LEKU-LEKUTAN

Munduan Korrika

Urtzi Urrutikoetxea -

2019ko apirilak 7
Sarritan egon naiz mundu zabalean Euskal Herria, euskal kultura eta euskara bera saltzen. Gure esperientziaren berri ematen eta azken hamarkadetan egindakoak azaltzen. Ahalik garbien, xeheen, gaia oso urrun daukagunean guri erakustea gustatuko litzaigukeen eran, ikuspegi positiboz, autokritikarako tartea eginda hala behar izan denean, eta munduan besteen erreferentziak ere aipatzen eta txalotzen. Leku askotan liluratzen eta interesa pizten du azken hamarkadotan egin dugunak: garai batean —eta oraindik ere— euskararen berezitasun filologikoak ikertzaile ugari erakarri ditu, baina hizkuntzalaritza hertsitik soziolinguistikara ere egin du jauzi interesak. Galesen eta Irlandan, esaterako, erreportajeak egin izan dira bi hizkuntzen antzekotasunen bila, eta euskararen arrakastaren gakoak azaldu nahian. Bertan goxo geratzea ez da komeni, ados, baina handik begiratuta argi dute gure esperientzia arrakastatsua ari dela izaten.

Hizkuntza askori, gehienei, kanpotik idatzi dizkiete lerroak historiaren liburuan; gurean, lerro horiek amaierara bideratuta ziruditen ezinbestean duela mende bat: bizirik zegoen eskualde askotan, baina oso bizkor zihoan atzerantz Nafarroan, Arabako azken eskualdeetan; Bizkaiko mendebaldean transmisioa eteten ari zen, eta espainolaren hegemonia erabatekoak Bilboko kaleetan bazterreko hizkuntza barregarri bihurtua zuen. Ia azenturik gabeko erdara egiten zuten guraso haien hurrengo urratsa seme-alabekin erdaraz egitea zen, transmisioa etetea. Ezin esan historiari erabateko buelta eman eta etorkizun luzea bermatu duenik, baina historia inork gure ordez idazteari behintzat uko egin diogu.

Euskal PEN Klubean urtean birritan euskaraz eta ingelesez argitaratzen dugu Basque Writing aldizkaria. Sarritan, noski, gure letrak dira protagonista, gure poetak, itzultzaileak, literatur klubak eta abar, baina beste askotan nazioartean interesa eta lilura pizten duten gure kulturako gai zabalagoei ere ekiten diegu: erbestea, euskararen esperientzia edo, zelan ez, Korrika bera.

Itzela da Wikipedian euskarak daukan lekua; txundigarriak dira bertsolaritzaren datuak, eta zoragarria da euskarak Arabako Lautadan azken hamarkadotan egin duen bidea azaltzea: 1981ean %90etik gora ziren erdaldunak, eta euskaldunak %0-5 artean zebiltzan; 2016ko erroldan, %50etik jaitsi dira erdaldunak, eta %30etik gora euskaldunak. Zalduondon dagoeneko euskaldunak erdaldunak baino gehiago dira, %42 eta %39, hurrenez hurren, ia-euskaldunak zenbatu gabe ere. Bistan da faktore asko daudela horretarako guztirako, baina, bertsoa BECeko ordu batekin laburbildu daitekeen legez, hizkuntza bat berreskuratu, indartu, ahaldundu eta indartzeko grina eta borondatea adierazteko nekez aurki liteke Korrika baino erakusle hoberik.

Badakit jai erraldoiek ahuldade egoera bat ere erakusten dutela, errealitatearen aurrean indar hartzeko elkartzen garela. Toledon eta Orleansen eta Portsmouthen ez dute euren hizkuntzen aldeko Korrikaren beharrik. Baina badago errealitate bat, gure bitxikeria filologikoetatik gure hizkuntzaren ahalduntzea azaltzera jauzi egiterakoan. Horretan gelditu barik, bistan da: ondo dakit atzerrian gabiltzanean ederra dela Korrikaren lilura transmititzea, baina garrantzitsuagoa dela Handia edo Margolaria filmak urrun heltzea, edo Karmele Jaio, Itxaro Borda edo Harkaitz Cano itzultzea.

Esperientzia magikoa da Korrikan parte hartzea, zure herrian zain egotea, gauez argiak ikustea eta halako batean hizkuntzak harrapatu zaituela sentitzea; zer esanik ez, lekukoa eramateko zoria izatea. Eta egin dira artikuluak, liburuak, bideoak, dokumentalak, protagonistekin elkarrizketak... Eta, hala ere, nago ez dugula oraindik asmatu Korrikak daukan magia guztia azaldu eta emozio guztiak bilduko dituen zerbait egiten, gaiaz ezer ez dakiena bertan gaudenak bezala liluratuko duen zerbait. Egin ditut bideo eta argazki bildumak atzerriko lagunentzat, baina azkenean hitzez helarazi diet batez ere zertan gabiltzan. Hegoafrikan eta Indian egin dugu, eta aurki Chiapasera eroango dugu lilura txiki hau.

Sarritan esan da desagertzeko asmoz jaiotako ekimenak direla, helburua lortu duten seinale. Euskara hegemoniko den estatua bagenu ere, horratik, Korrika egin beharko genuke. Errituak garrantzitsuak direlako, euskal diasporako Korrika guztiek argi uzten duten legez. Aldatu egiten dira, noski, egokitu egiten dira. Edukiz hustu ere bai, behin baino gehiagotan. Euskararen menderakuntza egoeratik jaiotako zerbait da, baina gure hizkuntzaren aldeko aldarrikapen garrantzitsua bilduko duen jai erraldoi hori gero ere eutsi beharreko zerbait da. Agian damutuko gara egunen batean ondare immaterial baldin bada, eta mundu guztitik agendan turistek lekua egiten badute Korrikako egunetara etortzeko, baina hala denean ere Korrika egiten jarraitu beharko dugu, hizkuntza txiki baina hegemoniko horren alde, hizkuntza hilzorian genuen garaietan ere korrika egin behar izan genuela gogorarazteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna