Albistea entzun

Farian Sabahi. Irango idazlea, irakaslea eta kazetaria

«Kontserbadoreen artekoa da boterea lortzeko borroka»

Sabahiren iritziz, ahulduta dago Hassan Rouhani Irango presidentea. Adierazi du gobernua ez dela gai izan ekonomia berritzeko, Trumpek Irani zigorrak ezarri ondoren. Herritarren atsekabea nabarmendu du.
ORSOLA CASAGRANDE Tamaina handiagoan ikusi

Orsola Casagrande -

2020ko otsailak 20

Idazlea, irakaslea eta kazetaria da Farian Sabahi; geopolitikan eta Ekialde Hurbileko genero auzietan dago espezializatua. Bere curriculumean nabarmentzen du, halaber, Comoko Unibertsitatean (Italia) Irani buruz eskaintzen duen ikastaroetako bat. Hainbat egunkaritako kolaboratzailea ere bada, besteak beste, Il Manifesto-koa eta Corriere della Sera-koa.

Uste duzu biharko bozak tramite hutsa izango direla, edo inflexio puntu bat izan daitezke?

Irandarrek parlamentu berri bat aukeratzeko bozkatuko dute. Argi dago belatzek irabaziko dutela, eta parte hartzea txikia izango dela hirietako klase ertainekoen artean. Belatzez ari naizenean eskuin kontserbadoreaz ari naiz, elizgizon fundamentalistez, iraultzaren zaindariez [persieraz, pasdaran] eta botere judiziala osatzen dutenez. Eskuin kontserbadore hau hainbat zatitan banatzen da. Biharko bozetan kontserbadoreen eta muturreko kontserbadoreen artekoa izango da boterea lortzeko borroka.

Krisi ekonomikoaz eta indarrez zapaldutako protestez ari garela, zein da egungo egoera?

Herritarrak atsekabetuta daude, ez dute konfiantzarik agintean, ez dio axola kontserbadoreak diren edo moderatuak. Errepublika Islamikoaren 41 urte hauetan, bi aldeek erakutsi dute ez direla gai gizarte gaiak kudeatzeko; horren argibide da petrolio eta gas ugari duen herrialde batek hainbat urtez indarrean egon diren erregaia erosteko laguntzak kendu behar izan dituela. AEBen zigorrek egoera okerragotu dute, noski; baina erregai fosiletan aberatsa den herrialde batean baliabideak hobeto kudea zitezkeen, eta herritarrek badakite hori.

Zer ondorio izan dituzte Irango sisteman Qasem Soleimaniren hilketak eta Ukrainako hegazkinaren aurkako erasoak?

Iraultzaren zaindarientzako eta politikarientzako ezerosoa zen pertsona bat desagerrarazi zuen Soleimaniren hilketak; Al-Qudseko talde bereziko jeneralak botere handia bereganatu zuen azken urteetan, Guardia Iraultzailearen gainetik jartzeraino. Politikariak ere haren beldur ziren, Irango herritarren babesa zuelako. Hala, Soleimani hiltzeko agindu zuenean, AEBetako presidenteak, Donald Trumpek, mesede bat egin zion Irango erregimenari.

Ukrainako hegazkinaren aurkako erasoari dagokionez, berriz, huts larria izan zela onartu arren, pasdaran-en aurka eragin zuen haserrea desberdina izan zen. Teherango aire eremua ez zuten itxi, AEBek eraso egiteko aukera egon arren, hark Iraken zituen base militarren kontrako erasoaren ostean. Horretaz gain, badirudi komunikazioetan ere interferentziak izan zirela hegazkina aireratzeko unean; zabaldu da AEBek edo Israelek egindako zibereraso baten ondorio izan zitezkeela horiek, eta hori izan daitekeela aireko misil batekin nahastu izanaren arrazoia.

Egungo presidenteak moderatutzat dauka bere burua, eta muturrekoenen erasoak jasan behar ditu. Zein jarrera du hark testuinguru honetan?

Rouhani ez da inoiz moderatua izan, nahiz eta Errepublika Islamikoko egungo testuinguruan irudi hori eman. Rouhani ahulduta dago, ez bakarrik Trumpek akordio nuklearra bertan behera uztea erabaki duelako, baita ere ez delako ekonomia berritzeko gai izan, AEBek ezarritako zigorren ondorioz, eta erregaientzako laguntzak murriztu izanak eragindako protestengatik.

Zein uste duzu izan dela Europako Batasunaren rola akordio nuklearrari dagokionez? Ahaleginik egin zuen hari eusteko?

EBk ez du ezer egin 2015eko akordioa babesteko. AEBetako presidentearen aginduak betetzearekin Europako herrialdeek merkatu handi bat galdu dute, Irangoa, energia eta mea erreserba handiak dituena, eta Europako produktuen kontsumitzaile bilaka zitezkeen 80 milioi herritarren aberria dena.

Uste duzu Trumpen erabakiak hausnartutakoak direla, edo gehiago dira bat-batekoak?

