Jonathan Caro.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Zahar etxeetako erronka: askatasuna edo segurtasuna

2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Babesa eta segurtasuna edukitzeko zenbait pribilegiori uko egin behar diegula ematen du sarritan. Badirudi askatasunak eta segurtasunak elkarren kontra egiten dutela. Arlo filosofikoan, politikoan eta etikoan oreka honen inguruko eztabaidak aspalditik datoz.

Udaberri honetako konfinamenduan biztanle guztiok askatasun murrizketa indartsua nabaritu genuen, baina gehienok ontzat hartu genuen segurtasunaren truke. Bestalde, guztiok genekien konfinamendu hori behin-behinekoa zela, eta «deseskalatze» delako hori irrikan itxaroten genuen. Amaierako itxaropen horrek tente mantentzen gintuen gure etxeetan, eta, zorionez, itxieraren bukaera heldu zen. Baina guztientzat?

Badago oraindik biztanle talde bat konfinamenduan zeharo murgilduta dagoena: zahar etxeetan bizi diren pertsonak dira. Horiei martxoan debekatu zitzaien euren etxeetatik irtetea, eta inork ez die oraindik giltza bueltatu. Segurtasunaren aitzakiaren bidez pertsona horiei askatasuna guztiz ezabatu zaie, eta kasu honetan, gainera, itxieraren amaiera ez da etorkizun motzean ikusten. Zer gertatu behar da egoera hori aldatzeko? Txertoa? Taldearen immunitatea? Zaharren matxinada? Ez dut uste irizpide horiek epe motzean beteko direnik. Bitartean, agintariak ez dira horretaz arduratzen, eta oso harro diote adinekoen babeserako dela.

Tamalez, inork ez die galdetu zahar etxeetako biztanleei edo familiei konfinamendu luze honen inguruan daukaten iritzia, edo zer mailatako arriskua hartu nahi duten euren gain. Hori, zaila dirudien arren, pertsonen autonomia mantentzeko ezinbesteko tresna da.

Demagun itxierak nahitaezkoa izan behar duela eta bisitak murriztu behar direla, baina noiz arte? Badago etorkizunerako planik? Zahar egoitzetako biztanleei zeozer komunikatu zaie? Senide elkarteek plan horien berri eduki dute?

Egia esan, oso zaila da askatasunaren eta segurtasunaren arteko oreka perfektua aurkitzea, are gehiago pertsona zahar eta ahulak direnekin. Komunikabideetan eta sare sozialetan agertzen diren berriek ez dute egoera hori konpontzen laguntzen, ezta politikariek erresidentzietako hildakoak elkarren aurpegira botatzeak ere. Baina ezer ez egitea ez da bide onargarria, ezin ditugu itxaropenik gabe konfinatuta mantendu, ez da bidezkoa «deseskalatze» prozesu horietan zahar etxeak ahaztea. Neurriak hartzea beharrezkoa da, arauak malgutu behar dira birusak baimentzen duen heinean. Ez dakit zein den irtenbide zuzena, baina guztiz argi daukat adituek lehenbailehen irtenbide baten inguruan lanean hasi behar dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.