Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA.

Probokazioaren mugak

Polemikarekin iritsi da Sparta zinema jaialdira. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Andoni Imaz.
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun

'Sparta'



Zuzendaria: Ulrich Seidl. Herrialdea: Austria-Frantzia-Alemania. Iraupena: 101 minutu.

Ulrich Seidl zinemagileak diptiko baten gisa aurkeztu zituen bere Rimini eta Sparta film berriak; Berlingo Zinemaldiaz geroztik ez denez aukerarik izan bi horietako lehenengoa ikusteko, ezin jakin nola osatzen duten elkar. Sparta behintzat ez da askorik urrundu zuzendariaren unibertsotik; izan ere, Europako ongizate estatuak itzalean gordetzen duenaz aritzeko beste lan baten gisara har liteke.

Erreprimitutako inguru bat irudikatu du, Errumanian: Ewald protagonista austriarrak (Georg Friedrich) pultsio pedofiloak ditu; haren inguruan bildutako haurrek indarkeria giro zakarra bizi dute etxean; eta haien gurasoek ere etsita dirudite, baztertuta. Protagonistaren aurkezpen sekuentzia on batzuen ondoren—parkekoa, elurretakoa—, Ewaldek eta filmak haren ihesbiderik gabeko patuari jarraitzea beste aukerarik ez dute izango.

Ewaldek ikastetxe zahar bat berrituko du, haurrei judo eskolak emateko, eta Sparta izeneko gimnasio, koliseo edo tenplu bat sortu. Filmaren dilema nagusia haurrak zaintzen eta babesten dituen pedofilo baten eta haur horiei tratu txarrak ematen dizkieten gurasoen arteko anbiguotasun tranpatia da. Bestalde, protagonistaren aitaren bidez, Seidlek nazismoaren itzala erantsi dio kontakizunari —Espartaren iruditeriarekin ere bai—, Austriatik herrialde postkomunista batera joandako gizon baten bidez, gainera. Hondakin bihurtutako eraikin horiez gain, film osoan ez da agertuko estatuarekin lotutako inolako erakunderik, ez eskolarik, ez poliziarik, ez gizarte eta osasun zerbitzurik.

Zalantza sortzen dit, ordea, eszenaratze soil hori eta begirada errukiorra nahikoa ote diren estatuen porrotari eta pedofiliaren konplexutasunari ganoraz heltzeko, edo, kontrara, barrenak nahasten dituen probokazioarena ez ote den oinarri ahulegia gai horietan benetan sakontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.