Trump mugitzen denean, haren helburua hautesleak mugitzea izaten da maiz. Ez da kasualitatea Soleimaniren hilketa Trumpen aurkako impeachment prozesua hasi baino egun batzuk lehenago gertatu izana.

Badute sinesgarritasunik Ekialde Hurbilean «ardatz xiita» eraiki nahi dutela dioten zurrumurruek?

Iranek aliatuak nahi ditu, eta ez etsaiak; horregatik handitu du Iraken eta Sirian duen eragina. Irango herritarrek ondo gogoratzen dute 1980an Saddam Hussein diktadoreak hasitako gerra. Eta gogoratzen dute, halaber, talibanek eurekin dakarten arriskua, 1990eko hamarkadaren amaieran Afganistango mugan argi geratu zena. Horregatik saiatzen dira harreman sendoak, aliantzak, josten. Eta egiaz, alde horretatik, gutxiengo xiitako kide izatea abantaila izan daiteke. Errusiari dagokionez, Moskuren lehentasuna da Teheranekiko harreman onei eustea, batez ere, AEBei aurre egin ahal izateko; baina, halaber, aiatolek eta pasdaran-ek ordaintzen dituztelako arma hornidurak eta erabiltzeko prest dauden misilen aurkako sistemak.

Iranen eta Turkiaren artekoa maitasun harreman bat da, gorrotoan oinarritutakoa edo interesetan?

Ez dago maitasunik, lehia gogor bat dago, antzina persiar inperioaren eta otomandarraren artean egon zenaren gisakoa. Ziurra dena da Teheranek eta Ankarak batzuetan saiatu beharra dutela elkarri aurpegi atsegina jartzen, eta konpromisoak ixten. Duela aste batzuk, Irango Tataloo rap kantaria atxilotu egin zuten Istanbulen eta gero aske utzi zuten. Arrazoiren bat dela medio, Turkiako botere judizialak erabaki du Iranen esku ez uztea, horiek ziurrenik garesti ordainaraziko zizkiotelako bere bideoak.

Irango kurduak zapaldu egin dituzte beste behin azken hilabeteetako protestetan. Alderdi kurduek boikotaren aldeko hautua egin dute bozetan.

Irango kurduen historia luzea da, baina ez Turkiako kurduena bezain liskartsua. Beti aholkatzen dut, Irango kurduek sufritzen eta bizitzen dutenari buruzko ezagutzan sakontzeko, historia liburuez gain, Bahman Ghobai zine zuzendari kurdu irandarraren filmak ikustea. Zaldi mozkortuen garaiak lanetik hasita [2000], baina batez ere Marooned in Iraq [2002]. Nire iritziz, film hori da haren lanik ederrenetako bat, Iranen eta Iraken arteko gerra garaiko maitasun istorio baten kontakizuna egiten duelako, Irakeko kurduek Husseinen arma kimikoen erabilera jasan zutenean.

Jazarpena etengabea den testuinguru honetan, zer toki dute artista eta intelektualek?

Gehiengo kontserbadorea duen parlamentu batekin, egoerak okerrera soilik egin dezake. Garrantzitsuena ez da diputatuak zein alderditakoak diren, botere judizialeko goi kargudunen aginduak baizik.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Emakume bat, Ukrainako soldadu bat irudikatzen duen mural baten aurretik pasatzen, Kieven, lehengo astean. ©EFE

Ukrainak segitzen du frontearen hegoaldean presioa handitu nahian

Igor Susaeta

Kievek jakinarazi du bederatzi pertsona hil zituela duela bi egun Krimean egindako bonbardaketan; aldarrikatu du, gainera, Zaporizhian «aurrerapauso handiak» ematen ari dela kontraerasoan
Pertsona batzuk Europako Batasunaren bandera baten aurretik pasatzen, Berlinen. ©OMER MESSINGER / EFE
Ukrainako armadako soldadu bat, tanke bat ondoan duela, aurreko uztailean Donetsk eskualdean (Ukraina). ©OLEG PETRASIUK / EFE

Fronteko lerroa ia ez da mugitu

Igor Susaeta

Hiru hilabete igaro dira Ukrainak kontraerasoa hasi zuenetik, baina ezin izan du eman aurreikusitako aurrerapausorik. Horrek eragina izan dezake Mendebaldearen jarreran.
Brasilgo indigena bat, atzo, herrialdeko Auzitegi Gorenaren aurrean, negarrez, indigenen lur jabetza eskubideari buruzko epaiaren berri izan ostean. ©Andre Borges, EFE

Indigenen jabetza eskubidea mugatzearen kontra ebatzi du Brasilgo Gorenak

Gorka Berasategi Otamendi

Nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren lobbyak eta ultraeskuinak aurkeztutako argudioen kontra egin du epaileen gehiengoak. Horiek eskatzen zuten indigenen lurren aitortza mugatzea 1988an okupatuta zituztenetara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...