'Urrats urratuak. Xabier Lete gogoan'

Leterenganako urratsak

Egilea: Askoren artean. Argitaletxea: Balea Zuria.

Irati Majuelo.
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Iazko abenduan egin zituen hamar urte Xabier Leteren heriotzak eta ezin esan oharkabean pasa denik euskal letretan, lan bat baino gehiago argitaratu baitira efemeridearen karira, nahiz eta ezagun dugun arrazoi batek guztia difuminatzeko joera izan duen. Balea Zuriak omenaldi bat eskaini dio liburu formatuan, bizitakoaren, sortutakoaren eta hausnartutakoaren berreskuratze bat.

Urrats urratuak hori baita azkenean; mahaiaren bueltan bilduta irudika daitezke Leteren lagun, irakurle eta ikertzaileak, elkarrizketa pausatuan, bakoitzarengan utzi duen lorratza, inspiratu dion begirada, jakin-mina piztu dion txinparta partekatzen. Hamar saiakera biltzen ditu liburuak, guztiak independente eta beregainak, baina, intentzio kontzienterik gabe ere, elkarren artean abiapuntu eta bidegurutze direnak. Izan ere, testu bakoitzaren egileek ibilbide, helburu eta aztergai desberdinak dituzten arren, antzeko ondorio eta heldulekuetara iristen dira sarri, Leteren obrak zein bizitzak erakutsitako oinarri sendo eta sakonen adierazgarri. Hala bada, anekdotak, gogoeta poetikoak zein artikulu akademikoagoak aurkituko ditu irakurleak, azken urteotan poeta kantariaren lanei arreta jarri dieten idazle eta adituen eskutik. Zentzu horretan, orain arte Leteren inguruan idatzitakoaren laburpen-bilduma xumetzat har daiteke Balea Zuriak aurkezturiko argitalpena.

Oiartzungo kulturgilearengana hurbiltzeko modu ugari egon litezke, halakoa izan baitzen bere bizitza ere, poesiari zein kantagintzari, kezka intelektualei zein espiritualei, kritika sozialari zein gaixoaldiari emana. Saiakerok ere, Leterengana bide anitzetatik gerturatzen dira, eta haren bilakaera filosofiko eta humanoa, oinordetza literarioak, ikuspegi etikoa, zaurgarritasunarekiko zuen begirada, edota bere kantagintzan errepikatzen diren zenbait kontzepturen azterketa lantzen dute, besteak beste. Irakurleari, beraz, mapa poliedriko bat eskaintzen zaio, Leterengana urratsak emateko xenda urratuak, batzuk besteak baino interesgarriagoak gerta daitezkeenak, bilatzen denaren arabera. Hala ere, liburua ixten duten elkarrizketak zein Mujikak bildutako testu txatalek indar berezia hartzen dute, lehen pertsonatik egiten baitio, finean, omenaldia bere buruari Letek.

Interesgarria da nola josi ziren zentzu poetikoa, politikoa eta intimoa oiartzuarraren bizitzan. Are, bilduma hau zeharkatzen duen haria litzateke hiruen artean sortzen den txirikorda. «Existentziaren aurrean bi jarrera erakutsi zituen nabarmenki Letek: jazarpen bulartsua eta abaildura. Abaildurak gain hartu ziola pentsa liteke [...], baina eraldatu ere egin zitzaion: damua, fedea eta maitasun sakona ageri ziren haren jarreran eta hitzetan» dio liburuaren aurkezpenak kontraportadan, eta sakontasun hori bilatzea da, ziur aski, lan honen indargunea. Gainbehera dei baikenezake, baina baita urruntzea, bakartzea, sentiberatasuna edo argitasuna ere. Norberak bila ditzala Leterenganako bereurratsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.