Gerra Ukrainan. Inflazioa

Inflazioak %7,5era egin du jauzi otsailean Hegoaldean

Energia inoizko garestien dagoela, etxebizitzako gastuetan eta garraioan igo dira gehien prezioak. Azpiko inflazioa %3,1 da

Irune Lasa.
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Fakturek eta ordainketa agiriek agertzen dutena berrestera etorri da KPIa: otsailean kontsumo gaiak nabarmen garestiagoak izan direla. Iazkoekin alderatuta, prezioak %7,5 igo dira Hego Euskal Herrian. Eta energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituen azpiko inflazioak erakusten du igoera ez dela berehalakoan apalduko. Azpiko inflazioa %3,1era igo da; 2008ko irailaz geroztik ikusi gabeko mailara. Hor ikusten da energia garestiek jada ukitu dituztela beste prezioak eta, ziurrenez ere, horren aldakorrak ez diren faktore batzuk ari direla prezioak igoarazten.

Otsaileko KPIan etxebizitzaren arloan izan da igoerarik handiena, batez ere argindarrarengatik eta gasarengatik. Hamabi hilabetean %51,7 handitu dira etxeko berokuntzaren, argiteriaren eta uraren prezioak. Erregai garestiak ere igoera nabarmena ekarri du garraio prezioetan, %12tik gorakoa, iazko otsailarekin alderatuta. Eta elikagaiek ere pisu handia izan dute otsaileko inflazio handian. Hamabi hilabetean, elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak %5,3 garestitu dira Hego Euskal Herrian.

Datu xeheagoei begira, ikusgarriak dira olio eta koipeek hamabi hilabetetan izandako prezio igoera (%23,8) eta garraio pertsonalarena ere (%12,6), besteak beste. Elikagaietan, igoera nabarmenak izan dira: zerealetan eta haien deribatuetan aldea %9,9koa da; esnea %7,5 garestiagoa dago iazko otsailean baino; eta lekale eta barazkietan, igoera %7koa izan da. Behikiek (%6,3 ), arrautzek (%6), fruitu freskoek (%5,2) eta hegaztikiek ere (%4,9) gora egin dute.

Gerra «aitzakia» gisa

Prezioen igoerak sektore guztiei eragingo die, baina kontsumitzaileei bereziki. Hori dela-eta, ELAk nabarmendu du 2021eko KPIaren arabera eguneratu beharko liratekeela soldatak; horrekin batera, produktu energetikoen prezioak mugatzeko eskatu du. Salatu du agintari politikoak Ukrainako gerra erabiltzen ari direla inflazioa justifikatzeko «aitzakia» gisa. Sindikatua ez dago erregaien eta argindarraren zergak murriztearen alde; bidea enpresen mozkinei zergak igotzea dela berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.