Gabriel Rufian. ERCko diputatua Espainiako Kongresuan

«PSOEri ez diot maniarik: memoria diot»

ERC «erabat irekia» dago Espainiako gobernabidea sozialistei errazteko, Rufianek dioenez, baina ez du musu truk babestuko; argi du, ordea, ez direla Koloneko hirukoaren gobernu baten erantzule izango.

JAVIER LIZON / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Gabriel Rufian (Santa Coloma de Gramanet, Katalunia, 1982) Espainiako Kongresura iritsi bezain laster egin zen ezagun, 2016an, iaioa baitzen establishment-aren ordezkariak aztoratzen. Azkenaldian tonua leundu duela diote, baina ez dago zalantzarik datorren legealdian ere zeresana emango duela. «Gauza asko biziko ditugu datozen lau urteetan; mugimendua handia izango da».

Emaitza oso onak izan dituzue Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Zer analisi egiten duzue?

Lan eta ahalegin kolektiboa izan da. Erabateko anomalia salatu dugu, lagunak erbestean eta kartzelan dauden bitartean, baina anomalia izugarri hori aintzat hartuta, pozik gaude orain arte Kataluniako prozesuagatik interpelatu ez genuen jende asko erakarri dugulako; iritsi gara muga batzuk zeharkatzera, kausa justu guztiak defendatu ditugulako. Horren adibide da, adibidez, Jose Cousoren aurpegiarekin joan ginenekoa, eta gure aulkiak gainditzen dituen beste hainbat kausa.

Preso hautagaiek nola pasatu dituzte hauteskundeak?

Deskonexio handiarekin. Oriol [Junqueras] eta Raul [Romeva] Soton daude, gainera; komunikabide espainiar jakin batzuetarako dute soilik sarbidea, espetxeak berea duen bakartzeaz gain, baina itxaropentsu jarraitu dituzte, eta harro, oso pozik daude atera ditugun emaitzengatik, sekulakoa baita Espainiari, Europari eta mundu osoari eman diogun mezua. Alegia, espetxeratu, mehatxatu, eta erreprimitu arren, independentismo eta errepublikanismo katalanak irabazi egin du.

Komunikabide batek, ERCren iturriak aipatuz, esan du maiatzaren 1ean hastekoak zinetela PSOErekin hizketan. Bilerarik egin duzue? Zein da egutegia?

Ez da egia. Izan dugun harreman bakarra Pedro Sanchez zoriontzeko izan da. Sanchezek esan zigun zubiaren ondoren hizketan jarraituko genuela, baina oraingoz ez dago ezer.

Inbestidurari begira, zer baldintza jarriko dituzue?

Kanpainan esan dugu: irtenbidearen aldeko bidea egitea, politikaren bidea, giza eskubideen eta askatasunaren aldekoa.Esan dugu erabat irekirik gaudela, eta batez ere ez dugula irainik edota isiltasunik espero. Bide honek hiru proposamen ditu, edozein demokratak uler eta onar ditzakeenak.

Zeintzuk dira?

Lehena, elkarrizketa eta negoziazio bideak zabaltzea Kataluniako sentsibilitate oro bilduko dituena, azken finean gure errealitatea ukatzeari uztea, onar gaitzatela. Bigarrena, autodeterminazio erreferendum batez hitz egiten hastea, Kataluniako herritarren %78-82 biltzen dituen proposamena baita. Eta hirugarrenik, ekimen legegileez hitz egiten hastea, kongresuan aurkeztuz kausa judiziala altxatu ahal izateko: alkateetatik hasi eta erbestean edo kartzelan daudenetaraino.

Badago aukerarik erabakitzeko eskubideaz hitz egiteko? Diskurtsoa aldatuko al du PSOEk?

Guk ulertzen ditugu PSOE, Ciudadanos, PP... bere burua konstituzionalistatzat jotzen duen jende hori guztia. Baina ahaztu egiten dituzte hainbat artikulu. Azkenean ez dira konstituzionalistak, hipokritak baizik.

Zer espero duzu PSOEren aldetik?

