Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

Erraustegia. Su haien arrastorik ez

Zaborren kudeaketak markatu zituen duela lau urteko hauteskunde kanpaina eta emaitzak Gipuzkoan; oraingo bozetan, gaiak tarte eskasa du.

Zubietako errauste planta. Apirilaren 25ean jarri zuten martxan zati bat; udazkenerako espero dute osorik. GORKA RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu zituen aurreko hauteskunde kanpainan, eta alderdi guztiek, irabazleek eta galtzaileek, aitortu zuten eragin nabaria izan zuela emaitzetan. Gipuzkoako hondakin kudeaketa: zaborren bilketa eta Zubietako errauste planta. Lau urte geroago, ia ez da geratzen arrastorik horri buruzko eztabaida sutsuetatik, eta aipamenik ez da azaltzen alderdien oraingo programetan eta propagandarako bitartekoetan. Baina funtsean aldaketarik ez da egon batzuen eta besteen jarreretan.

EAJk, PSE-EEk eta PPk diote Zubietako azpiegiturarekin konpondu dutela hondakinen alorrean zegoen arazoa. Aurreneko biak gobernu akordioa egin eta berehala berrabiarazi zuten errauste plantaren proiektua, zeina eten egin zuen aurreko gobernuak —Bildurenak—. Eta hauteskunde kanpaina hasi baino egun batzuk lehenago jarri zuten martxan azpiegitura horren zati bat; urrirako espero dute osorik.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, berriz, zaborrak erretzearen aurka daude, baina ordezko proposamen zehatzik ez dute proposatu. EH Bilduk herritarren gehiengoaren hitza aintzat hartzea nahi du, baina ez du zehaztu nola. Era berean, Zubietako azpiegitura egokitu daitekeela uste du: errausteko ez, birziklatze tasak handitzeko baizik, han dagoen tratamendu bio-mekanikorako plantaren bidez, esaterako. Hondakinen bilketari dagokionez, berriz, aipamenik ez atez ateko sistemari buruz EH Bilduren egitasmoetan; ez foru aldundietarakoetan, ez udaletarakoetan.

Duela lau urteko eztabaidetan, EAJk, PSE-EEk eta PPk zaborrak biltzeko modu hori izan zuten helduleku kritiketan, EH Bilduk gobernatutako udaletan herritarren hitza kontuan hartu gabe ezarri zela argudiatuta. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, berriz, erraustearen arriskuak izan zituzten arrazoibide.

Lehia horretan, aurrenekoek irabazi zuten botoetan. Hala, foru gobernuaz gain, atez atekoa ezarri zuten udal batzuk galdu zituen EH Bilduk: Bergara eta Pasaia, adibidez. Halaber, amaitu berri den legealdian, alor horretanatzera egin du berak gobernatutako beste herri batzuetan, eta akordiorako bidea landu du EAJrekin eta PSE-EErekin, errefus eta organikoentzako txip bidezko edukiontzi itxien sistema ezarriz —sistema hori proposatu du orain, adibidez, Donostiarako—.

EAJk eta PSE-EEk, berriz, tinko eutsi diote duela lau urte esandakoari. 2019-2030 urteetarako hiri hondakinak kudeatzeko plana onartu dute. 2016an, Urbaser multinazional txinatarra buru duen enpresa talde bati eman zioten Zubietako azpiegitura eraikitzeko eta 32 urtez kudeatzeko kontratua, eta amaitzear dituzte lanak: udazkenerako espero dute %100ean lanean egotea.

Bozetatik epaitegietara

Horrez gain, gobernuan diren bi alderdiek aurrera egin dute azpiegitura hori eten izanagatik EH Bilduko arduradunen aurka abiatu zuten bide judizialean. Aurtengo urtarrilean, Auzitegi Gorenak berretsi zuen erabaki hori baliogabea zela, EAJri eta PSE-EEri arrazoia emanez. Iazko urrian, aldiz, Kontu Auzitegiak errugabetu egin zituen Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente ohia. GHK-ko zuzendaritza berriak, baina, helegitea jarri zuen, eta auzitegiak gaur erabakiko du horri buruz: EH Bilduko bi kideek 46 milioi eurorainoko zigorra dute mehatxu.

Gipuzkoako zaborren kudeaketaren gaiak oihartzun eskasa izan du kanpaina honetan alderdi politikoen artean. Gaurko ebazpenak, baina, lehen lerrora ekar lezake berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.