Euskaldunak eta euskal kultura. Kulturgileen iritzia

Zenbakien ispiluan barrena

Azken inkestaren ispiluan ikusitakoak ez ditu harritu euskal kultur sistemako eragileak. Ezagunak zituzten bertan agertu diren ilunguneak. Zenbaki hotzok adierazten duten egoera hobetzeko neurrien beharra aldarrikatu dute denek.

Iazko Literaturia jaialdian, Zarautzen, Petti musikariak eta Irati Jimenez idazleak eskaini zuten Nigan, ispilu batean bezala ikuskizunaren argazki bat. GORKA RUBIO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Liburu bat zegoen mahai gainean Aliceren ondoan, eta honek Errege Zuriari begira segitzen zuen bitartean (izan ere, artean nekatu samar zegoen, eta tinta prest zeukan haren gainera botatzeko, berriro zorabiatzekotan), orriak pasatzen zituen irakurtzeko moduko zatiren baten bila; '... ezagutzen ez dudan hizkuntzaren batez idatzita dago eta', esan zuen bere baitan». Lewis Carrollen Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena liburuko hizkuntza ezezaguna ez zen euskara, bistan da, baina Siadecok Elkar fundazioaren enkarguz egin duen inkestaren emaitzek argi utzi dute, besteak beste, askok onartu nahi baino jende gehiago dagoela euskarazko liburuak Aliceren moduan ikusten dituena. Eta ezagutu arren ere, Euskal Herrian nagusi diren bi hizkuntzetakoren batean —gaztelaniaz zein frantsesez— askoz errazago egiten zaiela irakurketa.

16 urtetik gorako euskal herritarren laurdenak euskaldunak dira, eta laurden horren %23k dute euskarazko liburuak irakurtzeko ohitura. Beste era batera esanda: euskal herritar guztien %11 lirateke euskarazko liburuen irakurle: %6 ohikoak eta %5 noizbehinkakoak. Eta euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia —%42,5ena, inkestaren arabera— ohitura edo erraztasun falta litzateke.

Sortzaileek berek ere aspaldidanik erakutsi dute beren hartzaileen inguruko kezka. Bernardo Atxagak (Asteasu, Gipuzkoa, 1951) «1.700en aldizkaria» deitu zion Erlea-ri, 2009an, «1.700 ale atera eta 1.700 erosle izatea» baitzuten asmoa. «Eta ez da gutxi, euskal literatura deitzen dugun honetan». Jon Alonsok (Iruñea, 1958) 12.000n jarri zuen irakurle kopurua 2012an, eta Iban Zalduak (Donostia, 1966), 10.000ren bueltan. Duela bi urte, 1.700 erosleren helburua ez zela bete onartu zuen Atxagak berak. Orain, Siadecoren inkestak ez du batere harritu. Eguneroko borroka gisa ikusten du egoera: «Gu frontean gaude. Zu frontean zaude, itzultzaile bat frontean dago, irakasle bat frontean dago; idazle bat, zer esanik ez. Guk ikusten dugu, txoke horretan, non dagoen zailtasuna eta zein den egoera. Beste jende asko ez da horretaz arduratzen. Diosala euskaraz egin eta gero diskurtsoa erdaraz egin behar duenak ez du inolako kezkarik».

Bizirik dagoen hitza errepikatzen dena dela azpimarratu du Atxagak, hitzaren dinamoa errepikapena dela, eta horrek ikaragarri zailtzen duela euskara bezalako hizkuntza minoritario baten aurrerapidea, «hitzak beti beste hizkuntzetan errepikatzen direlako». Hizkuntzak aurrera egiteko bidea pentsatzeko eta arrazoitzeko filosofoen falta sumatzen du idazleak. Eta inkestako datu bat zalantzan jarri du erabat: %3,8 bakarrik direla euskarazko kultur eskaintza ezagutzen ez dutenak. Sinetsita dago egoera inkestak dioena baino «okerragoa» dela. «Bistan da Euskal Herrian bigarren alfabetatze kanpaina behar dela. Eta horrek hasi behar luke, nor bagara, datorren urtean». Datorren urtean betetzen direlako 50 urte Rikardo Arregi kazetari, saiakeragile eta euskaltzalea hil zela. «Bigarren alfabetatze kanpaina horretara bideratu behar litzateke energia, herri guztietan».

