Albistea entzun

Hizkuntz politika

Hizkuntzen bataila segitzeko prest

Hizkuntzen arloan aitzinamenduak lortu nahi dituzte eragileek Frantziako Asanblearen ondorengo legealdian. Lege berri bat eta konstituzio aldaketa dituzte jomugan

Milaka herritarrek manifestazioa egin zuten iazko maiatzean Baionan.
Milaka herritarrek manifestazioa egin zuten iazko maiatzean Baionan. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko ekainak 4

«Diputatu hautatua bazara, hizkuntza gutxituen aldeko konstituzio aldaketa bat proposatzeko lan eginen duzu?». Pour que vivent nos langues kolektiboak (Gure hizkuntzak bizi daitezen) galdetegi bat bidali die Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezten diren hautagaiei. Hizkuntza gutxituei eman beharreko estatusa, irakaskuntza arloan izan behar duen lekua, Europako ituna berrestea... Hautagai bakoitzaren posizioak ezagutzeko bezainbeste, hizkuntzen gaia hauteskunde kanpainara ekartzeko manera da. Bi erronka nagusi aipatu dituzte Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan hizkuntza gutxituen alde ari direnek: Molac lege berri bat pasaraztea eta konstituzio aldaketa bat bideratzea. «Ez dugu geure burua engainatu behar: badakigu zer den Frantzia», adierazi du Renan Kerbiquet bretoieraz irakasten duten irakasleak biltzen dituen Kelennomp elkarteko kideak.

 

Ez baita alferrik pasatu urtebete. Garai hauetan mobilizazio handiak antolatu ziren Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legea zentsuratu izana salatzeko. Gobernuarekin batailan pasatu dituzte azken hilabeteak. Egoera eta lehentasun desberdinak dituzte lurralde batetik bestera.

OKZITANIA

Irakaskuntzaren egoera ere«oso txarra» dela deritzo Jean-Louis Blenet Calandretetako —ikastolen parekoa Okzitanian— lehendakariordeak: elebiduna «oso ahula» da, eta elebakarrean egiten den irakaskuntza, «hondamendia». 70 calandreta daude; 4.000 haur eskolatuak. «Funtsean, ez da irakaskuntzari buruzko datu fidagarririk. Hiruhileko bakar batean okzitaniera pixka bat egiten duten guziak kontatzen dituzte. Desinformazio hutsa da, mendeetako linguizidioaren barruan kokatzen dena».

Baikor gelditu nahi du azken urteetako bilakaerarekin: «Herritarren atxikimendua eta babesa handiak dira». Molac legearekin gertatutako mobilizazioarekin lotzen du hori. «Kontzientzia hartze hori ez da ekintzaz lagundua. Arteka handia dago biziki ahulak diren politikekin». Oro har, herriko etxeek «oso gutxi» egiten dutela deritzo, departamendua «koma egoeratik gertu» dagoela, eta eskualdeek ez dutela «asko» egiten. Lurraldearen eremu bat baizik ez du hartzen Okzitania eskualdeak, eta hark du hizkuntza politikarako diru gehien ematen: 3,8 milioi euro, sei milioi biztanleko eremu batentzat. «Okzitania gauza bigun handi bat da. Herria mugiarazteko, parlamentariak mugiarazi behar ditugu». Eta lan horretan dihardute azkenaldian, baina hautagaiekin harremana egitea «zaila» dela dio. Emmanuel Macron presidentearen alde agertzen diren hautagai gehienak diputatu izan dira azken legealdian, eta «sentsibilizatuak» direla dio; funtsean, askok beren ministroaren kontra bozkatu zuten Molac legea pasatu zedin. Haatik, Frantziako ezkerraren aliantzan hautagaitza eskuratu dutenak hizkuntza gutxituen kontra agertzen dira. «Biziki kezkatuak gaude Melenchonen posizioekin. Engaiamendu batzuk desastrea lirateke». Eskola pribatuak diruz laguntzeko aukera kendu nahi du, besteak beste.

