Koronabirusa

Immunoeskasia sei itaunetan

'Immunoeskasia': berriz lehen lerroan egon da hitza, hirugarren dosiari buruzko berriak tarteko. Erantzun immunitario apala duten pertsonen arazoez jarduteko erabiltzen da.

arantxa iraola
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Propio aipatu da immunoeskasia duten pertsonentzat izan daitekeela egokia COVID-19aren kontrako txertoa beste dosi batekin indartzea. Asteonosasun agintariek zerrendan sartu dituzte adineko pertsonak ere. Osasun arazo horri buruzko zenbait jakingarri argitzea garrantzitsua da. Madrilgo La Paz erietxeko immunologoa da Carmen Camara, Espainiako Immunologia Elkarteko idazkaria. Hainbat argibide eman ditu:

ZER ESAN NAHI DU?

Horra definizioa, Camararen hitzetan: «Pertsona batek immunoeskasia izateak esan nahi du bere sistema immunitarioak era eskasean funtzionatzen duela, normalean baino baxuago».

ZERK ERAGITEN DU?

«Motiboak askotarikoak izan daitezke», zehaztu du Camarak. «Hain zuzen ere, lehen eta bigarren mailako immunoeskasiak bereizi behar dira. Lehen mailakoak gaixotasun arraroak izaten dira; sistema immunitarioko geneetako mutazioek eragindakoak, zeintzuek sistema horren funtzionamendu ona eragozten baitute», azaldu du. Jaiotzetikoak ez dira, ordea, arazo klase guztiak. Bigarren mailako deiturikoen atzean motibo klase asko egon daitezke: «Ohikoagoak izaten dira bigarren horiek, eta egoera askotan agertzen dira: minbizia duten pertsonetan, adibidez». Beste hainbat gaitz eta tratamendu ere izan daitezke tankera horretako immunoeskasien kausa.

ZAHARTZEAN AGERTZEN DA?

Camararen arabera, dudarik ez da, edadeak apaldu egiten du erantzun immunitarioa, eta izen bat ere bada prozesu horren berri emateko: «Immunoseneszentzia esaten diogu. Horren bidez deskribatzen dugu zahartzaroak sistema immunitarioan duen eragina». Eta ez da onerako izaten: «Gazteetan baino ahulago funtzionatzen du adineko pertsonetan sistema immunitarioak».

ZER ERAGIN DU?

Immunoeskasia «motaren arabera», horren eragina ere aldatu egiten dela nabarmendu du Camarak. Hor garrantzia du gogora ekartzeak bi erantzun immunitario mota daudela: alde batetik, jaiotzetiko immunitatea deitua dago. Edozein erasoren aurrean, oso azkar erantzun ohi du; normalean, ez da espezifikoa izaten erantzun hori, horrek esan nahi du immunitate mota horrekin martxan jartzen diren defentsak ez direla propio organismora heldu den patogeno horren kontra gorputzak garatutakoak; orokorrak dira. Atzetik heldu ohi da bigarren immunitate mota: moldaerazkoa deitua. Erantzuna ona izate aldea, bi immunitateen arteko «harmonia» ezinbestekoa dela azaldu ohi dute adituek; beraz, eragina batean edo bestean izanda ere, aintzat hartzekoa da.

TXERTOA HARTZEAN, ZER?

COVID-19aren gaineko erabakiak hartzean kontuan hartu behar dira arazook. «Izan ere, immunoeskasiak dituzten pertsonetan txertoak kale egiteko arriskua handiagoa izaten da gainerako herritarren artean baino», onartu du Camarak. Adibide bat jarri du; rituximab botika—hainbat eritasun tratatzeko erabiltzen da, esaterako artritis mota bat— hartzen duten pertsonen %40 ez dira txertoarekin antigorputzak garatzeko kapaz.

ZER EGIN DAITEKE?

«Immunoeskasia duten talde guztiak ondo aztertu behar dira», azaldu du Camarak. Bakoitzean zer gertatzen den aztertu, eta erabakiak hartu behar dira: «Egongo dira, adibidez, txertoaren beste jarraibide bat behar duten pertsonak, edo txerto heterogenoak behar dituztenak, alegia, lehen jarraibidekoen bestelakoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.