Joanes Plazaola. Deba Bailarako Etxebizitza, Sindikatua

«DSBEa miseriazko errenta sistema diziplinatzaile bat da»

JON URBE / FOKU.
inaut matauko rada
Bergara
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Deba Bailarako Kontseilu Sozialistako Etxebizitza Sindikatuak Ertzaintzaren ikuskatzeei buruzko hainbat testigantza jaso ditu. Bertan, hiru emakumek kontatu dute poliziak beren etxeetan nola sartu ziren, baita zer bilatzen zuten ere. Sindikatuko Joanes Plazaolak (Bergara, 1996) argitara atera ditu laguntzaren atzean dauden kontuak.

Ikusi gehiago:Pobrezia jopuntuan

Zeri buruz ari zarete pobreziaren kriminalizazioa aipatzean?

Uste dugu langile klasearen bizi baldintzak okertzen ari direla, eta pobreziaren kriminalizazioarekin esan nahi dugu egoera hori normalizatzen ari dela. Laguntza jasotzen duten pertsonak estigmatizatu egiten dira, eta estatuarekiko zorretan egongo balira bezala aurkezten dira. Horrek, berriz, kontrol mekanismo guztiak justifikatzea dakar, intimitatearen eta egoitzaren bortxaezintasunaren urraketak, esaterako.

Zer iritzi duzue orokorrean DSBEari buruz?

Miseriazko errenta sistema diziplinatzaile bat da DSBEa, eta funtzio jakin batzuk betetzen ditu. Lehenik eta behin, langabeen masaren biziraupena bilatzen du, betiere miseriazko baldintzetan. Bestalde, egungo partzialtasun eta aldizkakotasun baldintzak onartzera behartzen ditu Lanbidek hartzaileak; hau da, egungo merkatuan enpresek dituzten beharretara moldatzen da. Finean, justu-justu bizirik irauteko baliabideak ematen dituzte, eta egoera horretatik ahalik eta lasterrena ateratzeko lan txarrenak onartzera behartzen dituzte.

Iruzurrari aurre egiteko asmoa dutela diote. Horrenbesteko arazoa al da?

Lanbidek emandako datuen arabera, %0,45eko iruzurra dago; 50.000 jasotzaileetatik 230 daude iruzur egin izanaren susmopean. Lanbidek asko inbertitzen du kontrolean eta ikuskatzeetan, eta saltzen dute inbertsio hori deskubritutako iruzurrekin ordainduko dela. Baina guk garbi dugu hori ez dela haien helburua, aipatutako funtzio diziplinatzailea baizik.

Bestalde, polemikoa izan daiteke, baina jendearen egoera zaurgarriaz baliatzen diren mafiek egindako iruzurrak albo batera utziz, guk defendatu egiten dugu jendeak paper batzuk faltsifikatzea bizitzeko baliabideak lortzeko. Iruzur deitzen zaion hori guretzat zilegi da guztiz.

Nola ikusten duzue DSBEaren erreforma?

Asko saltzen da ordainsarien kopuruak igo direla, baina guk uste dugu erreforma ez datorrela soilik egungo krisiaren ondorioak apaltzera. Aldaketak badaude, eta positiboagoak edo negatiboagoak izan daitezke langileriarentzat, baina erreformak ez dio erantzuten langileria antolatuaren aurrean estatuak eginiko kontzesio bati. Kontrara, erasoaldi egoera honetan, DSBEak enpresarien beharretara egokitzen du eskulana.

Lehen DSBEa miseria egoeratik ateratzeko laguntza bat zen, baina aldaketa kultural bat gertatu da, eta lan baldintza oso txarrak dituzten langileek bizitza osoan izango duten osagarri bat da gaur egun. Soldata zuzena garrantzia galtzen ari da, eta ez-zuzenekiko dependentzia handitu da.

Ikusi gehiago:Sheila Fernandez: «Gero eta jende gehiago utzi nahi dute laguntzatik kanpo»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.