Bestelako ildo batzuk ere aipatu ditu Atxagak. Zuzenekoak bultzatzea bat, musikako datuek erakusten dutelako zuzeneko emanaldietara joateko ohitura diskoak erostekoa baino zabalduago dagoela. «Antzerkiak, irakurraldiak eta beste egin behar dira. Orain, XXI. mendera ekarri behar dira zuzenekook». Beste ildo bat: hezkuntza. Eta telebista eta irratia erabiltzea euskarazko sormenaren eta euskararen beraren ezagutza areagotzeko.

Ipar haizea

Euskalduntze alfabetatzea aipatu du Bea Salaberri (Donamartiri, Nafarroa Beherea, 1979) idazleak ere. AEK-ko irakaslea da Baionan, eta Ipar Euskal Herriko datuek harritu omen dute gehien. Euskal kultur sistema-edo «arras menderatua eta menpekotasun batean tratatua» izanik ere bertan, ohiko irakurle gehien duen eta, proportzioan, euskarazko lan gehien irakurtzen den eremua delako Siadecoren inkestaren arabera. «Instituzioek definitzen dituzten kultur politikak, argitalpenari doakionez ere, beti dira frantses-zentrismo batekin burutuak. Gero, gelditzen denarekin sustatzen da euskara».

Egoera hori izanik, haurrak zein helduak alfabetatzeko sareen lanek ikerketako datuotan izan dezaketen pisua nabarmendu du: «Helduen irakaskuntzan beti saiatzen gara kultur erreferentziak sartzen eta aipatzen. Gure eguneroko lanaren ondorioa ere bada, nire ustez, euskaltegietan eta ikastoletan ikasleak euskal munduan ahal bezainbat murgiltzen saiatzen garelako». Hizkuntzaren irakaskuntzaz gain, ikasleak kultur transmisiora eta praktiketara eramatea garrantzizkotzat daukatelako.

Datuok agerian utzi dutena, Salaberriren iritziz, ez da euskararen gutxitu egoera bakarrik: «Elkarren kezka eta iniziatiba eskertzekoak dira. Halere, iduritzen zait botere publikoek horrelakorik egin ez izanak salatzen duela zerbait. Emaitzen ikustearekin ukan daitekeen desilusioa saihesten da agian —batzuk nahiko eskasak iduritzen baitzaizkit kultura politika baten argira—, eta horri nola itzulia eman asmagaitza gerta baitaiteke».

Egiteko bide luzea dakusa Salaberrik. Eta ez kultur politikak finkatzen dituztenen aldetik bakarrik: «Sortzaile, argitaletxe, denen aldetik behar da lana egin. Asmatzekoak eta sortzekoak ditugu bitartekoak irakurle ez denak irakurle izateko bidea egin dezan. Bestalde, irakurle taldeen hasieran gara Iparraldean, eta badakigu jendeek elkarren artean dutela hobekien ikasten».

Dramaz eta ekimenaz

Aurrera begirako bidearen luzea aipatu du Garazi Arrulak ere (Tafalla, Nafarroa, 1987). Iaz argitaratu zuen lehen liburua —Gu orduko haiek narrazio bilduma—. Askoz lehenagotik ari da literatur sisteman eragiten. Elearazi.org webgunearen sortzaileetako bat izan zen, hainbat idazleren lanakeuskarara ekarriak ditu, eta IkerGazte saria jaso zuen iaz, autoitzulpenari buruzko Erdaraz, mesedez artikuluagatik.

