Koronabirusa

Osasun langileen kontrako hainbat mezu zabaldu dituzte Baionan

Baionako ospitaleko bi erizaini gutunak utzi dizkiete, «bizilagunek» izenpeturik, etxetik «ahal bezain fite» eta «urrun» joateko eskatuz

Bi erizain, Baionako ospitalean, martxoaren hasieran hartutako argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Joana Ibargarai Leritza.
Ahatsa
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Hainbat idazki izan dira osasun langileen kontrako jarreren adierazle. Baionako auzo bereko bi erizainek gutunak atzeman dituzte beren auto eta etxeko ateetan zintzilik igande goizean. «Bizilagunek» izenpeturik, etxetik joan daitezen eskatu diete, anonimoki. Bi erizainek gutun bera aurkitu dute, eta bizilagunen bizitza «arriskuan» jartzen dutelako idatzi dizkiete gutunak erizainei. Koronabirusaz kutsatuak ez izateko, autoa etxebizitzatik «urrunago» aparkatzeko eskatu diete, baita etxeko leku komunak ez gehiago ukitzeko ere eskuak desinfektatu gabe edo eskularrurik ezarri gabe. Gaineratu dute «idealean» etxetik ahal bezain «fite» eta «urrun» joan beharko luketela erizainek. «Gure bizitzarengatik beldur gara, eta pertsona hau hemendik baztertu behar dugu», idatzi dute.

Erizainek sare sozialetan eman dute gertaera horren berri, eta sostengu mezuak ugartiu zaizkie. Izan ere, ez da osasun langileen kontrako eraso bakarra izan. Baionan anbulantziak gidatzen dituen emakume batek ere modu berean eginiko idazki bat jaso duela adierazi du, besteak beste. Jean Rene Etxegaraia auzapezak deitoratu egin ditu eraso horiek.

«Krisi honetan, pertsonen jarrera ezberdinak oso argi ageri dira: ikusten dira nortasun ezberdinak, alde onak, eta okerrenak ere bai». Hala uste du erizaina eta LAB sindikatuko kidea den Xan Brialyk. Halere, kontrako jarrera anitz izan direla azpimarratu du, erosketak egiten laguntzen dietenak aipatuz, adibidez. Genevieve Karrikart ere erizaina da, Garazi eskualdean. Jarrera horiek «harrigarriak» zaizkio, eta uste du beldurrarengatik direla horrelakoak gertatzen. «Beldurrarekin, jendeak zernahi egiten du.Gertatzen dena da hobendunak behar dituztela, eta uste dute gu garela. Egia da koronabirusa ukaten ahal dugula, baina garrantzitsuena da hor garela jendearen artatzeko».

Bestalde, gertaera horiek ez ditu nolanahika kokatzen Karrikartek: «Nonbaitik ere, ez diete halakorik erraten medikuei, baina bai erizainei, emazteei».

Zabalago ikusteko beharra

Brialyk dioenez, gehiengoak «txalotzen» eta «heroitzat» hartzen ditu osasun langileak, eta hori da «zailena»: «Orain arte, ikusi ditugu gure lan baldintzak geroz eta txarragoak bilakatzen. Ospitaleko langileek beti salatu dute falta zela materiala, falta zela sosa, eta falta zirela langileak; baina hori, orain arte, denei bost axola».

Bestalde, osasun krisi hori bere «orokortasunean» ikusi behar dela uste du Brialyk. «Ezin da osasun krisia bakarrik ikusi». Azpimarratu du aberatsenen eta pobreenen artean «zulo» handi bat ageri dela, eta inoiz baino «handiagoa» dela gainera.

Egoeraren analisi baten egitea «oso garrantzitsua» dela gehitu du, horrelako gertaerak ez daitezen errepika. Hain zuzen, Brialy «beldur» agertu da gobernuak hartuko duen bideari begira: «Ez luke itzuli behar duela sei hilabeteko ber egoerara, krisi hori gauzen hobetzeko baliatu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.