Koronabirusa

Jardunera itzultzeko neurri berriak

Madrilek maskarak derrigortuko ditu, bi metroko tartea gorde ezin denetan; baita kalean ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritarrak herrialdean zehar ibil daitezke jada

Saltzaile bat Landabengo azokan (Iruñea). JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jon O. Urain - Paulo Ostolaza
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun

Konfinamendua arintzeko lehen fasean dago Hego Euskal Herria; Espainiako Gobernuak onartzekotan, baliteke gaur zortzi igarotzea bigarren fasera. Haatik, lehen fase horretako neurri batzuk arindu zitzaizkien atzo Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako biztanleei. Aldiz, iluntzean, beste batzuen berri eman zuen Madrilek, nahiz eta agindua bera eta xehetasunak datozen egunetan argitaratuko dituen: derrigortu egingo du maskaren erabilera, bi metroko tartea gorde ezin den kasuetan; baita kalean ere.

Maskarak derrigorrez erabili beharko dira?

Espainiako Gobernuak eta erkidego autonomoetako osasun sailburuek atzo iluntzean adostu zuten maskarak derrigorrezkoak izango direla garraio publikoan —orain arte bezala—, leku itxietan, eta baita edozein leku publikotan ere, ezin bada bi metroko tartea gorde. Datozen egunetan argitaratuko dute agindua, eta orduan emango dituzte xehetasunak.

Ordutegi berberak?

Oro har bai. 10.000 biztanletik beherako udalerrietan, ordea, kendu egingo dute soilik ordutegi jakin batzuetan kalera irteteko agindua. Ordutegi horiek maiatzaren 2an ezarri zituzten, konfinamendutik pixkanaka ateratzeko, eta 5.000 biztanletik beherako herri eta hirietan egon dira indarrean azken asteetan. Sanchezen gobernuak herenegun iragarri zuen atzo sartuko zela neurri hori indarrean, baina, Madrilek oraindik ez duenez Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 5.000 biztanletik beherako langari eutsi die Foruzaingoaren, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren jardunerako emandako irizpideetan. Guztira, 36 udalerritako biztanleei eragingo die horrek.

Tamaina horretatik gorako herrietan ez dago aldaketarik: 06:00-10:00 eta 20:00-23:00 tartea ariketa fisikoa egiteko edo paseatzeko, 12:00-19:00 tartea 14 urtetik beherakoentzat, eta 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 tarteak 70 urtetik gorakoentzat eta menpekotasunak dituztenentzat.

Zer lokal eta saltokik ireki ditzakete ateak?

Larrialdi egoera ezarri zenetik ateak irekitzerik izan ez duten saltoki guztiek. Bakarra da bete beharreko baldintza: lokala 400 metro karratukoa edo gutxiagokoa izatea. Muga hori gainditzen badute, ordea, bezeroentzat erabilgarri dagoen esparrua mugatzeko aukera izango dute dendek.

Zabaldutakoan, okupazio maila gehienez %30ekoa izango da saltokietan; arduradunek gutxienez bi metroko distantzia bermatu beharko dute bezeroen artean, eta 65 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute.

Beherapenak bai?

Saltoki guztiei beherapenak edo bestelako promozioak egiteko debekua ere kendu die Espainiako Gobernuak. Baldintza bakarra jarri die: jende pilaketarik ez sortzea. Hori gertatzen bada, saltokiek bertan behera utzi beharko dituzte eskaintza bereziak.

Terrazek zer ordutegi?

Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzari eta Udaltzaingoei bidalitako txostenak argi dio: udal bakoitzak erabakiko du ostalarien terrazek zer ordutegi bete beharko duten. Ez dago gai horrekiko jarraibide orokorrik, eta, beraz, herritik herrira alda liteke ordutegia.

Senideak bisitatu ditzaket ala ez?

Kasuan-kasuan. Bisitatu beharreko pertsona 65 urtetik gorakoa bada, menpekotasunen bat badu edo antzeko beste beharren bat, bai. Lekualdatze horiek haurrak zaintzeko egitea ere posible izango da aurrerantzean. Horrela dio Ertzaintzari eta Udaltzaingoei bidalitako txostenak: «Autonomia Erkidegoaren barruan, beharrizana badago, ilobak zaintzera joan ahal da edo ilobak beste leku batera eraman ahal dira, senideek zain ditzaten».

Etxean bildu gaitezke?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ez. Ezta elkarte gastronomikoetan edo gazteen lokaletan ere. Maiatzaren 11tik aurrera, lagun edo senideekin gelditzea posible dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko, Zuberoako herritarrek —100 kilometroko erradioan eta muga igaro gabe— eta Nafarroakoek —probintzia barruan bada—.

Herritik irten naiteke?

Herrialdearen mugak errespetatzen diren bitartean, bai; paseatzeko edo jarduera fisikoa egiteko probintzia barruan ibiltzea baimendu dute. Hori bai: jarduera hori ohiko bizilekua dagoen herritik kanpo egin nahi bada, lehendik ezarritako ordutegien mugak errespetatu beharko dira; hau da, 6:00-10:00 bitartean edo 20:00-23:00 bitartean egin beharko da.

Beraz, herritik kanpoko mendietara edo naturaguneetara joatea posible da. Baimendu dituzten beste jarduera batzuk arrantza, ehiza eta aisialdirako itsasoko nabigazioa dira, betiere segurtasun eta garbitasun baldintzak betetzen diren bitartean. Kirol zentro pribatuetara joatea ere posible da, aurrez ordua hartuta.

Bigarren etxebizitzara joaterik badut?

Hori ere, lurralde historikoaren mugen barruan, baimenduta egongo da aurrerantzean, baita bertan gaua igarotzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.