Autoitzulpengintzari buruzko tesiari azken ukituak ematen ari zela erantzun die Arrulak BERRIAren galderei. Bere tesirako darabiltzan inkesten ildo bera erakusten du Siadecoren ikerketak, azpimarratu duenez: «Ez nintzen batere harritu inkesta honen emaitzekin. Badauzkagu beste ikerketa batzuk horren inguruan, eta irakurriak genituen, besteak beste, Arkaitz Zubiri Esnaolaren lanaren datuak». Siadecoren inkestak egindako ekarpena «potentea» da oso, idazle eta itzultzailearen ustez. Egoera «dramatikoa» ikusarazi duelako.

Ez zaio iruditzen, baina, negar egiteko kontua denik. «Termino absolutuetan pentsatuz gero, orain adina alfabetatu eta irakurle ez dugu sekula izan euskaraz; eta orain adina ez da sekula argitaratu euskaraz». Haren ustez, horrek ez luke lasaitasuna eta kezkarik eza ekarri behar, hala ere. Irakurketa ohiturak adin jakin batzuetan behera egiteko arrazoiak aztertzea eta ohitura hori sustatzeko lana ezinbestekotzat jo du: eta arlo horretan kontzientzia gero eta handiagoa dela erantsi. «Biktimismoan erortzeko joera daukagu, eta egia da batzuetan aukerarik eskuragarriena dela, baina etsipenak hartzen gaitu, eta dagoeneko daukagun 150.000ko multzo horretatik abiatuta egin behar dugu aurrera».

Biktimismoa. «Negar eta lanturu egitea» deitu die Atxagak, berak «fronte» izendatu duen horretan lanean segitzeko gauza ez denari «atzeraguardiara» joateko aholkatuz. Ramon Saizarbitoriaren (Donostia, 1944) ustez, kontraesan batean bizi dira euskaldunak: «Gure ahuleziak erakusten baditugu, beldur gara ez ote diguten esango ea zertarako hainbeste esfortzu eta laguntza; gure ahulezia erakusten ez badugu, baina, ez dugu laguntzarik jasoko». Errealismotik jokatu behar dela zehaztu du Arrulak: «Gauza bat da negarrik ez egitea eta beste bat maila berean hartzea kultur hegemoniko baten eta hegemonikoa ez den beste baten indarrak». Eta euskara eta euskara ardatz duen kultura, aldiroko inkesta guztiek bistarazten duten bezala, ez dira hegemonikoak Euskal Herrian, inolaz ere. «Horregatik, gure benetako neurria onartu eta hiztun eta hartzaile kopuruak iraultzera jo behar dugu. Geldirik egoteak, gure egoeran, atzera egitea erran nahi du, eta gure egoerara egokitutako kultur politikak, hizkuntz politikak behar ditugu», Arrularen aburuz.

40 urteren buruan

Joxe Azurmendik 1967ko urtarrilean argitaratu zuen Baiña zergatik eta zertarako euskaldun? artikulua ekarri du gogora Saizarbitoriak. Artikulu hartan, hainbat galdera harilkatzen zituen Azurmendik. «Euskerarik gabe euskaldun ez gerala esanda ere, zergatik euskaldun irauten ahalegindu», esaterako. Eta elebitasunak euskarari «egiazko bizitza bizi bat» ziurtatzen ote dion. «Bizitza indartsu bat, ez triste bizitza, ez sekula bukatzen ez den agonia bat». Saizarbitoriak erantzun egin zion artikulu hari. Erantzun «barregarria» eman ziola dio orain. Pertinentetzat jotzen du egun Azurmendiren kezka. Ez da bereziki baikorra. «Egia da duela 40 urte ez bezalako euskaldun kopurua dagoela Euskal Herrian; egia da ere, baina, duela 40 urte aurreikusitako egoerara ez garela iritsi». Siadecoren inkestak eman dizkio hori pentsatzeko arrazoi batzuk. Eta badaki zerbait inkestei buruz. Soziologia izan du ogibide urte luzez; Siis Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendaria ere izana da.

