YPGri lagunduko dion edonor «jomuga legitimo» izendatuko du Turkiak

Ankarak erran du Siriako Gobernuaren aldeko milizianoak erretirarazi dituela barrutitik, baina kurduen miliziek eta Damaskok ukatu egin dute

mikel rodriguez
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Siriako Gobernuaren aldeko miliziak Kurdistango Afrin barrutian sartu eta biharamunean, Turkiak gogortu egin ditu mehatxuak. «YPG erakunde terrorista babesteko ahalegin guztiek erakunde terroristen maila berean paratzea erran nahi dute. Horrek guretzako edonor jomuga legitimo bihurtuko du», adierazi zuen atzo Ibrahim Kalin presidentetzako bozeramaileak Ankaran. Kalinek adierazi zuen Damaskoren aldeko miliziak herenegun bertan erretiratu zirela Turkiak haien konboiari «ohartarazpen tiroak» egin ondoren, baina Siriako Gobernuak eta YPG Herriaren Babes Unitateek —kurduen miliziek— ukatu egin dute.

Turkiak duela hilabete baino gehiago hasi zuen Afrinen aurkako erasoaldia, kurduek barruti horretan 2012an sortu zuten autonomia suntsitzeko. Afringo agintariek Siriakoekin negoziatu ondoren, Damaskok erabaki du milizianoak bidaltzea, eta, YPGren arabera, barrutiaren mugak babestuko dituzte. Turkiako NTV kateak dioenez, Turkiako armadak Afrinen %15 inbaditu du; nagusiki, mugako eremuak. Haren erasoetan hildako zibilen azken kopurua herenegun eman zuen Afringo Avril ospitaleak: 170.

Errusia, elkarrizketa eske

Siriako Gobernuaren eta Turkiaren artean gerra zuzena hasteko arriskua sortu da, eta hori eragozteko, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak atzo berretsi egin zuen Damaskori eta Ankarari herenegun egin zien eskaria. «[Siriaren] Lurralde batasuna oinarri duen elkarrizketa bat egin beharko litzateke», adierazi zuen Esloveniara egindako bidaia batean. Gainera, Siriako Gobernuak «kurduekin ere» negoziatu beharko lukeela erran zuen.

Siriako Gobernuaren babesle handiena da Errusia, eta Turkiarekin eta Iranekin batera azken urtebetean baino gehiagoan elkarrizketak eta negoziazioak bultzatu ditu gerraren konponbide bat lortzeko. Kalinek, Turkiako presidentetzaren bozeramaileak, atzo erran zuen ez dutela elkarrizketa zuzenik izan Siriako Gobernuarekin, eta Errusiaren eta Iranen bidez «zeharkako harremana» dutela.

Damasko ondoko Ekialdeko Ghoutan, berriz, Ilargi Gorriak armadari baimena eskatu dio giza laguntza banatu eta zaurituak artatzeko. Militarrek setiatua dute matxino islamisten menpe dagoen toki hori. «Badirudi borrokak sufrimendu anitz eragin duela azkeneko egunetan eta asteetan», adierazi du Marianne Gasser Siriako delegazioko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.