Arte unitate minimoa

Maria Helena Vieira da Silva artistaren hamabi artelan ikusgai jarri ditu Bilboko Arte Ederren Museoak, Bilboko FIG azokarekin elkarlanean

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Gutxieneko unitatera laburbildu du Bilboko Arte Ederren Museoak Maria Helena Vieira da Silva artista portugaldarraren ibilbide artistikoa (Lisboa, 1908-Paris, 1992). Eskultura lantzen hasi zen arren, pinturara eta grabatura pasatu zen 1929tik aurrera, eta espazialismotik abstrakzio lirikorainoko hamaika adarretatik edanda osatu zuen bere estiloa. Parisko Eskola deitutakoaren partaiderik garrantzitsuenetako bat izan zen, adituen hitzetan, eta haren 11 grabatu eta olio bat ikusgai jarri dituzte orain. Museoaren bildumakoak dira denak. Guztira, 140 grabatu ezagutzen zaizkio sortzaileari, eta, beraz, Bilbokoa erakusketa «txikia» dela onartu arren, «hautaketa esanguratsua» dela azpimarratu du Javier Novo museoko Kontserbazio eta Ikerketa Saileko koordinatzaile eta erakusketako komisarioak. «Artistak grabatugintzan egin zuen bidea ikus dezakegu, gainera». Hurrengo urteko martxoaren 27ra arte egongo da zabalik.

1970eko hamarkadakoak dira aretoko lanik zaharrenak, eta 1991ko Claire de lune abstraktua da berriena. «Artista totala izan zen», azaldu du Novok. Eta, komisarioaren hitzetan, erabatekotasun hori da aretoko hormetan ikus daitekeena.

Hamargarren aldia izan du aurten Bilboko FIG Paper Artearen eta Grabatuen Nazioarteko Jaialdiak, eta harekin elkarlanean sortu du erakusketa museoak. 60 galeria bildu ditu, guztira, aurreko asteburuan, Euskalduna jauregian. 500 artista baino gehiagoren lanak batu ditu, eta arreta berezia eskaini dio Portugali, hura izan baita azokako herrialde gonbidatua. Horregatik eskaini diote 31 grabatuz osatutako erakusketa bat Paula Rego artistari azokak iraun duen egunetan, eta horregatik antolatu dute Vieira da Silvaren erakusketa ere Bilboko Arte Ederren Museoan.

Aurrez ere eskainia zion museoak erakusketa bat artistari, 1983an, eta haren berri ematen duten hainbat dokumentu eta irudi ikusgai jarri dituzte aretoan, gelaren erdian jarritako mahai batean. Erakusketa hura antolatutakoan erositakoak dira orain zintzilikatu dituzten litografietako zortzi. Beste hirurak 1996an heldu ziren bildumara, Espainiako Gobernuak erosi, eta Bilboko erakundeari utzi baitzizkion gordailuan. Ispiluen korridorea olioa ere jarri dute erakusketa hasieran. «Gure erakusketa iraunkorreko klasiko bat da», azaldu du Miguel Zugaza museoko zuzendariak, «beti zintzilikatzen dugu».

Hondoa eta figura

Hain zuzen ere, lan horrek hartzen du ikuslea lehen-lehenik. Lerro zuzenen metaketa bat da irudia: kolore urdin eta grisak ditu nagusi, tanta gorri eta hori batzuekin tarteka. Espaziala da sentsazioa, edonola ere, tituluak iradoki bezala, igarobide moduko bat erakusten baitu konposizioak. Eta badira kutsu arkitektonikoa iradokitzen duten lan gehiago ere.

Badira dorreak iradokitzen dituzten lanak, esaterako: 1977ko Les tours litografia, kasurako; badira, tituluak bultzatuta, ikusleari hiri paisaiak iradokitzen dizkioten grabatuak ere: 1975eko Morges eta 1974ko Transylvanie, adibidez. Eta bi plano horietan dabil artistaren eskua bildumako beste lan batzuetan ere: lerro, mantxa, koadro eta figura abstraktuak lantzen, eta, aldi berean, hautatutako izenburuekin, figurazioari heltzen dion aingura moduko bat eskaintzen.

Giza figurarik ez dago ia grabatuetan, baina badira bi salbuespen. Portugalgo independentzia eguna gogora dakarren Urriaren 5a izeneko grabatua da bata. Artistak bata bestearen gainean pilatuta irudikatu zituen hartan pertsonak: giza masa nahaspilatsu bakar bat osatzen dute. Eta 1989ko L'Harmonium izeneko lana da beste salbuespena.

Barrualde batean pianoa jotzen ari den emakume bat ikus daiteke hor, baina erabat nahasita daude hondoa eta figura. Argi ikusten dira balkoia, partiturak, pianoaren teklak, baina azulejuak eta lurra irudikatuta dauden modu berean irudikatuta dago emakumea ere. Eta halakoengatik ikusi izan dute kritikariek Portugalgo lauza beiraztatuen eta Lisboako hirigintza nahaspilatsuaren oroitzapena Vieira da Silvaren lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.