Bi erronka nagusi aipatu ditu: konstituzio aldaketa eta Molac lege berri bat pasarazten entseatzea. «Ministerioak ulertu behar du konstituzioak babesten duen ondare bat dugula».

BRETAINIA

«Presidentetzarako hauteskundeak aitzin, eskualdearen eta estatuaren arteko hitzarmena berritzea lortu dugu, azken momentuan», esplikatu du Renan Kerbiquet Bretoieraz irakasten duten irakasleak biltzen dituen Kelennomp elkarteko kideak. Hiru arlotako neurriak adostu dituzte: hezkuntza, seinaletika eta hedabideak. «Izenpetzera behartu ditugu, nahi ez zituzten neurriak integratzea lortuta», esplikatu du, azken hilabeteetan egin duten kanpaina «gogorraren» berri emanez; «baina, orain, aplikatzea eskas da». Administrazioak egiten dien blokeoa salatu du. «Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroak ez zuen izenpetu nahi; ahal bezainbat zentsuratzen entseatu dira. Arazoa da Blanquer joan dela, baina berak ezarritako estruktura teknokratikoak bere horretan segitzen duela».

Maiatzaren 20an Frantziako Gobernu berria izendatu zuen Macronek, eta Hezkuntza ministro berria aurkeztu zuen: Pap Ndiaye unibertsitateko ikerlariak beteko du kargua, gutxienez legebiltzarrerako hauteskundeak pasatu arte. Hizkuntza gutxituen arloan lanean ari diren pertsona batzuen iritziz, baliteke «profil interesgarria» izatea, populu gutxituei buruz lan egin izan baitu orain arte. Baina Blanquerrek zuen kabinete buru bera izateak duda gehiago sortzen du. Administrazioan diren teknikariak ere Blanquerren ministerioak izendatuak dira oraingoz.

Bretainiako Paul Molac diputatuak abiatu zuen hizkuntza gutxituen aldeko legearen bataila. Bere lurraldean irakaskuntza arloan egiten dena legez onartua izatea nahi zuen. 20.000 ikaslek jasotzen dute bretoierazko irakaskuntza elebiduna; haatik, ez da Ipar Euskal Herrikoaren parekoa. «Hemen irakasle bakarrak egiten ditu bi hizkuntzak. Horri esker, bretoierak leku gehiago du. Ofizialki, oren parekotasuna behar dute bi hizkuntzek, baina elebidunean diren irakasleek askoz ere gehiago egiten dute bretoieraz. Denek dakite, baina orain arte ez zen ofizialki aitortua», zehaztu du Kerbiquetek. Molac legeak murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean integratzea zekarren, baina Konstituzio Kontseiluak bertan behera utzi zuen neurri hori. Abenduko zirkularrak aukera hori ekarri du berriz.

Hori baliatu nahi dute aitzinera egiteko. Helburu hauek aipatu ditu Kerbiquetek: bretoiera jasotzen duten ikasleen kopurua emendatzea, Bretainian eskolatuak diren ikasle guziek bretoiera iniziazio bat jasotzea, eta kolegioan ere jarraitu ahal izatea. «Zinezko ikasketa sail elebiduna ezartzea lortu behar dugu. Borrokatu beharko gara». Zirkular batena baino sendotasun handiagoko lege bat beharrezkoa dela uste du hark ere, baina ez du Frantzia mugituko den itxaropenik. Hauteskunde kanpainan, hautagaiak interpelatzen entseatu dira Bretainian ere. Puntu baikor bat azpimarratu du: «Gaur egun zaila da hizkuntzen kontra agertzea». Roazhoneko Frantzia Intsumisoko taldeak Molac legearen kontrako mezu bat idatzi du berriki Twitterren. Sortu duen eskandaluaren ondorioz, ezabatzera behartu dituzte.

