Armadaren garroak Ezkaban

Espainiako Defentsa Ministerioak Aitzoaingo kuartela (Nafarroa) handitzeko lanei ekin die. Ezkaba mendia hesiz ixteko proiektu bat ere aurkeztu dute militarrek; ez diete baimena eskatu inguruko udalei.
IDOIA ZABALETA / @FOKU

Ion Orzaiz -

2019ko irailak 4
Tiro hotsak aditzen dira Ezkaba mendiko hegaletan, baina Aitzoainen (Berriobeiti, Nafarroa) inor gutxi asaldatzen da jada. Militarrak dira, tiro praktikak egiten. Armen harrabotsa egunerokoa da inguruko bizilagunentzat. Espainiako Armadak kontzeju horretan du Nafarroako kuartelik handienetako bat, eta aldamenean, mendiko bidexkan gora, entrenatzeko esparru zabala dute, baita tiro eremua ere. Hortik datoz hotsak. Azken hilabeteetan, ordea, inguruko herrietako biztanleen kezka ez dute tiroek piztu, mendian eraikitzen ari diren azpiegiturak baizik: kuartela handitzeko lanean ari dira, eta, besteak beste, lau solairuko eraikin bat altxatu dute jada.

Udako hilabeteetan egin dituzte lan gehienak, udalean baimenik eskatu edota jakinarazpen publikorik egin gabe. Kexu azaldu dira EH Bildu eta Plazaola udal taldeak. Lanen nondik norakoak ikertzen hasita, ordea, arazo handiago batekin egin dute topo: Aitzoaingo kuartelaren eta Alfontso XII.a gotorlekuaren artean dagoen eremu osoa hesiz ixteko eskaera egin dute militarrek. Maniobra militarretarako erreserbatuta, mendia goitik behera zatitzea ekarriko luke, eta publikoa den natura eremu bat jendeari ixtea.

Gerra jokoak Iruñerrian

Aitzoaingo kuarteleko militarrek 2018ko otsailean aurkeztu zuten entrenamendu esparrua handitzeko eta azpiegitura berriak eraikitzeko proiektua. BERRIAk txostenaren kopia bat eskuratu du; besteak beste, «hiri barruko gerra egoeren simulazioa» egiteko eraikin bat egin nahi dute, «Afganistango edo Libiako instalazio militarretan daudenen antzekoa». Solairu bakoitzean agertoki bat irudikatuko dute: bi logelako etxebizitza bat, bulego bat eta «helikopterotik fast rope edo rappel egitea ahalbidetuko duten teilatu lau bat», besteak beste.

Defentsa Ministerioan bakarrik aurkeztu zuten txostena, beste ezein eraikunderi aipatu gabe. Haren oniritzia jasota, Toberal eraikuntza enpresari eman zizkioten lanak, apirilean; ekainean sartu ziren kamioiak mendira.

«Bigarren solairua eraikitzen hasi zirenean konturatu ginen, inguruko herri guztietatik ikus zitekeelako, baita autobidetik ere», azaldu du Felix Remirez EH Bilduko zinegotziak. Plazaola hautesle elkarteko zinegotzi Oscar Paskualenak ere orduantxe izan zuen kuartela handitzeko lanen berri: «Militarrek ez zuten ezer esan publikoki, baina, tamaina horretako eraikin batekin, auzia ezin zen oharkabean pasatu. Galdezka hasi zen jendea, kezkatuta».

Abuztuko osoko bilkuran, Ramirezek eta Paskualenak kontuak eskatu zizkioten Raul Julio Bator alkateari (Navarra Suma), eta hark aitortu zuen militarrek ez dutela obrak egiteko baimenik eskatu, ezta Berriobeitiko Udalera ohartarazpenik igorri ere. Batorrek Aitzoaingo kuartelera jo zuen, eta hitzordua eman zioten lanak ikusteko. Joan den astean egin zuten bisita ofiziala alkateak, idazkariak eta udal arkitektoak, lanen nondik norakoak jakiteko.

Armadak Batorri ziurtatu zion Aitzoaingoa «Espainiaren defentsarako interesa» duen proiektu bat dela, eta, hortaz, ez duela udalaren baimenik behar, kasu horietan nahikoa baita Defentsa Ministerioaren oniritzia. Batorrek argudio hori bera erabili du udalean, «eskuak lotuta» dituela adierazteko: «Defentsa kontuetan zeresan gutxi du udalak, baina exijitu diegu azpiegiturak eragindako kalte bisuala ahalik eta txikiena izan dadila, eta eraikina berdez margo dezatela».

EH Bilduko eta Plazaolako zinegotziak ez datoz bat horrekin, uste baitute udal eta foru administrazioek badutela zer esanik. «Defentsa interes horrek justifikatuta egon beharko luke, eta Espainiako Gobernuaren baimen esplizitua jaso, baina ez zaigu halakorik helarazi», azaldu du Paskualenak. Hori dela eta, eskaera bat egin diote Zaragozako komandantziari —haren menpe dago Aitzoaingo kuartela— justifikazio hori idatziz igor dezan. Horrez gain, Plazaolako hautetsiak gogoratu du eremu horretan ezin dela, legez, etxebizitzarik eraiki. «Berriobeitiko Udalak auzia helarazi dio jada Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolakuntza Departamentuari, esku har dezan».

