JAPONIAKO LANALDI LUZEAK

Hierarkia, kidetasuna eta harmonia daude Japoniako lan kulturaren oinarrian; ondorioz, lanaldi luzeak ezarri ohi dituzte, baita lana bukatu ondorengo topaketak ere askotan. Lanaldi luze horiek, ordea, normalean ez dute handitzen enpresen produktibitatea.

Lanerako joan-etorriak Tokioko geltoki batean. JOSEP SOLANO.
Josep Solano
Tokio
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Tokion ireki berri duten kafetegi batean, bezeroak debekatua du handik ateratzea aurrez bere buruari jarritako lana bukatu ez badu. Horrek japoniarren produktibitatearen inguruko interesa piztu du mundu osoan, nahiz eta aurrez ere jakina zen lanaldi luzeak zituztela. Hiriburuko mendebaldeko Koenji auzo bohemioan dago Manuscript Cafe: taberna informal baten antzera dago apaindua, baina beharrezko tresna guztiak ditu gehienez hamar lagun bertan lanean aritu daitezen, eta, lanean ari diren bitartean, kudeatzaileak bezeroei galdetu ohi die ea asko falta zaien bukatzeko.

Japoniako lan kultura Konfuzioren garaiko hierarkia batean oinarritzen da, eta antzina ezarritako kode sozialak erabiltzen ditu oraindik: norbanakoek «familiatzat» daukate enpresa, eta, beraz, nork bere rola bete beharra dauka guztien onerako. Horren parte dira nomikai ospetsuak: afterwork modukoak dira, lanetik ateratzean zerbait edatera joateko irteerak, eta, beti nagusiak proposatuta egiten direnez, mendekoei ezinezkoa zaie ezetz esatea. Fuminobu Okabek Zuzenbidea irakasten du Tokioko Soka Unibertsitatean, eta aditua da lan zuzenbidean, gizarte segurantzan eta Espainiako zuzenbidean. Hark BERRIAri azaldu dionez, «japoniarrek ardura hitza erabiltzen dute enpresari, lantokiari eta giza harremanei leialak zaizkien langileak deskribatzeko. Hala, japoniarrek garrantzi handia ematen diotenez lan giroa eta giza harremanak zaintzeari, langile askok jarrera bitxia hartzen dute; esaterako, aparteko orduak egiten dituzte lanean beren borondatez, erakusteko zenbateraino diren leialak enpresarekin. Hori dela eta, lehen begiratuan, pentsatu ohi da japoniarrek 'europarrek baino lan gehiago' egiten dutela».

Produktibitatea

Shiela Marie Juarez giza baliabideetako aditua da langileak hautatzeko Tokioko enpresa batean, The Bridge Group-en, eta adierazi du garrantzitsua dela ez orokortzea beste kultura batzuetako langileen lan etikaren inguruan: «Ez da zehatza esatea japoniarrak oro har langileagoak direla; izan ere, kultura bakoitzak bere balioak eta jarrerak ditu lanari dagokionez. Beraz, ezinbestekoa da desberdintasun kultural horiek ezagutzea eta errespetatzea, eta ez egitea suposiziorik estereotipoetan edo aurrez eratutako nozioetan oinarrituta». Nolanahi ere, Okaberen ustez, «japoniarrek ez dute lanaren kontzientzia handirik izaten, eta hori frogatuta dago; langile japoniarrek produktibitate apala izan ohi dute, nahiz eta oro har europarrek baino lanordu gehiago egin».

«Lehen begiratuan, japoniarrek produktiboagoak dirudite agian, lanordu asko egiten baitituzte egunean, astean eta hilean; alabaina, aztertzen badugu orduan zenbat produzitzen duten eta zenbat denbora behar duten europarrek egiten duten lan bera egiteko, ezin da esan japoniarrak europarrak baino produktiboagoak direnik. Europarrek pentsaera arrazionala dute lanari dagokionez: uste dute lana zintzo eta azkar bukatu behar dutela, eta, gero, beren denbora baloratu eta hartaz gozatu».

Juarezek, berriz, uste du zaila dela analisi orokor bat egitea japoniarren eta europarren arteko desberdintasunen inguruan, pentsatzen baitu produktibitatea gai korapilatsua dela eta ertz asko dituela, baina Okaberekin bat dator denboraren eta produktibitatearen arteko harremanari dagokionez: «Ez da gezurra lanaldi laburragoak lotuta daudela produktibitate handiagoa lortzearekin. Hala ere, beste faktore batzuek ere eragina izan dezakete produktibitatean. Egia da langile europarrak produktiboagoak izan ohi direla lan gutxiago eginda, baina garrantzitsua da aitortzea japoniarrak ere produktiboak direla, baina haien kulturak eragin handia izan du haien lan etikan», adierazi du adituak.

