Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Amaierako argia

2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Denboraldi luze baterako zutabe artetik agurtzera noa. Hilabete astun hauen ostera behingoz arnasa hartzen hasiak garela dirudi, egoerak barealdirik baduela. Apurka neurriak murrizten hasiak dira, kaleetan zein erietxeetan.

Esan beharra daukat bereziki erietxeetako neurri murriztaileen barealdi honek pozten nauela, ederra dela berriro ere gaixoak korridoreetan barrena ikustea, lau hormaren artetik harago haiek ikusteko aukera edukitzea. Gogorrak izan baitira oso neurriak erietxeetan, aire gehien behar zuten pertsona horiek eduki baitute askatasun gutxien babes neurriak direla eta.

Gauzak hobetzen ari dira zorionez, baina pasatutako guztiaren ondorioak agertzen hasiak dira. Osasun sistemak zama handia jasan du, eta ez da doakoa izan. Atsedenaldirik gabe egunen joan-etorrian lanean ibili dira asko, ohikoak baino estresagarriagoak ziren egoerak bizitzen, neke fisikoa areagotzen zuten babes indibidualerako ekipoek jantzita. Neke fisiko eta emozionalak akidura punturaino eraman ditu langileak, laneko bajak hartuaz batzuk, beste batzuk euren profesioak uzteko erabakia hartzera iritsita. Arrazoia bat edo beste izan, egoera kritikoa izatera iritsi da, erizainak ordezkatzeko kolpetik ez dago ordezkorik, erizain asko behar dira osasungintzako hainbat esparrutan eta erizainek ere atsedenaldia behar dute. Atsedenaldirik ezean klaudikazio mailak handitu egingo dira, osasun profesionalen lanaren kalitatea okertuz, eta ondorioz osasun sistemaren kalitatea gutxituz. Atsedenaldiak emateko lan handia egiten ari dira gainbegiraleak, baina jakin badakite atsedenaldi horiek eman ahal izateko kalitate asistentziala kaltetua ikus daitekeela.

Aurrera egingo dugu honetan ere, eta berandu baino lehen anekdota hutsean geldituko da dena. Baina eskertuko nuke etorkizunean osasungintzak ere behar duen tokia edukitzea. Ez ditzagun baldintzak datozen moduan onartu.

Erizaintzaren edertasunaz hitz egin nahiko nizueke aurki, pasioz betetzen gaituen lanbide honek dituen mila adar ederrez, atzean duen zientziaz, gizatasunaz eta behingoz atzean utzi hankaz gora jarri gaituen pandemia. Une hori aurki iristearen zain gelditzen naizen bitartean, eskerrak eman nahi dizkiet atsedenik gabe lanean jardun diren horiei guztiei, irudi eta eredu izan diren gaixo eta senide guztiei, bide luze honetan umorerik eta indarrik galdu ez duten horiei, eta, nola ez, zutabe hau posible egin duzun zuri, irakurle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.