PSOEk ez du egiten: PSOEri eginarazi egiten zaio. Horrela izan da azken 40 urtean. Abisua eman genion, eta abisua ematen jarraitzen dugu. Edo Kataluniako auzia politikara itzultzen da, edo hainbat jende oso boteretsuri gertatutakoa gertatuko zaio: Mariano Rajoy edo Soraya Saez de Santamariari bezala. Politikatik korrika alde egin zuten, agerikoak diren arrazoiengatik: ustelkeriaz aparte, Katalunian egindako kudeaketa ezin txarragoaren ondorioz. Pilota PSOErenteilatuan dago.

Ausarta izatea eskatu diozu Sanchezi. Ausardia zer da zuretzat?

Garai ilunotan, non eskuin muturrak eta botere mediatikoak sekulako indarra duten, elkarrizketaz hitz egitea ere ezinezkoa da. Kontalariaz hitz egiten zen egun haietan, errelatore esatea ia heresia bat zen. Ederra antolatu zioten Sanchezi Aznarren eta Don Pelaioren hiru semeek Kolon plazan. Ausarta izatea da ez traizio egitea bere militanteei eta boto emaileei, beste behin. Sanchez «ez, ez da»esatetik dator, ez zuen Rajoy inbestitu nahi, ezta idazkaritza nagusitik ostikoka bota zezaten ere. Espero dut bere militanteak entzungo dituela Ferrazen, «Riverarekin ez» diotenean.

Albert Riverarekin ez du gobernu akordiorik egingo?

Nik uste dut ez duela egingo. Baina tira, auskalo, PSOEk edozer egin baitezake. Eta PSOEri ez diot maniarik: memoria diot, hori argi gera dadila. Sanchezek pentsatu behar du Moncloan norekin biziko den erosoago, Riverarekin edo gurekin. Erantzuna erraza da, batez ere mediatikoki. Espero dut ezetz, hala ere. Oso ongi ezagutzen dugu Ciudadanos. Jordi Pujolekin batera politika katalanak eman duen okerrena da. Baina jende boteretsu asko dago gobernu hori nahi duena.

Zer jokaleku, zer gobernu litzateke zuentzat egokiena?

Gobernu progresista bat, lan erreformak indargabetuko dituena, eskubide zibil, sozial eta nazionalak indartuko dituena; auzi politikoa politikara ekarriko duena. Ez gara desagertuko, mehatxu, makila edo polizia asko ekarrita ere.

Zer siglaz ari zara?

Junquerasek esan bezala, Europako edozein demokratak, demokrata bada, ez du faxismoak inon gobernatzerik nahi. Guk ere ez dugu faxismoak gobernatzerik nahi, eta ez gara Santiago Abascalen, Albert Riveraren eta Pablo Casadoren iritsieraren erantzule izango. Hori bai, ez diogu txeke zuri bat emango. Sanchezek zentsura mozioaren izpiritua berreskuratu nahi badu, erabat ezberdinak zirenak batuz kartzelariak eta lapurrak botatzeko, aurkituko gaitu, bestela zaila izango da.

Gobernu aurrerakoi baten alde egiten badu, presoak negoziazio mahaian egongo dira. Kondenak jaistea, indultua... Zer eskatuko duzue?

Espainiako komunikabideek indultuaz hitz egiten dute. [Ines] Arrimadas, [Pablo] Casado... beti ari dira kritikatzen Sanchezek indultua emango duela. Baina hori kafkiarra da. Batetik, indultuaz ari dira preso behin-behinean daudenei buruz. Ez daude kondenaturik, nahiz eta askok kondenatutzat jotzen dituzten. Bestetik, eta oso garrantzitsua dena, gutxienez Oriolek [Junqueras] eta Raulek [Romeva] —lehen eskutik baitakit—, behin eta berriz esan dute indulturik ez dutela onartuko, zerbait gaizki egin dutela onartzea litzatekeelako. Lege proposamenak aurkeztuko ditugu kongresuan, kausa judizialak altxatzeko. Ez guk bakarrik, baizik eta Amnesty Internationalekin, Europako diputatuekin, eta beste hainbat jenderekin.

Bide horrek ez dirudi egingarria epe labur-ertainera,Espainiako justiziaren jokaera ikusita.

