Inbertsio funtsak. Etxejabe handienak

Putreak teilatu gainean

Inbertsio funtsak munduko etxejabe nagusiak bihurtu dira, eta alokairua garestitzea hauspotzen dute. NBEk «giza eskubideen kontrakotzat» jo du Blackstone funtsaren jarduna. Hegoaldean, hamar etxegabetzetik zazpi alokairua ez ordaintzeagatik dira.

Jon Fernandez.
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Mudantza betean dabil egunotan Iñaki Otaño. 58 urte beteta, bi hamarkada egin ditu Donostiako Benta Berriko babes ofizialeko etxeetan bizitzen, eta etxeko gauzak paketeetan sartuta Lezora (Gipuzkoa) eramaten ari da, bikotekidearen etxera. AEBetako Blackstone funtsa da orain Benta Berriko babes ofizialeko hiru etxebizitza blokeren jabea, eta 2028an babes ofizialeko izateari utziko diote: orain, hilean 750 euroko errenta pagatzen dute; 2028tik aurrera, auskalo. «Inpotentzia hutsa da hau. Sekulako pena ematen dit hogei urte egin eta gero hemendik joateak. Eta, txarrenean ere, zortekoa naiz ni,bikotekideak pisu bat daukalako Lezon. Baina zenbat jende dago inolako aukerarik gabe?». Gaur-gaurkoz, 510 etxebizitzatan bizi da jendea alokairuan Benta Berrin.

Nekeak gainez eginda doa Otaño Lezora bizitzera, aukera izan duten bizilagun askok dagoeneko egin duten bezala. «2028an zer egingo dute, etxegabetze kolektibo bat?», Otañok ezin du ulertu egoera. Ez ditu ulertzen, era berean, Eusko Jaurlaritzaren isiltasuna eta gelditasuna, zeinak sustatu baitzituen babes ofizialeko etxeok 1998an, nahiz eta gero Metrovacesa eta Vallehermoso enpresei eman azalera eskubidea. Bi enpresok Testa Residencial socimiarekin bat egin zuten —10.600 etxe ditu Espainian eta Hego Euskal Herrian, %6,5 Donostian—, eta, hara non, Blackstone funtsa da Testaren jabe nagusia.

Inbertsio funtsak buru-belarri sartu dira higiezinen negozioan. Munduko etxejaberik handiena da Blackstone, eta NBEren aditu talde batek «giza eskubideen kontrakotzat» jo zuen haren jarduna martxoan, «maizterrak etxeetatik botatzen» ari delako, eta, kasu batzuetan, alokairuaren prezioak %30 eta %50 garestitzen.

Hego Euskal Herrian eta Espainian socimi deitutako elkarteak dira inbertsio funtsen tresnetangehien erabiliak etxebizitzak erosi eta alokatzeko. Hitzez hitz, Higiezinen Merkatuan Inbertitzeko Sozietate Kotizatu Anonimoak dira: Socimi, gaztelerazko akronimoetan.

Gipuzkoan, ia 1.100 euro

Aitziber Etxezarreta EHUko ekonomia irakasleak azaldu du «funts putreak» ere esaten dietela socimietan parte hartzen duten funts handiei, «merke erosi eta gero errentagarritasun handia atera nahi dutelako».

Alokairua dagoeneko urrearen prezioan dago. Batez besteko alokairu errenta 766 euro da Araban, 781 euro Nafarroan, 911 euro Bizkaian, eta 1.086 euro Gipuzkoan.

Zenbateraino igo daiteke? «Maizterrak ordain dezakeen beste», erantzun du Etxezarretak. «Muga horretara iritsi ote garen? Ez dakigu, dakiguna da prezioak asko igo direla, ziurrenik eskaria handitu delako eta eskaintza txikia delako. Urria zen lehendik ere, baina hainbat faktorek gehiago murriztu dute; turismorako alokairuek, adibidez».

Alquiler Seguro markaren arabera, EAEko herritarrek diru sarreren %33 erabiltzen dute alokairua pagatzeko, batez beste; Nafarroakoek, %28. EHUko irakaslea ez da fio. «Batezbestekoak ez du islatzen benetan arazoa; lausotu egiten du. Kolektibo batzuetan, esfortzua askoz handiagoa da». Nazioarteko gomendio estandarra da etxebizitzaren gasturako diru sarreren %33 baino gehiago ez erabiltzea.

Hegoaldean, maizter askok gainditzen dute gomendatutako esfortzua. Iaz, 1.568 etxegabetze egin zituzten Hego Euskal Herrian, horietako %70 alokairua ez ordaintzeagatik (1.102). Hala ere, beste arazo batez ere ohartarazi du Adolfo Gomez Bizkaiko PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformako kideak: «Inbertsio funtsen sarrera, etxeen alokairuan baino gehiago, zor hondarraren arloan igarri dugu».

«Zor hondarrak»

Hipoteka ez ordaintzeagatik norbait desjabetzen dutenean, oraindik ere zor bat izaten du bankuarekin, zor hondarra. «Demagun 130.000 euroko zorra daukazula. Bankuak kendu dizu etxea, baina 30.000 euroko zorra geratzen zaizu: maileguaren zor zatia, kostu judizialak eta berandutze interesak», esplikatu du Gomezek.

Bankuek arazoak izan dituzte zor hondarrok kobratzeko, besteak beste, «irudi publiko txarra» ematen dielako. «Bankuakinbertsio funts bati saltzen dio 1.000 euroan zure 30.000 euroko zor hondarra, eta eskatzera etorriko zaizu. Zuri, etxegabetuari edo abal emaileari, eta horiek, normalean, desjabetuaren gurasoak izaten dira». Suitzako Intrum funtsa, Norvegiako Lindorff eta Britainiako Cabot dira jarduera horretan dabiltzan funts nagusiak.

Bai EHUko irakaslearen ustez, bai PAHko kidearen ustez, arauek eta kontrolak ekar dezakete alokairuaren prezioa jaistea, eta benetako alokairu sozialen kopurua asko handitzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.