Saizarbitoria kontraeskura harrapatu dute, hala ere, zenbait datuk. Goi mailako ikasketak euskaraz egin dituztenek ere euskararekin deseroso sentitzeak, esaterako. «Hori da espero ez nuena: erdararen indarra. Bueno, banekien, baina ez nuen uste hainbesterainokoa zenik. Euskara maila berean jartzeko ezintasun hori...». Horri buelta nola eman da kontua, jakina. «Lehen erantzun automatiko bat banuen: kalitatea aldarrikatzea. Orain, baina, zalantza dut kalitate hutsarekin konpon ote daitekeen». Kalitatea egon badagoela dio, izan ere: «Euskarazko literatura, esaterako, gure zenbakiei dagokiena baino hobea ere bada, beharbada».

Hezkuntzari begiratu dio Saizarbitoriak batez ere. Inbertsio gehiagoren beharra ikusten du arlo horretan. Eta ez euskararen normalizaziorako bakarrik. Musika egiten eta interpretatzen dakien, irakurtzen eta idazten dakien, kulturzale eta kulturgile jende gehiago egon dadin ere bai. «Eskolan dago gakoa, niretzat, familiek askotan ezin dietelako halakorik eskaini, zoritxarrez, beren umeei». Gako gehiago ere badira, baina. Kulturarako diruak gastatzeko irizpideak, esaterako: «Ikuskizunaren gizarte bat ari gara sortzen, dena da errazkeria. Kultura kudeaketan asko gastatzen da gaur egun. Eta edukiontzietan. Sortzaileetan, aldiz...».

Olatz Osa editoreak ere kultur eredua ekarri du gogora. Elkar etxean egiten du lan; Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariorde ere bada. Eta ez ditu datuok ulertzen orain arteko kultur politikarik gogoan izan gabe. «Nolatan heldu garen honaino? Lehenik eta behin, kultur politika eraginkor bat falta izan delako. Herri baten garapenean kultura estrategikoa dela ulertzen duen ikuspegia falta izan da eragile politikoen eta instituzioen aldetik», Osaren iritziz.

«Baliabidez hornitutako» neurri eta araudi sorta bat falta izan da, epe luzerako estrategia baten barruan, «eragile ezberdinen egitekoei eta ardurei» osagarritasuna bilatu eta modu koordinatu batean jarduteko. Ez da hori gabezia bakarra izan. Osaren hitzetan: «Horri hizkuntza politika eraginkor baten falta gehitu behar genioke. Nola ulertzen da bestela biztanleriaren %15ek soilik izatea oraindik ere erdaretan baino euskaraz hitz egiteko eta irakurtzeko erraztasuna?».

Esaldi bakarrean

EIE Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izendatu berri duten Garbine Ubedak (Ibarra, Gipuzkoa, 1967) esaldi bakarrean laburbildu du egungo egoeraren iturria: «Euskarak diskriminatu egiten duela sinetsi dugu, eta, beraz, euskara noranahikoa —edozertarako eta denetarako balio duena— gutxi batzuen kontua dela». Osaren arabera, berriz, Siadecoren inkestaren emaitzak azken urteotan argitalpengintzan ezagutu dituzten datu eta joerekin lerrokatuta daude: «Ikusten genuen salmenta datuak jaisten ari zirela, eta, horren ondorioz, tirada kopuruak ere doitzen ari ginen; denok ikusten dugu inguruan Internet bidezko edukien doako kontsumo praktika zabaldua dela; bagenekien erdaretan iristen den argitalpen uholdearen alboan, euskarazkoak liburu dendan eta erakusleihoetan egon daitezen lortzea, ikusgarri egitea, zein zaila den...». Bazekitenari kopuru zehatzak atxiki dizkie inkestak. Eta datuek, oro har, «ezinegona eta kezka» berretsi omen dizkiete. «Baita ardura ere, kultur eragile garen aldetik, guri ere badagokigulako egoera honi buelta emateko neurriak eta dinamikak abian jartzea, eragitea».

