Literatura. 'Etxeko urak'

Urak, hitzak, zuhaitzak, ispiluak

Idazlea: Leire Bilbao. Argitaletxea: Susa.

Irati Majuelo.
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Amatasunari buruzko poema liburua da Etxeko urak. Baina azalekoa litzateke irakurketa horretan geratzea, izan ere, amatasunak ertz ugari dituen heinean, sakona da Leire Bilbaok proposatzen duen ozeanoa: norbere izatean sortzen diren ardatz eta muga berriak, besteengan aurkitzen diren juzkuak eta ereduak, heldutze etengabea, hizkuntzari eta idazketari buruzko gogoetak. Izan ere, ama izateaz gain, alaba izateaz eta amama-ama-alaba harremanez ere ari da poeta.

Liburu honetan Bilbaok ohikoa duen iruditeria eta sinbologia aurki daiteke. Izenburutik hasi eta azken poemaraino urak gidatuko du irakurlea, eta harekin batera dakartza ibaiak, harrokak, arrainak, kresala, eta idazlearen ezinbesteko inguru den itsasoa. Uholdeak eta lehorteak, arrain jaio berriak eta platerean zerbitzatutakoak; egunerokoa ez baita itsasaldi bare izaten. Alabaina, honako honetan bestelako paisaiak ere gailentzen dira gorputz erditu, berritu, islatuetan: basoak, zuhaitzak, adarrak, txoriak, habiak. Etxeko zementu artean itxita dauden edo euren burua babesten duten piztiak, bizitzaren basatasunari nola egunerokotasunari zilbor hestez lotuak.

Poesia intimista da oso, etxeko sukaldetik, norbere azaletik seme-alabei, bere buruari eta amari begira ari dena. Hala ere, emakumearen gorputzetik hitz egiten duenetan, ni-tik kolektibora joan-etorriak egiten dituen ahots bat igar daiteke, bada aldarrikapena eta bada gainetik berezkoa ez duen azal bat erauzi nahia. Detaileak ez dira inoiz menturaz agertzen Bilbaoren poesian, eta liburu hau detaile txikiz beteta dago.

Amatasuna gai zabala izanagatik, poema liburu honetan monotematikoegia gerta liteke zenbaitetan. Askotan irudi du bere unibertsoan ama izatea baino ez dela existitzen, mundutik at balego bezala: kanpoko mundua ama izatera bideratzen duten usteetan baino ez da ageri. Amatasun ekidinezinaren kutsu esentzialistan, ama-semearen lotura banaezinean, ama bizi-emalearen irudian ardaztuta, epel uzten dute irakurlea zenbait poemek, ikasiegi dugun diskurtso baten murgilduta. Hori dela eta, indar gehiago dute idazleak bere burua kuestionatzen idatzitakoek, gorpuztutako kontraesanak edo amatasunaren gordina erakusten dutenek. Amatasun propio bat ezin eraikiaren minean galtzen da maiz, baina hori du liburuak ahotsik fuerteena. Izan ere, mendez mende errepikatzen diren keinu, erabaki eta arduren kate baten parte sentitzen da, eta horrek bere amarekiko duen harremana birplanteatzera darama: «EZ NAIZ NIRE AMA BEZALAKOA IZANGO. / Baina ama izatea beste amak imitatzea da».

Ama izatea, nor izatea bezala, prozesu gorabeheratsua izanik, bide horren maldak eta zelaiak islatzea da Bilbaoren ekarpena: ni-ak ez du beti amatasunarekiko iritzi bera mantentzen, eta horrek ematen dio bildumari dinamikotasun puntu bat. Horrek eta jadanik azaletik muineraino barneraturik duen sinbologia oparoak, irudi ederrak egiteko gaitasuna eta hizkuntza propioa eskaintzen diona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.