Markoa jarri, eskegi eta miretsi

Osasunaren denboraldia Jagoba Arrasateren maisulan gorena izan da. Bikaintasuna erdietsi dute gorritxoek, lider eta idolo bihurturiko teknikariak bultzatuta. Bosgarren sasoia osatu du hark Iruñean, eta, menturaz, Osasunaren historiako onena izan da. Nafarrek bigarrenez jokatu dute Espainiako Kopako finala, eta hori gutxi balitz bezala, bosgarren aldiz sailkatu dira Europarako, liga zazpigarren postuan finitu ondoren. Nekez eska zekioken gehiago sailkapenaren erdialdean aritzeko eraikia zegoen taldeari. Alabaina, ohiz kanpoko ilusioa eta poza eragin du zaleen artean, lehiakor eta nekaezin arituta. «Ze polita den hau dena, indarra eta kemena», laburtu zuen bertsoz Arrasatek, azken partidaren osteko ospakizunean.
Ikusi gehiago: UEFAk espedientea ireki dio Osasunari
MALKOEN INDARRA
Negar eta irri
Garaipen hitzez jarraitu zuen teknikariak bertsotan. «Gaur lortu dugu Sevillan ezin izan genuena». Kopan ikusgarri aritu zen Osasuna, luzapenez luzapen eta garaipenez garaipen. Finala, ordea, ezin izan zuen irabazi. Gorritxoek azkenera arte eutsi zioten ametsari, Torroren gol eta guzti, baina, azkenean, Real Madril izan zen nagusi. Negarrari eman zioten Sevillara oldean joaniko zaleetako askok, oso gertu ikusi baitzuten saria. Haatik, irriz bukatu dute denboraldia, finala bizitze hutsa garaipen bat izan zelako, eta, gainera, taldeak Europan jokatzeko sailkatzea lortu duelako.
Hasieran, Kopako ibiliak ligako jardunari eragin ziron, baina finalean gertatu zenak hauspotu egin ditu jokalariak. Konfiantza eman die Real Madrili aurre egin izanak, eta gainera, Sevillan jasotako babesa eskertzeko gogoz aritu dira. Zazpigarren bukatu dute; mende honetan Osasunak Lehen Mailan lortu dituen postu onenetan bigarren da; 2012an ere zazpigarren izan zen.
KALITATE JAUZIA
Nahasketa orekatua
Bertsoan, jokalarien maila goretsi zuen Arrasatek: «Daukat talde hoberena». Egiazki, Braulio Vazquez kirol zuzendariak oso ongi egin zituen lanak aurreko udan. Haren fitxaketek ekarpen handia egin diote taldeari. Moi Gomezek zentzuz eta argitasunez jokatu du zelai erdian, eta estilo berri bati bide eman. Abdek, berriz, behin eta berriz altxatu ditu zaleak eserlekutik. Eskolako jolastokian balego bezala aritu da. Nafarrek aspaldian izan duten jokalaririk ikusgarri eta erabakigarriena izan da. Haiekin batera, aurrerako urratsa egin dute etxeko jokalariek. Aimar Oroz da adibiderik behinena. Taxoareko harribitxia erabat distiratsu aritu da. Halaber, Jon Moncayola, David Garcia, Pablo Ibañez eta Kike Barja ere bikain jardun dira. Oier Sanjurjo eta Roberto Torres kapitain ohiek esku onetan utzi dute lema.
SADARREN ABAROAN
Itoginak konpondu ditu
«Talderik hoberena» ez ezik «afizio fidelena» ere baduela esan zuen Arrasatek, harrotasunez. Zaleen laguntzaz, Sadar gotorleku bihurtu du berriro Osasunak. Iragan sasoian bost garaipen bakarrik lortu zituen Iruñean, eta 22 puntu batu; bada, 11 partida irabazi ditu aurten, eta 34 puntu bildu. Azken txanpan aritu da sendoen: Iruñean jokatu dituen azken sei partidetatik bostetan gailendu da. Athletic eta Gironaren aurkako garaipen erabakigarriek zabaldu dizkiote Europako ateak. Kopan ere, gozatua hartu du Sadarren: Sevillari nagusitu zitzaion final-laurdenetan, eta Athletici finalerdietako joaneko partidan. Etxean lortutako abantaila zain eta muin defendatu zuen San Mamesen.
ARAZOAK EBATZIZ
Gazteen prestasuna
Larrosak ez ezik, gorritxoek harri batzuk ere topatu dituzte bidean. Lesioek, adibidez, zuloa sortu dute defentsako eskuin hegalean. Bada, Vidal eta Peña min hartuta egonik, Arrasatek ez du zalantzarik izan, eta konfiantza eman dio harrobiko Diego Morenori. Bikain ihardetsi du hark, Iker Muñozen gisara. Zelai erdian onena emateko prest dela erakutsi du hark. Taldeak gol falta ere nozitu du, baina, hori ikusita, irmotu egin da defentsan, eta ahalik eta etekinik handiena atera die sarturiko golei. Aridanek eta Manu Sanchezek sasoi betean bukatu dute denboraldia, eta atepean, elkarren arteko lehiak on egin die Sergio Herrera eta Aitor Fernandezi. Gol eskasia ere amaitu da sasoiaren bukaeran, Budimir iratzarri ahala. Kroaziarrak sei gol sartu ditu azken zortzi jardunaldietan. Taldeko golegile nagusia izan da, Chimy Avilarekin batera: zortzina sartu dituzte ligan, hain zuzen.
ILUSIOZ GEROARI SO
Lan asko bulegoetan
Oso zaila izan arren, Osasuna goiari eusten saiatuko da datorren sasoian. Horretarako, funtsezkoa izango da taldearen osaketan asmatzea. Bizkarrezurrari bere hartan eusteko ahalegina egingo da, baina baliteke irteera mingarriren bat izatea. Jada ziurra da Abdek ez duela jarraituko, eta Manu ere nekez ariko da Iruñean datorren denboraldian. Horiek hala, Brauliok kalitate eta kantitate aldetik indartu beharko du taldea. Baliteke gailurrean bertigoa ere nabaritzea, baina, oroz gain, ilusioa du Arrasateren taldeak. «Eskudo hau defendatuko dugu Europan barrena».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.