Horretarako, galdera batzuk egin ditu, bakoitzak dagokion arduratik erantzun ditzan: «Prest gaude, nahi dugu euskal kultura periferiatik ateratzea, egungo prekaritatea iraultzea eta lehentasunezko jarduera bilakatzea? Benetan nahi dugu kulturan ardaztutako jendarte bat? Onartuko dugu ikuspegi kritikoa garatuko duen jendarte hezi eta ahaldundu bat?». Erantzuna baiezkoa balitz, baliabide eta neurri sorta eraginkor bat, «kultur politika deitzen dugun hori» erraz samar adostu eta diseinatu beharko litzateke. Kultur sistemaren fruituak gozatzeko gai izan, bai, baina gozatzen ez diren euskaldunenganaino ere heltzeko, lehenik eta behin. Inkesta ikusita ezin baita ukatu, Elkarrekoaren ustez, euskaldunen gehiengoak euskal kultura sustatzearen aldekotasuna erakusten badu ere, erdaretan kontsumitzeko hautua egiten duela gero. «Ahulgune bat da, eta ez txikia».

Garbine Ubedak ere euskal kultura sustatzearen aldeko jarreraren datua azpimarratu du: «Euskal kultur produktuak eta euskaraz sustatzeari 10etik 8ko puntuazioa eman dio jendeak. Inkesta berean, euskal produktuak oro har zailak eta interesik gabekoak dira». Aitortza bat bada hor, hala ere, Ubedaren iritziz. «Ez da dena galdua».

Osaren ustez ere ez. Benetako arazoa «estrukturala» dela dio. Kultur politika eraginkor batek, eraginkorra bada, «kulturzale aktibo eta arduratsuak» jasoko dituelako bere baitan. Benetako arazoei politika «benetan potenteak» eginez erantzun behar zaie, Garazi Arrularen ustez: «Ez da kulturan sinesten. Ez da benetako apustu bat egin. Baina norberarengan ere badago erantzukizuna».

Aktibo ala pasibo?

Haratago ere begiratu behar dela azpimarratu du Ubedak: «Siadecoren azterketa norbanakoaren kontsumismotik dago planteatuta, eta ez da pasiboki irakurtzen edo entzuten dena kontuan hartzen. Eta hor dago gakoa, nire ustez. Etengabe ari baikara irakurtzen eta, zer esanik ez, entzuten». Gaur egungo bizimoduaren ezaugarri nagusietako bat horixe da, izan ere: publizitate, jaki bilduki, itxarongeletako musika, supermerkatuko bozgorailu eta bestelakoen bonbardaketa. «Nonahi dago musika jarrita. Gehienetan, ozen. Beti da erdaraz. Beti da estilo jakin batekoa. Eta horrek eskola sortzen du, paisaia antzaldatzen du, normala eta ohikoa zer den definitzen du, eta, ondorioz,zer den normaletik kanpokoa, salbuespena, politikoa». Paisaia idatzian, zer esanik ez. Horregatik dio Ubedak euskaldunak, euskaraz entzun eta irakurriko badu, sekulakoak eta bi egin behar dituela gaur egun: «Etengabe bilaketan aritu behar du. Askotan, ez aurkitzeko. Euskaldunak ez du alfer izateko eskubiderik».

Alferrikakoak ez liratekeen lan batzuk zerrendatu dituzte artikulu hau idazteko elkarrizketatutakoen artean: euskararen kalitatea landu hedabideak zein hezkuntza sistema erabiliz; alfabetatze kanpainak eta irakurtzea erraztuko duten ikastaroak bultzatu; euskarari lotuta dauden elkarte, erakunde eta enpresek bidea elkarrekin urratzeko bitartekoak sortu eta bide orri bat adostu; euskaraz sortzen duten sortzaileei balorea eta balioa eman; sortzaileok dakarten onura soziala aitortu eta horren araberako erraztasunak eman; kalitatezko lanak eskaintzen saiatu...

Beste inkesta bat ere eskatu du Ubedak: «Irakurzaletasunaren nondik norakoak aztertu diren bezala, euskara eguneroko paisaiatik eta kontsumotik sistematikoki nola baztertzen eta deslegitimatzen den agerian utziko duten azterketak egin behar dira publiko. Horren arabera neurriak hartu». Ispiluan barrena ikusi gabeko zenbaki asko dagoelako oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.