Albistea entzun

Pentsamendu kritikoaren kontra (apur bat)

Tere Maldonado - Filosofia irakaslea

2022ko azaroak 26

Lasai egon, titulua boutade bat baino ez da. Boutade-ak oso eraginkorrak dira publizitatearen ikuspegitik: eskandalatu egin eta erakartzeko gero eta zailagoa den besteen arreta erraz bereganatzen dute. Hala ere, publizitateak hainbeste erabili ditu, ezen gehienak ere topiko bihurtzeko zorian baitaude. Tira, ez dut pentsamendu kritikoaren kontra jo nahi besterik gabe (nor ausartuko zen, bada!), baina bai honen harira hainbat zalantza eta beldur planteatu.

Orain gutxi artikulu bat argitaratu nuen ('Jakin', 2022-10-05) pentsamendu kritikoaren ikasgai bat egotearen egokitasuna zalantzan jartzeko. Ikasgaia, azpimarratu nahi dut. Idazkiaren azken esaldian, zera esaten nuen, gutxi gorabehera: irakasgaiaren aurka egon behar dugula, hain zuzen, pentsamendu kritikoa bera salbatu ahal izateko, pentsamendu kritikoa ikasgai batean lataratu ezin delakoan, bere zerizana galdu barik.

Aste batzuk besterik ez dira pasatu eta hori gutxiegi dela pentsatzera jotzen dut jada. Idazki horretan, duela 30 urte baino gehiagoko Ulises Moulines filosofoaren lan bat aipatzen nuen. Bertan egilea kexu zen pentsamendu kritikoa etiketaren ugaritze mugagabeaz eta gehiegikeriaz, ikerketa eta idazlan askori auto-aplikatua, nahiz eta oso zalantzazkoa izan, bere ustez, horietako asko benetan kritikoak zirenik (ez dakit orain zer esango ote duen, non hainbeste jende harrotu egiten den pentsamendu kritikoa edukitzeaz).

Izan ere, orain zera ikusten dut: ikasgaiaren desegokikeriaz gain, pentsamendu kritikoa bera gauzatzeko zailtasunez ere jabetu behar dugula. Hain da erraza, bestela, autokonplazentzian erortzea. Horregatik, zoritxarrez (eta definizioz ia) zaila da benetan autonomoa eta kritikoa den pentsamendu-gramo bat aurkitzea. Pozik gaude oso (ni lehena) gure ideia propioak ditugulakoan, baita pentsamendu kritikoa deritzogun zerbait garatzeko gai garelakoan ere. Baina, zorrotz behatuz gero, soilik gure garaiak, lekuak eta zirkunstantziek markaturiko perimetroaren barruan pentsatzen dugula ikusiko dugu. Oso pentsalari gutxi dira benetan beren garaiaz haraindi joateko gai.

Arriskutsua da pentsamendu kritikoaren etiketa kutxa bati jartzea (ikasgai bati, unibertsitateko sail bati, argitaletxe bateko bilduma bati), gero edukiak sartzen joateko. Duchampen pixatokia ideia bikaina izan zen, baina ezin da erreplikatu: Arte Ederretako ikasle batek, gaur, ebaluatu (eta baloratu) beharreko ustezko artelan gisa aurkezten badu —demagun— errepide batetik erauzitako trafiko-seinale bat, suspenditu egin behar zaio, nire ustez. Modu berean, pentsamendu kritikoa etiketaren sasoia pasatu da, gehiegizko erabilerak higatu egin baitu. Erabiltzen jarraitzea arriskutsua da konturatu gabe eraman ahal gaituelako pentsamendu kritikoa izeneko kutxatxoan sartu dugun edukia helmuga itxitzat hartzera, behin betikoa bailitzan.

Pentsamendu kritikoak (inolako algaradarik edo titulurik gabe), gizarte-praxi bati estuki lotuta, iraganean lan itzela egin zuen: ezarritako adostasun sozialak aldatu zituen, errealitatetik tiraka, hura hobetzeko; susmo sistematikoa guztiari aplikatuz, Ricoeur-engandik aurrera «susmoaren maisutzat» hartuak diren filosofoek ez ezik, beste askok ere egin dutena. Lan erraldoi hori guztia, munduko ezaugarri on eta eder guztien erantzule, arriskuan egon daiteke, arlo materialean argi eta garbi, baina arlo sinbolikoan ere bai. Harrapakin erraza da iruzurgile handientzat, sumindu-itxurakeriaz arrazoiz betetako horiek, aurrerakoitasunaren inposizio politikoki zuzenen kontra (diotenez).

Kontua ez da pentsamenduak (kritikoa, askea, sortzailea, apurtzailea, bizigarria) eremu guztiz bare-bare, aratz eta gardena behar duenik, ondo dakite Lokatza podcasta egiten duten lagunek («gabiltzalako gaude hain zikin» diote), baina uste dut hobe dugula ez sartzea buru-belarri harea mugikorrezko zingira itsaskorrean, horrek betiko irentsi ahal baikaitu. Gainera, pentsamendu kritikoa ezkertiarra izan behar da definizioz (feminista, antirrazista, ekologista…?) Eta izatekotan, ezkertiarra (feminista, etab.), zein definizioren arabera izango litzateke? Ala, alderantziz, ikuspegi ezkertiarrak ere (eta feministak, antirrazistak, ekologistak, bakezaleak, berdintzaileak, askapenekoak...) kritika etengabearen eraginpean ere jarri behar dira?

Ez du ematen bukatuko dugula pentsamendu kritikotzat hartzen «niri gustatzen zaidan pentsamendua», bere zerizana autokritika dela ahaztuta? Badaezpada, urkatuaren etxean ez aipatu sokarik. Hobe dugu ondo arrazoitzea mundua ikusteko modurik egokientzat dugun hori, eta gure proposamen politikoak ahalik eta oinarri sendoenetan finkatzea, betiere autokritika zorrotzenaren iragazkiz bahetuta. Kritikoki pentsatu ahal izateko, pentsatzen hutsez hasi behar da. Nahikoa dugu lan horri ekitearekin: bidezidorrik ez dagoela gogora dezagun, bidea beti itzulingurua da. Ez dezagun ahaztu ere dogmen kritika bera dogma bihur daitekeela erraz. Gehiegitan ikusi dugu. Eta ez diezaiegun ideiarik eman. Ulertzen didazue (hori espero dut).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley
Ondoeza

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.