urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hizkuntza sinbolikoak

2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Duela urtebetekoa da argazkia: Menorcako izozki-denda baten: llimona/lemon, maduixa/strawberry, eta berdin beste dozena bat zaporerekin. Bertako hizkuntzan eta ingelesez, baina espainierarik ez. Antzekoak direlakoan denek ulertzen dutela argudiatuko dute batzuek, baina maduixa eta fresa (mailukia, marrubia) urrun daude. Gurean, herri turistiko bateko izozki dendarik euskaltzaleenean ausartuko ote litzateke inor zaporeak euskaraz jartzera, eta ez frantsesez edo espainieraz?

Egia da hizkuntzaren hurbiltasunak bestelako eraginik ere baduela: uhartearen erditik gindoazela, politikarien arteko eztabaida bat harrapatu genuen SER irrati katean. Uharterako deskonexioa zen, Espainiako irratiaren Menorcako emandegiaren programa bat, eta alderdi nagusietako ordezkariak zeuden. PPkoa espainieraz ari zen —behin edo behin katalanezko esaldiak botata ere—, eta katalanez egiten zuten nagusiki besteek, baita saioaren gidariak ere. Eztabaida lasaia zen, ahotsik altxa gabe, ideiak irmo defendatuz eta besteari egotzi beharrekoa egotzita, baina begirunez. Nor bere hizkuntzan: katalana nagusi, espainierak ere tartea.

Baditu abantailak, noski, hizkuntzaren erabilera ia «natural» horrek. Biak parean jartzen ditu, komunikazioak hartzen du garrantzia, eta, hiztun guztiek biak ezagututa, libreki hauta dezakete erosoen zaiena. TV3en arrakastaren zati bat badago horretan ere, bi hizkuntzetako bakoitzari kanal bat eman beharrean —euskararen kaltetan, honezkero mundu guztiak onartu beharko lukeen legez, 80ko hamarkadan borondate onez egin izan balitz ere—. Hizkuntzak ez dira komunikazio bide soil, ez dute zentzu utilitarista bakarrik, baina hori dira lehendabizi, komunikazio tresna, eta gero dator, oso atzetik, hizkuntzaren balio sinbolikoa. Galtzen ari denean eta beste hizkuntza batek ordezkatu edo mehatxatzen duenean erabiltzen den eremua da sinbolikoa, ordurakokomunikaziorako gaitasuna galduta gehiegitan. Errotulu elebidunak, hizkuntzari keinua egiteko agurrak edo itzulpenak, baina komunikazioa beste hizkuntzan da nagusiki. Katalunian katalanezko telebista daukate, espainierazko adierazpenak edo elkarrizketak lasai asko emanda. Arrakastaren gakoetako bat da ustezko naturaltasun hori, baina menpekotasunaren adierazle ere bai, Alex Renye Ipar Kataluniako idazleak salatu izan duenez: espainieraz jakin behar da telebista katalana ikusteko. Frantsesari, ingelesari edo beste edozein hizkuntzari ematen ez zaion rol bat ematen zaio espainierari.

Komunikazio hutsera jokatzea da hizkuntza hegemoniko baten ezaugarri nagusia, atzean inolako babes politikorik ez balu legez: Espainian espainiera bultzatzeko eta inposatzeko legeak askoz gehiago dira katalana, euskara eta beste edozein hizkuntzaren aldeko neurri guztiak baino; oharkabean pasatzea lortzen du gehiegitan, ordea, hizkuntza komun bihurtuta. Toledo edo Segoviako herritarrak ez du bere burua gaztelaniaren aldeko ekintzailetzat, baina nabarmen haserretuko da Mallorcako hotelean alemanez egiten badiote. Erreparatu ere ez, ordea, sarrerako errotuluak ez baldin badaude katalanez. Eta zer esan Hiriburukoaz: Frantziak ondo daki murgiltze ereduan ikasten duen edozein ikaslek hizkuntza erregionala ikasiko duela baina Paris erdiguneko ikasle batek bezain ondo egingo duela frantsesez halaber. Eta Bordeleko errektoretzak ezin onartu hala ere estatuaren eskoletan frantsesaren hegemonia galtzerik, frantses hizkuntzak balio sinboliko handiagoa beste edozein hizkuntza hobetsi duten herritarrak baino.

Miquel Montoro Mallorcako hamalau urteko nekazari eta youtuber arrakastatsua da. Milaka jarraitzaile ditu, nerabe batek gutxitan bizi duen legez erakusten duelako baserri mundua. Bartzelonarra sarritan txunditzen duen Mallorcako hizkera bizi eta aberatsa darabil. Espainian, berriz, polemika piztu zen espainieraz egin zioten elkarrizketa baten hainbat hitz ezin aurkitu eta katalanez esan zituelako. Espainiako gaur egungo eskolaren porrota omen hamalau urteko gazte hark katalanez espainieraz baino hobeto egitea. Presioaren presioz, gizajoa bideoak espainieraz ere hasi zen egiten, zorionez zuzendu zuten arte: bideo horiek katalanez zeukaten zentzua, eta hizkuntza ez dakitenek azpidatzita ikus dezakete.

Erabilera edozein izanda ere, ulermen unibertsalak katalanezko edo galizierazko komunikazioa ahalbidetzen eta errazten du. Gurean ere gakoetako bat hori da erabilera txikiko baina ezagutza unibertsaleko belaunaldi gazte eta ez hain gazteekin, 80-90eko hamarkadatik aurrera jaiotakoekin: eremu komunikatiboak irabaztea, onartzea erabilera motelagoa dela, litekeena dela askok espainieraz segitzea baina ez dutela arazorik besteok euskaraz aritzeko, eta erakundeak ere eurekin euskara hutsez komunikatu daitezen. Erabilera unibertsalak kontrako bidea hartzen duosterantzean: Mediterraneo ondoko herrixkan gaueko zinema ikusteko geratu, eta haurrentzako filma dute. DVDak hiru aukera ditu, katalanez, espainieraz eta ingelesez, eta espainolezko proiekzioa hautatu, «beti egin dugun bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.