AEBetako hauteskundeak. Krisi ekonomikoa

Kimu berriak neguaren atarian

Aurtengo hirugarren hiruhilekoan %7,4 hazi da BPGa AEBetan: II. Mundu Gerraz geroztik izandako susperraldirik azkarrena. COVID-19 kasuen gorakadak eta diru laguntzen sorta berria adosteko zailtasunek, ordea, kolokan jar dezakete goraldia.

Saltokiak itxita, merkataritza gune batean. A. E. E.
arantxa elizegi egilegor
Miami
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
AEBetako ekonomiak kolpe gogorra hartu zuen urteko bigarren hiruhilekoan. COVID-19ari aurre egiteko onartutako itxialdiek ekonomia %9,5 uzkurtzea eragin zuten. 1929ko Depresio Handian eta 2008ko finantza krisian ere ez zen halakorik ezagutu horren tarte motzean. Baina, aste honetan, Merkataritza Departamentuak datu itxaropentsuak eman ditu. Izan ere, haren arabera, BPG barne produktu gordinak %7,4 egin du gora hirugarren hiruhilekoan, ekainetik irailera bitartean, neurri handi batean AEBetako Ordezkarien Ganberak maiatz erdian onartutako laguntza ekonomikoei esker. Krisi aurreko mailarekin alderatuta %3,5 behetik jarraitzen dute datuek, baina zenbakiak baikorrak direla uste du Miamiko Unibertsitateko Ekonomia irakasle Joan Martinez Evorak: «Langabezia saria jasotzen zutenak 751.000 ziren urriaren 24an, aurrez baino 40.000 gutxiago. Horrez gain, azken bost hilabeteotan etxeetako gastua %1,4 igo da batez beste».

Susperraldiaren lehen kimuak, baina, neguaren atarian heldu dira; izan ere, herrialdearen iparraldean azkartu egin da koronabirus kasuen goranzko joera, eta baliteke horrek bigarrenez uzkurtzea ekonomia. Martinezen esanetan, bi faktoreren araberakoa izango da susperraldi horri eustea: kutsatzeen goranzko joera etetea eta Ordezkarien Ganberak eta Senatuak bigarren laguntza sorta lehenbailehen onartzea. «Maiatzean 3 bilioi dolarreko laguntza sorta onartu zuen Ordezkarien Ganberak, koronabirusak kalte egindako enpresa txiki eta familiei laguntzeko, horiek baitira gure ekonomiaren zutabe nagusiak. Baina laguntza hori amaitu zen, eta berria irailerako espero genuen. Azaroan gaude, eta oraindik ez dute urratsik egin»

AEBetako Erreserba Federaleko buru Jerome Powellek ere ohartarazi du laguntzak lehenbailehen onartu ezean susperraldia nabarmen motelduko dela, «alferreko sufrimendua» eragin. Gehiengo demokrata duen Ordezkarien Ganbera eta gehiengo errepublikanoko Senatua ez dira, ordea, ados jartzeko gai. Ostiralean, Senatuko buru Mitch McConnellek esan zuen datorren urtearen hasierara arte, hots, presidente berriak kargua hartu arte itxaron beharko litzatekeela laguntza ekonomikoez hitz egiten hasteko. Horrez gain, zehaztu zuen laguntza horien kopuruak maiatzean onartu baino «apalagoa» izan beharko lukeela. Horretan bat datoz demokratak ere, eta 2,2 bilioiko funtsa sortzea proposatu dute. Errepublikanoek, ordea, beherago jarri dute langa, 500.000 milioi dolarrean. Azken horien artean bada bigarren laguntza sortaren beharrik ikusten ez duenik ere.

Dena den, zuzeneko laguntza ekonomikoez gain, bestelako aringarriak ere aurreikusten ditu CARES Koronabirusaren Segurtasun Ekonomikorako Laguntza era Arintze Legeak: besteak beste, gobernu federalaren ikasketa maileguen ordainketa etetea, erretiro funtsetako dirua lehenago ateratzen dutenei %10eko zigorra ez ordainaraztea, edota etxean bizi den 17 urtez azpiko adin txikiko bakoitzarengatik 500 dolarreko laguntza jasotzea. Baina puntu guztiotan garrantzitsuena, eta ziurrenik etorkizunean arazo gehien eragin dezakeena, hipoteken exekuzioen eta etxegabetzeen etetea izan da.

Hipotekak

CARESen arabera, hipotekak ezin izango dira exekutatu larrialdi egoera amaitu eta 60 egun igaro arte. Modu berean, etxe jabeek ezin izango dituzte maizterrak kanporatu tarte horretan, nahiz eta alokairua ordaindu ez. «Horrek ez du esan nahi zor dituzten kopuruak barkatuko dizkietenik, behin-behineko etenaldia amaitutakoan ordaindu beharko dutela baizik», azaldu du Martinezek. Neurria Gobernu Federalak onartu bazuen ere, zenbait estatuk, New Yorkek kasurako, luzatu egin dituzte epeak. Miamiko Unibertsitateko irakaslearen esanetan, etenaldia amaitzean sortuko da arazoa: «Gerta daiteke norbaitek bere etxea edo lokala alokatua izatea baina, maizterrak alokairua ordaintzen ez badu, etxejabeak berak ere hipoteka ordaindu ezin izatea».

AEBetan 40 milioi maizterrek baliatu dute ordainketak etetea ahalbidetzen duen legea. «Baina zer gertatuko da etete hori amaitzen denean?», galdetu du Martinezek. Moody Analytics etxearen arabera, 3,8 milioi estatubatuarrek galdu zuten etxea 2007-2008ko finantza eta hipoteka krisiaren ondorioz. Egungo egoeran, zordunak gehienbat maizterrak diren arren, aurreikusten da 70.000 milioi dolarreko zorra izango dutela urte amaierarako, gobernuak laguntza ekonomikorik eman ezean. «Honek guztiak zuzeneko eragina izango luke 12,8 milioi maizterrengan, ezin izango bailukete zor duten alokairua ordaindu, eta horrek, aldi berean, eragina izango luke etxe eta lokal horien jabeengan, askok hipoteka ordaintzeko zailtasunak izango lituzketelako», azaldu du Martinezek.

Ekonomialariak argi du AEBetako ekonomiak aurreko urteetako goranzko joera berreskuratuko badu nahitaezkoa dela, batetik, osasun krisia «ondo» kudeatzea, beste itxialdirik izan ez dadin, eta, bestetik, bigarren laguntza sorta «berandu baino lehen» onartzea. «Edonork irudika dezake zer gerta daitekeen COVID-19a gelditu ez eta gainera laguntzak garaiz iristen ez badira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.