Venezuela. Krisi politikoa

Armadak ez du Guaido onartu

Militarrek «leialtasuna» adierazi diote Madurori. Elkarrizketarako prest dago presidentea. EBk ez du aitortu Guaidoren presidentetza, baina Asanblea Nazionala legitimatu du

Armadak ez du Guaido onartu.
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Azkeneko asteotan behin baino gehiagotan egin bezala, herenegun ere «familia militarrari» zuzendu zitzaion Juan Guaido, bere burua Venezuelako presidente behin-behineko izendatu zuenean. Eskuineko politikariak badaki armadak berebiziko garrantzia duela Venezuelako krisi politikoa norabidetzeko orduan, eta eskatu zion «arduraz» jokatu dezala. AEBak ditu aliatu nagusi Venezuelako oposizioak, eta Mike Pompeo Estatu idazkaria Guaidoren antzera mintzatu zitzaion armadari, nabarmenduz «demokrazia» babestu beharra daukala. Baina FANB Indar Armatu Nazional Bolivartarrak Nicolas Maduro presidentearen alde egin du, atzo erakutsi moduan. Aurrena zenbait jeneralek adierazi zioten «leialtasun erabatekoa» errepublika bolivartarreko presidenteari, eta geroxeago Vladimir Padrino Lopez Defentsa ministroak agerraldia egin zuen militarrez inguratuta, eta agiri bat irakurrizuen FANBen izenean. Guaidoren jarrera «gaitzesgarria» salatu zuen, eta ohartarazi zion armadak inoiz ez duela onartuko «inposatutako» presidenterik.

Botere judiziala ere alboan dauka Madurok. Atzo arratsaldean Auzitegi Gorenera joan zen, eta hango magistratuen beroa jaso zuen 2013an eta iaz presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituenak. Eta Gorenean emandako diskurtsoan azpimarratu zuen prest dagoela oposizioarekin beste elkarrizketa sorta bati ekiteko. Mexikoko eta Uruguaiko gobernuek bultzatu dute gisa horretako nazioarteko ekimen bat, eta Maduro «ados» dago proposamenarekin.

AEBetako agintariek, bitartean, «presidente ohi» esaten diote jada Madurori. Venezuelako presidenteak harremanak eten ditu AEBekin, eta herenegun 72 orduko epea eman zien hango ordezkariei herrialdetik ateratzeko. Washingtonek erantzun du ez duela ultimatuna onartzen, eta, gainera, Venezuelari buruzko bilera bat eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari. Segurtasun kontseiluko kide iraunkor dira Txina eta Errusia —AEB, Erresuma Batua eta Frantzia dira besteak—, eta horiek Maduroren alde egin dute, Turkiarekin, Iranekin eta Siriarekin batera.

EB Europako Batasunak ez du Guaidoren presidentetza aitortu. Hori bai, ordu batzuk lehenago Federica Mogherini Bruselako diplomaziaburua mintzatu zen, eta «erabateko babesa» eman zion Asanblea Nazionalari, «legitimoki aukeratua» izan zen instituzioa delakoan.

Urtarrilaren 5etik Guaido da, hain zuzen ere, Asanblea Nazionaleko presidentea. Oposizioak gehiengoa dauka parlamentuan— 2015eko parlamenturako hauteskundeak irabazi zituen—, baina badira hiru urte ganbera hark ez duela ahalmen legegilerik. Gorenak «desmen egoeran» izendatu zuen, hiru diputaturen kargu hartzeak behi-behinean eteteko aginduari kasurik ez ziolako egin. Beraz, botere legegilea Batzar Konstituziogilearen esku dago 2017tik. Oposizioak boikota egin zion, eta ganbera horretan chavistak besterik ez daude.

Chavismoarekin, Madurorekin, etsaituta dago AEE Ameriketako Estatuen Erakundea. EBk bezala, AEEk ez zuen onartu iazko maiatzean Venezuelako presidentetzarako hauteskundeen emaitza. Maduro erraz nagusitu zen, baina abstentzioa handia izan zen, %54koa, oposizioaren indar nagusiek boikota egin zietelako bozei. Oraingoan «erabateko babesa» eskaini diote Guaidori AEEko 34 herrialdeetatik hamaseik —eskuineko gobernuak dituztenek—, baina erakundeak Venezuelari buruz atzo egin zuen ezohiko batzarrean ez zion presidentetza aitortu. Ur handitan sartu asmorik gabeko adierazpena izan zen hamasei herrialde horiena. Oso ohikoa da hori AEEren barruan.

Kuba ez da AEEko kide, eta atzo hango gobernuak azpimarratu zuenez, AEBek Guaido aitortu dute, Venezuelako petrolio baliabide «zabalak» kontrolatu nahi dituelako. Kontuan hartu behar da petrolio astuneko erreserba handienak dituen herrialdea dela Venezuela, eta mineral estrategikoetan ere aberatsa dela.

AEBek jopuntuan dute Venezuela. Iraultza bolivartarra gailendu zen 1998ko hauteskundeetan, eta Gerra Hotza amaitu eta gero (1991) boterera heldu zen ezkerreko lehen mugimendua izan zen. 1990eko hamarkadan gobernu neoliberalak eduki zituzten Latinoamerikako herrialdeetan, baina hurrengo hamarraldian ezkerrekoen garaia izan zen.

Hildakoak

Eta Etxe Zuriak Guaido bere burua presidente izendatzera eraman duen prozesua mamitzen lagundu dio Venezuelako oposizioari. Aintzat hartu beharrekoa da, adibidez, Guaidok bat-batean jauzi egin duela agertoki politikoaren lehen lerrora. Berez, ibilbideagatik, behintzat, oposizioko beste diputatu batzuk zituen aurretik, baina hura aukeratu dute, profil herritarragoa duelako. Jatorria klase ertainean duela, eta chavismoaren aurka kalean borrokatu izan dela azpimarratu du oposizioak hari buruz.

Bestalde, herenegungo liskarretan gutxienez 16 pertsona hil zirela jakinarazi du CIDH Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak. Washingtonen du egoitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.