Ezinezkoak ziruditen gauzak ikusi ditugu lehenago ere, zentsura mozioa bera. PSOEk azkenean ia-ia behartuta egin zuen, ezta? Uste dut badaudela garaiak gauzak egiteko, eta leiho bat zabaltzen denean baliatu egin behar da. Sanchezek nahi badu egin daiteke, baina ez badu nahi aurrean izango gaitu, eta batez ere auzi katalana hor izango du.

Saltsa dago egunotan preso dauden hautagaiekin. Akta jasotzera ez direla joango... Horrek gehiengoak alda ditzake, beste ondorio batzuen artean.

Aritmetikari dagokionez, ez daukagu argi. Dakigun gauza bakarra komunikabideetatik iritsi zaigu. Kuriosoa da hori ere, ezta? Gauzak prentsaren bidez jakitea eta ez botere judizialetik, edo defentsarenetik. Printzipioz akta jaso ahal izango dute. Irudi horrek munduari bira egingo dio, demokrata asko lotsaraziko ditu, gertatzen ari den hau basakeria bat dela pentsatzen duen oro.

EH Bildu bidelagun izango duzue kongresuan, baina nola? Talde berean joango zarete?

Konpromiso bat aurkeztu genuen, eta koordinazio akordio sendo bat da. Egia esan, dagoeneko gertatzen ari zen zerbait formalizatzea izan da. Azken legealdietan, eta nik egin dudan legealdi honetan Oskarrekin [Matute] eta Marianekin [Beitialarrangoitia] bozkatu izan dugu beti, gai sozialei buruz, eta Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin zerikusia dutenez. Eta horrela izaten jarraituko du. Koordinazioan, politika parlamentarioan... Oso ona izango da elkarlana, bai Kataluniarentzat eta baita Euskal Herriarentzat ere. Borroka partekatuak baitira.

Beste sektore independentista batzuetatik kritikak jaso dituzue tonua asko jaitsi duzuela eta; independentzia dagoeneko ez dagoela zuen hiztegian...

Junquerasi galdetu zioten ea autonomista egin den, eta barrez hasi zen. Bueno, Soto del Realeko ziega batean dago... nola esan. Hori pentsatzen dutenek auto bat har dezatela, hegazkin bat, eta joan daitezela Sotora edo erbestera, eta aurpegira diezaietela hori independentzia defendatzeagatik han daudenei.

ERCren eta JxCren arteko harremanak nola daude orain?

Erabat errespetatzen ditut espazio ezberdinak. Aberasgarriak dira. Gustuko izan edo ez, ezinbestekoak dira, eta saiatzen gara ahalik eta espazio gehien partekatzen, bai konbergenteen espazioarekin nahiz CUPenarekin, demokratak, ANC, Omnium... denak gara ezinbestekoak.

Udal bozei begira, toki onean zaudete. 947 udaletatik 747tan irabazi zenuten, eta hiriguneetan asko egin duzue aurrera. Zer datu dituzue esku artean?

Daturik ez dugu, baina uste dut oinarrian urte askotako lana dagoela. Junquerasen helburua izan da herrialde osoa ordezkatzen duen proposamenak egitea. Madrilgo talde askotarikoa da horren adibide. Sindikalista bat, Uruguaiko emakume bat, Omniumeko kulturan aditu bat, Izquierda Unidako kide ohi bat, [Joan] Tarda... Abenduaren 21eko bozetatik bigarren edo hirugarren indarra bilakatu da ERC Cornella, Santa Coloma, Ospitalet, edo Sabadell bezalako guneetan. Pentsaezina zen lehen. Baina independentzia horiekin ere egin behar da, bestela ez da egingo.

Bartzelonan zer gertatuko da?

Oso garrantzitsua litzateke irabaztea, hiriburua errepublikanoa izatea.

Hauteskundeon ondoren, uste duzu Kataluniako Generalitaterako bozak aurreratuko direla?

Ez dakit. Beti esaten dut Kataluniako Gobernuak burdinazko osasun txarra duela. Hiltzat jo da askotan, baina ez dira zertan aurreratu. Izan daitezke lasai asko egokitzen direnean.

155.a oso fresko dago oraindik. PSCrekin aurrerantzean elkarlanik ikusten al duzu?

PSCren kupularekin hitz egin baino gehiago interesatzen zaigu geratzen den PSCko oinarri katalanista interpelatzea. Boto emailea, militantea, sudurra estalirik PSCri bozkatzen dion jendea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.