Albistea entzun

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Finala. IRITZIA

Pausoz pauso gailurrera

Gorka Azkarate -

2021eko abenduak 19

Halako mailako txapelketa bat ez da edonola irabazten, pausoz pauso joan beharra dago ezinbestean: bertsolari batek txapela jantzi dezakeela sinetsi egin behar du, hasteko, eta sinestarazi egin behar dio ondoren bertsoen ekosistema, nolabait esatearren, deituko geniokeen horri. Nerea Ibartzabalek aspalditxotik zeukan lehenengo baldintza beterik, eta bigarrena berrestera igo zen Bilboko oholtzara. Airean arnastu zitekeen atzokoa bere eguna izan zitekeela. Etxahun Lekuerekin osatu zuen lehenengo ofizioa bera, 8ko nagusikoa, ikaragarria izan zen, elkarrizketa bete-betekoa, goitik behera mamiz osaturiko bertsoak. Hortik aurrera lainoen gainetik egin zuen hegan, buruz-burukoan bereziki, zuzenean txapela janzteraino. Egungo talaiatik urrun ikusiko duen garai batean, bertsoaldiren batean ideia xelebreak izaten zituen bertsolari bat zen Nerea Ibartzabal, baina denboraren joanean edozein errejistro maisuki menperatzen duen artista bilakatu da markinarra. Bejondeizula, Nerea!

Txapeldunak Jone Uriarekin jokatu zuen buruz-burukoa. Zer gehiago egin dezake bertsolari batek txapela irabazteko? Zaila da erantzuna topatzen. Ia dena ongi egin zuen, bakarkako ederrak, buruz-burukoan ofizio mundialak txapeldunarekin, buruz-burukora ere puntu gehiagorekin iritsi zen… baina ñabarduretan erabaki zen garaipena, eta azkeneko lanean Ibartzabalek istorio ikaragarria sortu zuen txanpain kopek topa egitearekin batera… ezinezkoa horren aurka borrokatzea!

Puntuaketan buruz-burukora sartzeko borrokan ibili zen azken uneraino Etxahun Lekue; larrabetzuarrak bere ohiko fidagarritasuna erakutsi zuen oholtza gainean. Ofizio onenetako batzuetan protagonista izan zen eta bakarkakoan lan ederra osatu zuen lastoa sartzeko tarterik uzten ez duen metrika motzeko doinu eder batean.

Xabat Galletebeitiak bere mailaren zertzeladak utzi zituen han-hemenka (bakarkako aipagarria, besteak beste), eta puntuak pilatuz joan zen inurri lanean, azkenean laugarren posturaino igotzeko. Bosgarren izan zen Onintza Enbeita. Gauza onak (bakarkako sinesgarria, kasu, gai aldrebes xamarra tokatu zitzaion arren) eta akats txikiak tartekatu zituen saioaren joanean. Aitor Bizkarrak bertso oso onak kantatu zituen saio osoan zehar, eta esango nuke merezitako ordaina baino gutxiago jaso zuela, askoren iritziz, puntuei dagokienez. Irudiak ekarri eta hitza tolesteko abilezia aparta dauka Bizkarrak, eta erakustaldi aparta eskaini zuen daukan horretatik asko emanez. Aitor Etxebarriazarraga eta Gorka Pagonabarraga debutariei dagokienez, maila ona eskaini zuten euren lehenengo finalean, eta bertsoaldi guztietan bete-betean asmatu ez arren, txapelketa honetan ikasitakoa motxilan gordeta doaz etxera, hurrengoetan koxka bat gora egiteko asmoz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Poesia onak bakartasunaren kontra egiten du gehienetan»

Uxue Rey Gorraiz

Bere seigarren poema liburua argitaratu du Beatriz Txibitek: 'Zeozer gaizki doa'. Munduaren gainbeherari buruz idatzi du, «ekoantsietateak jota». Badaki min hori ez dela soilik berea.
Rainer Maria Rilke poeta, Alemaniako Zurich hiritik gertu, 1924ko ekainean egindako argazki batean. ©BERRIA

Itun berri bat existentziarako

Itziar Ugarte Irizar

Lehen Mundu Gerraren osteko nihilismoari heriotza barne hartuko zuen bizitzaren aldeko hitzekin erantzun zion Rilkek 'Duinoko elegiak' lanean. Mendea da ordutik.

Belztasunetik

Nagore Fernandez

Idazlea: Assata Shakur. Itzultzailea: Danele Sarriugarte. Argitaletxea: Katakrak.

Mikatzetik goxo

Asier Urkiza

Idazlea: Harkaitz Cano. Argitaletxea: Susa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.