poema liburua. Xabier Lete poesia sariaren IV. aldiaren irabazlea da lana, udararen linbo editorialean geratu dena, garai pausatua baita udaldia, liburugintzari dagokionez, behintzat. Eako poesia egunetatik ekarri nuen etxera bueltan liburua, boz gora irakurritakoen kadentzia ahoskatua gogoan.

Puskak biziz (Susa, 2000) da Olasagarrek orain arte argitaratutako azken poema liburua, Bizi puskak (Susa, 1996) poemetan emandako nobela edo antzezlanaren jarraipena, diptiko polifonikoaren bigarren zatia. Koldo Izagirrek bi aldi banatu zituen Olasagarreren poesian 2002an arbizuar poetari eskainitako XX. Mendeko poesia kaieraren sarreran. Gaupasak (Susa, 1991) liburua paratu zuen alde batean; Puskak biziz eta Bizi puskak bestean. Igaro diren ia bi hamarkada hauetan zehar nobelak argitaratu ditu Olasagarrek; azkena, Poz aldrebesa (Susa), iaz.

Eten bat haustera dator, nolabait, poemario hau. Azken bi poema liburuetatik gordetzen du estilo narratiboa; lehenengotik poetaren ni-a eta ahotsa. Lehen liburu hartan baino puskaz helduago nabari da poeta, jakina. Zehaztasun lexikoari ere eusten dio, poema zuzenak eta pausatuak sortuz. Ez zaio falta ironiarik, epaimahaiaren aktak azpimarratu bezala, baina ezta parodiarik ere, eguneroko bizitzari begiratzeko. Gogoeta artifizioak eta maitasunari, bizitzari, erotismoari, sexuari eta heriotzari eskainitako testuak aurkituko ditu irakurleak poema hauetan, funts literario eta filosofiko sakonaren azalean nabari direnak.

Alberto Caeiro maisuaren bertso-lerro batzuk ditu epigrafe Arkeologialanak poemak, non anti-metafisikariak gauza guztietan zentzu falta ikustea duen aldarri, gauza orotan zentzu ezkutua ikusi behar mistikoaren aldean; gauza bat izatea ezer esan nahi ez izatea baita, interpretatua izateari ihes egitea. Esperantza hauskorra da Caeiroren aldarria bere burua aztarnategi dakien Juanjo Olasagarre Mendinuetarentzat. Hor bizi da poeta, «ia ataraxian, gezurrezkoan bada ere,/ ia hemen, ia».

Bildumaren gaietako bat eraikitakoari buruz hausnartzea dela esango nuke, zentzua bilatzen hasi beharko banu, eraikitzea eta deseraikitzea: aztarnategi bat dira poemok ere, non behinola eraikita zegoenaren berrikuspena egiten duen poetak, eta baita gaur egun dirauenaren erradiografia ere. Etxeak nazioak bezala fundatzeaz ari denean, adibidez; Dibortzioari gorazarre egitean; edota Edozein egunetarako aholkuak poeman «porlanari bere lana egiten» utzi aurretik egin beharrekoak zerrendatzean.

Liburuak ez du egitura espliziturik edo atalik; bata bestearen ostean datoz trostan poemak, irakurlea aztarnategiaren leku batetik bestera eramanez, metaforak nahasiz esanda. Batetik besterako horretan, baina, elkarlotzen dira poemak, izan jorratzen duten gaiaren arabera multzokatuta daudelako, edo haien arteko lotura egiten duelako poetak berak izenburuen laguntzaz. Nolabaiteko ibilbide baten gisa irakur daiteke Ia hemen, ibilbide lineala beharrean panoramikoa dena, askotariko irudien bidez ataraxia gezurrezkoa edo ezinezkoa ilustratuz, poesia bera ere ezinezkotasun horren lekuko eginez, lekuko eta erakusle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.