Ile apaintzaileak, ez estilistak

Sindikatuak negoziazio kolektiboan lehen lerroan jartzen hasi dira soldata arrakalari aurre egiteko neurriak; berdintasun planak beste eskaeren pare ipini nahi dituzte.

Emakumeak Askeak taldearen ekintza bat Donostiako erdigunean. JON URBE / FOKU.
xabier martin
Donostia
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Ile-apaintzaile baten eta estilista baten benetako aldea ez da batak besteak baino gaitasun handiagoa duela ilea mozteko, baizik eta ile apaintzailea andrea izan ohi dela, eta estilista, berriz, gizona. Sexuaren araberako lanaren banaketa eskema klasikoari segitzen dio mailaketaren sailkapen horrek ere: gizonei eta emakumeei lan jakin batzuk egozten zaizkie, ustezko trebezia eta gaitasun naturalak tarteko. Kontua da aldagai horiek ez, baina banako bati egokitu zaion sexuak erabakitzen duela gehien-gehienetan; argi islatzen du hori XXI. mendeko egitura soziolaboralak. Ez da kasualitatea ile apaintzailearen prestigioa eta aitortza sozial eta ekonomikoa estilistarenak baino apalagoak izatea, eta ez da kasualitatea ile apaintzaile emakumeak izatea eta estilista gizonak.

Eta datuek erakusten dute lanak ez zaizkiela besterik gabe egokitzen banakoei: Emakundek 2016an egindako diagnostikoaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sexuen arteko soldata arrakala zuzena %14,3koa da orduko irabazietan duten aldea; arrakala osoa, berriz urte osoko ordainak aintzat hartuta %24,4koa da. 7.500 euroko zauri soziala da hori. Nafarroan are handiagoa da: 7.800 euro, %26,25eko arrakala.

«LAB sindikatua 1999tik ari da soldata arrakala aztertzen, eta apenas aldatu diren portzentajeak», dio Arantxa Vazquezek, sindikatu abertzaleko idazkaritza feministako kideak. «Esan daiteke arazo kronikoa dela, azken finean arazo politikoa dagoelako atzean, arrakalari eusteko borondate argi bat». Vazquezek uste du sistema politikoaren «tresna bat» dela emakumea bigarren mailan uztea, «lan bera egiteagatik gutxiago jasotzeko»; zaintza lanak ere emakumeen gain uzten direla gogoratu du. «Finean, emakumea ekonomikoki ustiatzeko tresna da arrakala».

Gero eta leku gehiago hartzen ari da sexuen arteko arrakalari aurre egiteko aldarrikapenak negoziazio kolektiboan, baina oraindik lorpen txikiak izaten ari dira, «oso txikiak». LABeko kidearen arabera, sektore feminizatuetan lan gatazka gehiago daude, emakumeak arrakalari aurre egiteko borroka betean daudenaren isla. «Egia da, bestalde, gatazka batzuek oihartzun handiagoa lortzen dutela beste batzuek baino, baina kontua da aspaldikoa dela emakume langileen borroka enpresetan. Orain argiago ikusten dira, akaso».

LABeko kideak Bizkaiko metalgintzari erreparatu dio soldata arrakalak negoziazio kolektiboan hartzen ari den indarra esplikatzeko. «Garrantzitsua izan da Bizkaiko metalgintzan zein ondo islatu den berdintasun plan eraginkorren erreibindikazioa; metalean langile asko aritzen dira, eta gehienak gizonak. Orain arte ez du indarrik izan arrakalaren eskaerak, eta negozioazioak aurrera egin ahala, beste batzuk lehenetsi dira. Bizkaiko metalgintzan lehen lerrora eraman dugu».

Negoziazio neutrorik ez

ELAko genero berdintasuneko arduradun Leire Txakartegik uste du aurrena barrura begiratu behar dela kanpokoa aldatzeko. «Barne hausnarketa handia egin dugu ELAn, hasteko negoziazio kolektiboa ez delako neutroa». Zer eskakizun lehenesten den ere bada erabaki politiko bat, alegia, «eta eskatzen ari zaren horrek igual ez du arrakalaren egoera aldatzen lagunduko». Orain arte lehenetsi ez dituzten eduki batzuk lehenesten hasteko garaia dela dio.

Txakartegik argi ikusten du sindikatuak tresna izan behar duela prekaritatearen aurka, eta sektore feminizatuak direla prekaritate handienekoak. «Fokoa prekaritatean jartzeak eramaten gaitu gatazkak feminizatutako alorretan sortzera. Azken urteetan gertatzen ari dena zahar-etxetako sektorean, garbikuntzan eta abar, lan gatazkari dagokion iruditeria bera aldatzen ari da, baita protaganistak ere, grebalariak jada ez direlako bakarrik gizonak».

Gipuzkoako zahar etxeetako gatazka «adibide argia da» ikusteko negoziazioan zenbateko pisua har dezakeen soldata arrakalaren aldagaiak, ELAko kidearen ustez. «Zaintza lanei ere zer-nolako balioa ematen diogun zehaztu nahi dugu. Kuantifikazio bat egin dugu, eta gizonek egin ohi dituzten beste lan batzuen aldean %30 gutxiago ordaintzen dira zaintza lanak, gure ustez. Hori negoziazioan sartzea oso garrantzitsua da guretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.