EH Bilduk nabarmendu du, bestalde, Defentsa Ministerioak publiko eginiko dokumentuetan ez dela ingurumen eraginari buruzko txostenik ageri, eta gisa horretako eraikuntza lanetan ezinbestekoa dela: «Militarrek izkin egiten ahal diote udal administrazioari, baina ingurumenaren gaineko eskumenak Nafarroako Gobernuarenak dira, eta hark eman beharko luke oniritzia». Ramirezen irudiko, mendi hegalean lau solairuko hormigoizko eraikin bat altxatzea «ez da txikikeria», baina, militarrek aurkeztutako 157 orriko txostenean, auzia konpondu nahi izan dute hiru lerroko esaldi batekin: «Proiektu honetan jasotako erreformak ez du eraginik izanen ingurumenean. Hala ere, lanetan sortutako hondakin guztiak eramanen dira baimendutako zabortegi batera».

Ezkaba hesitzeko asmoa

Kuarteleko lanen inguruko informazioa jasotzeko prozesuan, Berriobeitiko zinegotziek jakin dute Defentsa Ministerioak beste proiektu bat ere aurkeztu duela, «tiro eremuaren inguruko segurtasun tartea zabaltzeko». Tarte horrek 52 hektareako lursail bat hartuko luke: 4.550 metroko luzera eta 500 metroko zabalera duen pasabide bat, Aitzoaingo kuarteletik mendi gailurrean dagoen gotorlekuraino.

Gaur egun, Espainiako Armadak jabetzan ditu kuartelaren inguruko lurrak, baita Alfontso XII.a gotorlekua ere. Mendia, baina, inguruko kontzejuena da. Militarrek berentzat nahi duten eremua, zehazki, Berriobeiti eta Berriozar udalerriei dagokie. Herrien arteko bide ugari moztea ekarriko luke horrek —oinez ibiltzekoak nahiz bizikletentzat atondutakoak—. Baita 1938ko Ezkabako ihesaldia gogoratzeko egin zuten GR-225 bidea ere. Bide hori, hain zuzen ere, «oroimen historikoko gune» izendatua du Nafarroako Memoriaren Institutuak. Erakunde horrek alegazioak jarri ditu jada Defentsa Ministerioaren proiektuaren aurka.

Ezkaba natur parke gisa egokitzeko UGEP udalerriz gaindiko eragina duen planari ere eraginen lioke militarren asmoak. Iaz onartu zuten egitasmo hori, eta jendaurreko fasean dago. Mendian 52 hektareako eremu pribatu bat sortzeak eta hesi batez inguratzeak ekarriko luke ia itxita zegoen plan bat zeharo aldatzea.

SOS Ezkaba plataformak eta Nafarroako Mendizale Elkarteak azaleratu dute auzia, eta proiektua geldiarazteko eskaera egin diete Berriobeitiko Udalari eta Nafarroako Gobernuari. Udalak egina du lehen urratsa, armadaren eskaera atzera botata. Hala ere, Defentsa Ministerioak ez du amore eman, eta frankismo garaiko hitzarmen bat aurkeztu du, mendian nahi duena egiteko eskuduntza duela frogatzeko.

«1974. urteko agiri bat aurkeztu dute, erabilera militarra baimentzen omen duen itun bat», azaldu Remirezek. «Hala ere, kontratua 1970eko hamarkadan sinatu bazen, iraungita egon daiteke honezkero. Bestalde, ez dira gauza bera jabetza kontratu bat eta erabilera uzteko baimen bat. Hori guztia ebatzi beharko dute udal teknikariek eta abokatuek». EH Bilduko zinegotziek bilerak egin dituzte inguruko udalerriekin, militarren asmoei erantzun bateratua emate aldera. Nafarroako Parlamentuan, bestalde, zenbait galdera erregistratu ditu koalizioak, Nafarroako Gobernuak proiektua geldiarazteko hartuko dituen neurriei buruz.

Auzia argitu bitartean, ordea, Aitzoaingo hautetsiak kezkatuta daude. «Hilzorian egon den azpiegitura militar bat berritzeko eta okupazioa betikotzeko saialdia» dela uste du Ramirezek: «Espainiako Armadak 1960ko hamarkadan bereganatu zuen Aitzoaingo kuartela, eta, ordutik, militarrek tentsio une eta istilu ugari eragin dituzte: maniobrak eta espazio publikoaren okupazioa, bide publikoak itxi nahi izatea, su armekin eragindako suteak... Azken urteetan, ordea, erdi hutsik egon da kuartela, utzita. Orain, badirudi azpiegitura zahar hori biziberritu nahi dutela».

Zinegotziak uste du, baina, inguruko herrietako bizilagunek ez dutela begi onez ikusiko: «Ez gara besoak gurutzatuta geldituko. Hasi gara mugitzen, Berriozarko alkatearekin hitz egin dugu, inguruko eragile batzuk sinadurak biltzen hasi dira, mobilizazioak eginen ditugu... Geldiaraziko dugu burugabekeria hori».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna