begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Koska bat... gordinago

2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Duela gau beltz pare bat, Sitgeseko paraje beldurgarrietara urtero arrimatzen diren fantasiazaleek zutik eta txalo zaparradaz hartu zuten Paul Urkijoren Irati.

Urriaren 28an Donostian ez bazaude edo Donostiaratzerik ez baduzu, espero desesperatuan egon beharko duzu zure etxe ondoko areto korrienteetan estreinatu arte. Noiz? Azaroaren 18an.

Nola eutsi itxarote krudel horri? Ez dakit ba. Gustatuko litzaidake kontsolamendurako aholkurik eman ahal izatea, baina ezin dut. Pelikula inspiratu duen komikia aspaldi zaharrean geratu zen katalogo guztietatik kanpo. Izan ere, joandako mendean argitaratu zuen Glenat argitaletxeak, baina badira urteak konpainia desagertu zela. Eta inork ez du Juan Luis Landak eta Jon Muñoz Otaegik 1995ean sorturiko El ciclo de Irati komikia berriro kaleratzeko erantzukizuna, arriskua eta plazera hartu.

Ez galdu, alta eta otoi, esperantzarik. Filmaren estreinaldiaren datak hurbildu ahala, akaso, agian, batek daki, baten bat ausartuko da editatzen, euskaratzen, plazaratzen. Ez ahaztu berdin jokatu zutela Aritz Morenok Antonio Orejudoren Peligros de viajar en tren zinema bihurtu zuenean. Berdin Jane Campionek Don Winslowen The Power of the Dog pantailaratu eta gero. Ildo beretik goazela, ondo erreparatu, mesedez: oraintxe-oraintxe liburu denda erraldoi guztietako apaletan da Carol Joyce Oatesen Blonde kontakizunaren poltsikoko edizioa. Kasik mila orrialde dituena, 16,99 euroan.

Egin dezagun otoitz inork El ciclo de Irati (ahal balitz euskaraz, latinez eta arabieraz) plazara dezan. Bestela, ekin bilaketari liburu zahar eta magikoak salgai jartzen dituzten webguneetan. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak 2013an sortu zuen edizioko ale batzuk (Saiak izenburuko atala, esaterako) hortik zehar aurkituko dituzue. Prezio egokian, 11 euro inguru, azkar demonio ibiliz gero.

Irati filma noiz estreinatuko zain, ibil gaitezen zineklubetan barna. Badira sariak eta urteak pilatzen dituzten hainbat. 70 urte ditu, kasurako, Bilboko FASek. Nahiz eta munduaren biran hamaika garaikur jaso, hutsaren hurrengoa izango zara zure filma ez badute Indautxu plazako Carmen aretoan eman. FAS Bilboko zinema jaialdi guztien laguntzaile fina da, eta udalak Bilbotar Gailen izendatu zuen duela gutxi. Bere aldetik, Donostiako Kresalak 50 urte ospatu berri ditu, eta Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina du aitortza. Kaurismakiren inguruko ziklo bat osatu du orain.

Beste batzuk gazteagoak dira. Baita ganberroagoak ere. Basatiagoak. Adibide garbiena, Errenteriako Ozzinema. Bertakoek zinema arraroaren bilaketa dute plazer, tentazio, bandera. Baina ez entziklopedietako hautsez beteriko film klasikoak. Ez haizeak eta ahanzturak eramandako autoreak, ezinbestean berreskuratu beharrekoak (omen). Ez. Beste zineklub askotan ez sarrerarik ez pantailarik sekula izango ez dituzten pelikulei eskaintzen diete aterpe Niessen aretoetan. Adibide garden bat nahi, behar? Datorren asteartean ezagutzera emango duten Fabrice Eboueren Barbaque (2021). Bertan, garai txarrak pasatzen ari den harakin bikote batek haragirik jaten ez duten beganoen haragia zeinen gozoa den eta zeinen ondo saltzen den deskubrituko dute. Baina, jakina, ez dago gizaki beganoak hazten dituen abeltegirik. Beraz, bikotea eta negozioa salbatu nahian, ehizari ekingo diote pantailan.

Bidenabar, burutik sano ez den komedia badirudi ere, kapitalista-arrazistei jipoi galanta (merezi dutena, besterik ez) ematen die filmtxo engaiatu honek. Ziurrenik, ez FASen ez Kresalan ez lukete inoiz programatuko. Horrexegatik, Irati filma noiz estreinatuko esperoan ez desesperatzeko ahaleginetan, har ezazue Errenteriako bidea, Igelak 2018an kaleraturiko Henry Jamesen Koxka bat estuago ale bat besapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.