Eneko Bidegain.
EUSKARALDIRAKO ZAZPI HILABETE

Erdaralditik atera

2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Aldia: «garaia, nolabait mugaturiko denbora-bitartea». Egutegia beltzez markatuta nahi dugu, eta kausa bakoitza borrokan ari da egutegian tokiño bat lor dezan, «Urte berri on» alditik «Eguberri on» aldira, inauteriak, sagardotegi denboraldia, herrietako bestak, oporraldia, ikasturte hasiera eta abar dauzkagu, eta tarteka egun seinalatuago batzuk: martxoaren 8a, Aberri Eguna, maiatzaren lehena... Kausa horietako batek aitzinamenduak egin baditu, ez da izan urtean egun bakarreko (edo egun horren berotze faseko) ospakizunei esker, baizik eta borroka ardatz estrategiko bat bihurtu delako, azken urteetan.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izanen da aurtengo Euskaraldia. Euskarak dituen behar gorriak ikusirik, dena da hartzeko on; horrelako kanpaina bat barne. Baina euskara herri honen borroka ardatz estrategikoa ez den bitartean, euskara beti maingu ibiliko da.

Ezagutzaren datuak, orokorki, hobera doazela diote estatistikek (orokorki, Ipar Euskal Herriko egoera larria baita), baina erabilerak ez du gora egiten. Eta horrek sortu du kezka. Baina hain baikorrak al dira ezagutzari buruzko datuak? Batetik, erakunde publikoek aurkezten dituzten datuen irakurketa kritikoago bat egin beharko litzateke, erakundeei komeni zaielako egoera ederrestea, lanean ongi ari direnaren irudia emateko. Bestetik, zein da ezagutzaren neurgailua?

EAEko biztanle gazte ia guztiek ba omen dakite euskara. Ipar Euskal Herrian, datuen irakurketa baikorra egiten dute erakunde publikoetatik: lehen baino gehiago ari dira elebidunean (A edo B ereduen parekoak) edo murgiltze ereduan ikasten, eta lehen hezkuntzan ikasten ari diren ikasleen %40 elebidunean ari dira. Baina begira ditzagun datuak hurbilagotik: %10 dira euskaraz ikasten dutenak, gainerako %30ek euskararekin harreman zerbait daukate, beste %60ek tutik ez. Kopuruak anitz egiten du behera 11 urtetik gorakoetan; eta 15 urtetik gorakoetan, %12 dira elebidunean edo euskaraz ikasten dutenak, baina %5era ez dira heltzen D ereduan ari direnak (kasualitatez, txostenak ez du ehuneko zehatzik ematen). Seaska sortu eta mende erdi geroago! Hori aski ez, eta %5 horietako gehien-gehienek unibertsitateko ikasketak Frantzian egiten dituzte, eta haietako anitz ez dira Euskal Herrira itzultzen.

Beste datu baikor bat eman digute duela zenbait hilabete: Euskal Herri kontinentaleko herritarren %42k jarraitzen dute euskarazko hedabideren bat. Nola, bada, biztanleen %20 inguru baldin badira euskaldunak? Alabaina, datu horretan noizbehinkakoak ere sartzen dira, eta noizbehinkako izaerari buruzko xehetasunik ez dago. Euskal Irratiak erregularki entzuten dituztenak %11 dira, ETB1en ikusleak %4, eta euskarazko prentsa erregularki irakurtzen dutenak %1-2. Haatik, frantsesezko hedabideekiko leialtasuna %90ekoa da.

Kopuruetatik harago, lehen eta bigarren hezkuntzan euskaraz ikastearekin bakarrik ez da nahikoa euskaldunak sortzeko, euskara gelako hizkuntza izatera mugatua baldin bada. Euskara idazluma gorriarekin lotzen dutenek ikusten dute beren ingurune osoak erdaraz funtzionatzen duela. Merkataritza eremu gehiena, kultura eskaintza zabalena, ikus-entzunezkoak, hedabideak, bideo jokoak, lan mundua, aisialdia, administrazioa, botere ekonomikoa, botere politikoa... erdaraz ari dira nagusi-nagusiki. Euskara erabat gutxietsia eta baztertua da. Euskararekin zailtasunak izanik ere ezagutzaren estatistiketan elebidunen kopuruan sartzen diren horiek zer motibazio ikusten dute euskaraz bizitzeko, eskola garaia bukatu ondoren?

Erabileraren auzia ez badugu zuzen-zuzenean lotzen euskararen eta Euskal Herriaren zapalkuntza politikoarekin, auziz nahasiko gara beti. Mendeetako jazarpenaren ondorioa jasaten du euskarak; eta jazarpen hori, zenbaitetan, itxuraldatu bada ere, indarrean dago gaur egun ere. Euskaraz mintzatzen ez diren elebidun horiek ere gure herriaren zapalkuntzaren biktima dira, bizkar gainean garraiatzen dutelako euskararen gutxiespenaren ondorioa.

Indar harremana euskararen alde jarriko da Frantziarekiko eta Espainiarekiko kateetatik askatuko garenean. Bai, politika da. Euskara ez dela politizatu behar diotenei (garbi geldi bedi politika alderdi politikoen jardunetik anitzez harago doan zerbait dela) erantzunen nieke ea frantsesa eta espainola ez diren politizatuak, ea hizkuntza haien nagusitasuna ez den politika.

Dena den, ez dirudi herri honen askapena bihar goizerako izango denik. Beraz, begi bistakoa da mila ekimen antolatu behar ditugula, euskarari indarra emateko.

Baina ez da aski bi urtean behineko euskararen aldi batekin. Euskararen aldia izan behar da urtean 365 egunekoa. Ez dugu behar urtean 354 egunez erdararen alde ari direnen aurpegi zuritzerik. Behar dugu euskararen aldeko estrategia nazional bat, euskara herri honen agendaren erdigunean ezarriko duena. Hezkuntza, kultura, hedabideak, internet mundua, aisialdia, lan mundua, osasun arloa, kontsumoa, barne turismoa eta abar... Denbora hartu behar dugu elkarrekin pentsatzeko, bai ikuspegi orokor batetik, bai arloz arlo, sail bakoitzean zer ari garen egiten ongi eta zer daukagun hobetzeko, euskarak indarra har dezan. Hausnartu, bistan da, ekintza plan bat martxan jartzeko, eta lanean hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.