KORSIKA

Frantziako Estatuarekin elkarrizketak abiatzeko puntuan da Korsika. Hala hitzeman diete, eta hala espero dute. «Ez dugu marra gorririk behar. Korsikar herriaren eta hizkuntzaren aitortza lortu behar ditugu». STC sindikatuko hezkuntza arloan ari da Jean-Pierre Luciani, eta PQVNL kolektiboan parte hartzen du. «Estatuak bide eman behar digu gure emantzipazioa abiatzeko».

Irakaskuntza arloan azken urteetan izan duten bilakaera aipatu du. Hiru sistema dituzte gaur egun: joan den urtarriletik, irakaskuntza publikoan diren ikasle guziek hiru oreneko irakaskuntza jasotzen dute lehen mailan. Horrez gain, ikasleen %40 elebidunean daude. Baina, Ipar Euskal Herrian ez bezala, ikastetxeak dira elebidunak; ez dago elebakarrekoekin nahasketarik. «Definizioz, hizkuntza ikastea nahi badugu, ezin ditugu astean hiru ordu korsikera egiten dituzten ikasleekin nahasi». Molac legearen ondotik, elebidunean murgiltzea sartzen entseatzen ari dira, baina zirkularrarekin «ez da argi», Lucianiren hitzetan. Beste arazoetako bat irakasle falta da: lurralde kolektibitatea eta estatuaren arteko partaidetza bati esker, 500-600 irakasle formatzeko plan handi bat abiatu dute. Estatuak hogei irakasle postu gehiago eman ditu, formakuntzara doazen irakasleak ordezkatzeko. Azkenik, berriki sortu duten ikastolen pareko murgiltze eredua dago. Itunpeko izateko eskaera egina dute, eta zain daude. Anartean Korsikako Lurralde Elkargoak laguntzen ditu diruz.

Korsikako gizartean eta instituzioetan ikusten du arazoa Lucianik. «Zaila zaigu zerbait sendoa planifikatzea; politikariek ez dute bide orria definitu». Korsikar nazionalistentzat hizkuntza «lehentasun» bat dela deritzo, baina oposizioko gehienek ere hizkuntzaren ofizialtasuna eskatzen dutela baieztatu du. «Ikuspegi global eta programatiko bat eskas da. Koofizialtasuna eraikitzen den zerbait da». Hauteskundeetan hautatuak izanen diren diputatuak hizkuntzaren aldekoak izanen direla uste du, eta konstituzioa aldatzean jarri du lehentasuna ondoko urteetarako. «Molac legearentzat nolazpaiteko gehiengo bat lortu genuen; hor zailagoa izanen da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sareren manifestazioa Santurtzin, gaur zortzi. ©Aritz Loiola / Foku

Beste sei preso Euskal Herriratuko dituzte

Jon O. Urain

Gainera, beste euskal preso bat lekualdatuko dute Iruñetik Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako kartzelaren batera.

Lau kideak hil zituzten gunea, Pasai Donibanen. ©Andoni Canellada / Foku

Pasaiako sarraskiko poliziak identifikatzeko saio bat egingo dute

Xabier Martin

Komando Autonomoetako lau kide hil zituzten polizia operazio horretan, eta idenfikazio proba batera deitu du epaileak lekuko bakarra: Joseba Merino. Martxoaren 28an du ordua, Donostiako epaitegietan.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Gure erronka da nola lotu nazio proiektua oraingo borrokekin»

Joxerra Senar

Hiru urteko etenaldiaren ostean, Plaza Hutsa egingo du Sortuk Burlatan bihar. Militantziaren bilgune horretan, herrigintzari buruz gogoeta egin eta ildo bat ezarri nahi diete aurretik ezarritako sei eremu estrategikoei.
Dozenaka jende agertu zen atzo Baionako auzitegi aitzinean, auzipetuei sostengua erakustera. ©GUILLAUME FAUVEAU

Martxoaren 9an emango dute 11 'bakegileren' inguruko deliberoa

Ekhi Erremundegi Beloki

Hamar auzipeturentzat 950 euroko isuna eskatu du fiskalak, gibelapenarekin. Uztailaren 23ko protestetan autobidea blokeatzea egotzita epaitu dituzte. Ekintza justifikatu dute guziek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...