Juarezek ziurtatu duenez, antzeko aldeak daude beste arlo batzuetan ere: hierarkia, lanaldi luzeak, talde pentsamoldea, komunikazio estiloa, laneko segurtasuna, jaiegunak eta opor egunak. «Japoniako enpresek hierarkia, lanaldi luzeak eta talde harmonia lehenesten dituzte, eta Europakoek, berriz, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko orekan jartzen dute arreta, baita indibidualismoan eta zuzeneko komunikazioan ere. Bestalde, Japonian tradizioz enplegu bera izaten dute bizi osorako, eta europarrek, berriz, maizago aldatzen dute lanpostua.

Bizitza eta lana

Okabek ondo ezagutzen du Euskal Herriko errealitatea, duela urte batzuk Iruñean bizi izan baitzen familiarekin, eta, haren esanetan, europar askorentzat «bizitzeko behar diren baliabideak lortzeko bidea» da lana. Baina, Japonian, «historiak eta tradizioak herrixka gisako gizarte bat sortu dute, eta norbanakoek ezin dute bizirik iraun ez badaude talde jakin bati lotuta; horregatik, japoniar askorentzat, lana ez da finantza baliabideak eskuratzeko bide bat soilik: bizitza bera da lana, edo bizitzaren beraren funtsa». Akademikoaren arabera, horrek azaltzen du zergatik «iruditzen zaien arraroa europarrei japoniar askok enpresarekin eta lanarekin konprometitzeko duten modua». Lanaldi luzeek sarritan ez dira lagungarriak izaten lan bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko, eta, besteak beste, langileei ez diete modurik ematen lankideen girotik kanpo harreman sozialak izateko.

Okabek dioenez, enpresa batekin betiko konprometitzeko eredu horrek arazoak sorraraz ditzake erretiroa hartu ondoren, batez ere gizonei. «Askok beren buruaz beste egiten dute erretiroa hartzeko adina iristen zaienean, ez baitute aurkitzen beste helbururik bizitzan». Europan, berriz, «lan bizitzatik kanpoko aisialdia estimatu egiten da, eta denbora horretaz gozatu ohi da; horrek gogobetetze handiagoa dakar, eta bizitza orekatuagoa».

Faktore horiek direla eta, Japoniara lanera joaten diren atzerritarrentzat izugarrizko erronka izaten da Japoniako enpresa batera egokitzea. «Ez da moldaketa erraza», esan du Juarezek: hizkuntzari dagozkion mugak alde batera utzita, «hierarkian eta autoritatearen errespetuan horrenbesteko indarra jartzeak talka egin dezake lan kultura berdinzaleagoekin». Gainera, lanaldiak hain luzeak izatea eta «Japoniako enpresetako mentalitatea taldean oinarrituta egotea erronka handia izan daiteke lan kultura indibidualistagoetara ohituta daudenentzat».

Okabek azaldu duenez, zenbait «zerbitzu desinteresatu» egitea eskatzen zuten Japoniako enpresa gehienetan orain dela gutxi arte. Horrek zera esan nahi zuen: «Enpresako giro orokorrak, zuzenean edo zeharka, behartu egiten zituela langile indibidualak beren lanpostuari, lantokiari eta giza harremanei leialak izatera. Hori dela eta, enpresariek maiz agintzen zieten langileei kontratuan zehaztuak ez zeuden zenbait lan egiteko, edo, are, lanordu gehiago egiteko, Lan Araudiaren Legea urratuta. Gaur egun ere, gauza bera gertatzen da, eta Japoniako edozein enpresatan ikus daiteke hori, tamaina eta industria sektorea edozein direla ere».

Aldaketa

Langileek lan arloan duten segurtasuna izan liteke, neurri batean, horren guztiaren sorburuetako bat, baina badirudi egoera aldatzear dagoela. «Azken urteetan, Japoniako lan eremua aldatuz joan da pixkanaka, globalizazioari esker», azaldu du unibertsitateko irakasleak. «Lan estiloaren erreforma izenpean, aldatu egingo dira enplegua egonkortzea lehenesten zuten lan praktikak bizi osorako enplegua lortzea zen ezaugarririk garrantzitsuena, eta beste lan politika bat ezarriko da: politika horrek bide emango dio enpleguan aldakuntzak izateari, eta kaleratzeak errazago egingo dira orain. Bestela esanda: Japoniako enpresetako lan estiloa azkar aldatzen ari da, eta gero eta antz handiagoa du Mendebaldekoarena». Hala ere, erreforma hori enpresa handientzat pentsatuta dago, «eta enpresa txiki eta ertain tradizionalek, zeinak Japoniako enpresen %90 baitira, oraingoz ezin dituzte martxan jarri neurri horiek».

Metafora batek ezin hobeto erakusten du dikotomia hori, eta begi hutsez ikus daiteke iluntzean hiriburuan, Shibuya auzo aberatsean: enpresa nazionalen egoitza diren etxe orratzak, hala nola Shibuya Scramble Square, argituta daude ezin distiratsuago, eta, alboan, Shibuya Stream dorrea, zeina Googleren egoitza baita, ilun-ilun dago, itxuraz inongo jardunik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.