Eragin zabala

Interes tasen igoerak ez du soilik eurogunean eta AEBetan eragiten; finantzaketa zurrunagoak are gehiago estutzen ditu zor handia pilatu duten herrialde txiroak.

Kerosenoa erosteko ilara bat Kolombon, Sri Lankako hiriburuan. CHAMILA KARUNARATHNE / EFE.
Irune Lasa.
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Mundua dagoen bezala, Europan edota AEBetan interes tasak igotzeak beste mehatxu bat dakarkie jada arazoz josita dauden herrialdeei. Dagoeneko ekonomikoki zaurgarriak ziren eskualdeentzat are gaitzagoa baita bata bestearen atzetik datozen krisiei aurre egitea.

Pandemiari aurre egiteko neurriek herrialde guztiei izugarri handitu zizkieten gastuak eta, ondorioz, zorra, baina gehiago garapen bidekoei. Azken 50 urteetan ikusi gabeko mailara igo zen herrialde haien zorra, euren sarreren %250en pareko izateraino. Munduko Bankuaren arabera, herrialde txiroenen %60k jada arazo handiak zituzten kanpo zorrak ordaintzeko.

Eta, orain, Ukrainako gerrak oinarrizko elikagaien eta ezinbesteko erregaien prezioetan eragindako jauzi itzelak are gehiago murriztu die maniobra ahalmena gobernu horietako askori, herritarren bizimodua zeharo garrazteaz gain. Egungo prezioetan, hainbat gobernuk zailtasunak dituzte garia eta bestelako elikagaiak erosteko edota petrolioa eta gasa inportatzeko.

Eta, bitartean, interes tasek gorantz jarraitu dute, eta herrialdeen finantzaketa are gehiago estutu. Zorra orain ez da horren eramangarria, eta, gainera, diru garestiagoak eta inbertsioak toki «seguruagoetarako» bidea hartu dute, garapen bideko herrialdeen bonu eta funtsetatik ihes eginez. Urte hasieratik 33.000 milioi euro atera dira garapen bideko bonu eta funtsetatik, EPFR-ren arabera.

Sri Lanka, lehena

Dolar indartsua ere kalterako dute, batez ere kanpo zor horren zati handia dolarretan kitatu behar badute. Azken hilabeteetan garestitutako dolarra buruko min handia da ere petrolioa eta beste inportazioak ordaintzeko.

Gauzak horrela, kanpo zor oso handiak, erreserba txikiak eta ordainketak hurbiltzen dituzte herrialdeek. Ordainketan kale egiten lehena Sri Lanka izan zen, eta Nazioarteko Diru Funtsarekin erreskatea negoziatzen ari da jada herrialdea, krisi betean, hurbileko herrialdeei elikagaiak eskatzen. Baina herrialde gehiago egoera berean eroriko den beldurra gero eta presenteago dago. Aurreikuspenetarako Munduko Bankuko ekonomisten buruak, esaterako, aste honetan esan du nola uste baino bizkorrago uzkurtu diren finantzaketa baldintzek 80ko urteetako kanpo zorreko krisien antzerakoak ekar ditzaketen hainbat herrialdetan. «Mehatxu erreala da, eta kezkatuta gaude», ohartarazi du Ayhan Kosek.

Kezka, konponbidea ere ez delako ikusten. Izan ere, pentsatzekoa da inflazioaren igoera eta hari eusteko tasen igoera gehiago etorriko direla; besteak beste, ez duelako itxurarik energia prezioak apalduko direnik.

Analistak, gobernuz kanpoko erakundeak eta Munduko Bankuaren gisako erakunde multilateralak ohartzen ari dira zenbait tokitan Afrikako herrialde askok, esaterako, erreskatea beharko dutela. Eta, horrekin batera, beste gauza bat ere badiote: erreskaterako baliabideak, Nazioarteko Diru Funtsa eta halakoak, ez daudela behar bezala prestatuta egungo jokalekurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.