Bahman Ghobadi. Zinemagilea

«Bota egin ninduten nire herrialdetik; ez nintzen nire gogoz joan»

Estilo berezi baten jabe zirenez, haren filmak laster egin ziren ezagun Kurdistango mugetatik kanpo ere. Jazarpenak hala behartuta, baina, 2009an herrialdetik ihes egin zuen; erbestetik adi segitzen ditu egun Iranen piztutako protestak.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bahman Ghobadi zinema zuzendaria 1968. urtean jaio zen, Rojhilat eskualdeko Baneh hirian (Iranen mendeko Kurdistan), Basurko mugatik hurbil (Iraken mendeko Kurdistan). 12 urte bertzerik ez zuelarik, Sinnera migratu zuen, eta, bigarren hezkuntzako ikasketak bururatu ondotik, Teheranera aldatu zen 1992an. Estilo artistiko berezia izanik, agudo lortu zuen bere ekoizpenak ezagutaraztea, baita Kurdistango mugetatik kanpo ere. Haren lehenbiziko film luzea, Zaldi mozkorren garaia (2000), Iranen egindako lehenbiziko film kurdua ere bada. Kurdistango zinemaren aitzindaritzat jotzen da Ghobadi, eta, bertzeak bertze, Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazia du bi aldiz: 2004an, Dortokek ere hegan egiten dute filmagatik, eta 2006an, Ilargi erdia lanagatik.

2009an, Teherango indie musika klandestinoari buruzko dokumental bat filmatu zuen Ghobadik: Inork ez ditu katu persiarrak ezagutzen. Baimen ofizialik gabe egin zuen filma, baldintza kaskarretan, eta, ondorioz, Irandik alde egin behar izan zuen, erbestera. Haren azken filma, Lau paretak, Roger Watersek ekoitzi du, Pink Floyd taldeko abeslaria eta baxu jotzailea izandakoak.

Irail erditsuan, Irango Moralaren Polizia deiturikoak 22 urteko neska kurdu bat hil zuen, Mahsa Amini; horren harira, protesta andana bat piztu da herrialdean, eta gertatutakoak oihartzun handia izan du nazioartean ere. Irango erregimen teokratikoaren mendeko indarrak gogor jazarri zaizkie manifestariei; hala, hildakoen, zaurituen, atxilotuen eta desagertuen kopurua goiti egiten ari da. Protestak hasi orduko, Ghobadi horien alde agertu zen, argi eta garbi; hain justu, mobilizazioen inguruko gogoetez eta espektatibez solastatu da BERRIArekin, jakinda gai horiek hizpidera ekarrita zeharkatu egin duela kultura eta konpromiso politiko eta soziala bereizten dituen muga lausoa.

Mahsa Aminiren hilketaren biharamunean, bideo bat argitaratu zenuen, nazioarteko zinemagileei eskatzeko babesa adieraz ziezaietela protestei; bertzalde, eskutitz bat idatzi zenion Oscar sarien akademiari. Zer-nolakoa izan da erantzuna?

Oscar sarien akademiakoek segidan erantzun zidaten. Sostengu adierazpen bat argitaratu zuten, eta zinemagile anitzek, norbanako gisa, elkartasuna adierazi diete nire herrialdeko emakumeei. Azken batean, ile xerlo batek modua eman du karrikak berriz ere hartzeko eta aspaldi kendu zizkiguten eskubideen alde borroka egiteko.

Duela zenbait urte, erbestera jo behar izan zenuen zure lanagatik. Zure irudiko, zertan aldatu da Iran?

Irandarrei askatasuna galarazi diete arlo anitzetan. Ekonomia porrokatua dago, eta eskubiderik oinarrizkoenak ere ez dira errespetatzen. Irandarrak mehatxupean daude etengabe, eta izutuak bizi dira. Etxean ere ezin dute hats hartu, horrela da. Dudarik gabe, emakumeei eskubide guziak urratzen dizkiete, ilea tapatua edo agerian, luze edo motz eraman erabakitzeko eskubidea bera ere bai. Baina, egia erran, Moralaren Polizia gizonei ere jazartzen zaie. Konparazio batera, leku anitzetan ezin dira mahuka motzetan ibili. Edozein gauza aski da jendeari eraso egiteko, edo atxilo hartzeko. Ilea aitzakia bat bertzerik ez da. Jakina da kargudun politiko anitzen alabak atzerrian bizi direla eta ez dutela ilea tapatzen. Terrorearen bidez gobernatzen dute herrialdea, horrek modua ematen baitie botereari eusteko.

Dozenaka mila lagunek hilabete eramaten dute karrikan protestan. Giza eskubideen aldeko Irango zenbait elkarteren arabera, gutxienez 215 lagun hil dira orain arte; horietatik 27, adin txikikoak. Zer deritzozu egoera horri? Zer espero duzu?

Segur naiz arrakasta izanen dugula, emakumeak baitira mugimendu honen buru. Urteetan, emakume horiek txadorrean eta zapian harrapaturik eduki dituzte eskuak. Eskuak buruan zituzten etengabe, hijabari kontzeko eginahalean, inork ilea ez ikusteko. Gauza hagitz indartsu bat gertatzen ari da: esku horiek berek hijaba kentzen dute orain, eta adatsa libre utzi, haizeak astindudezan. Emakume horiek ukabila altxatu dute erregimen islamikoaren kontra. Emakumeen boterearen lekuko da herrialde osoa. Guk, gizonok, beldurra galdu dugu, odola isuriko zen beldur baikinen. Hilabeteko borrokaren ondotik, ohartu gara emakumeak aise ausartagoak direla gu baino.

Gobernuak uste zuen jendea izutuko zuela, baina ez du lortu. Espero dut artistek irandarren ahotsa zabaltzea, milaka milioi jarraitzaile dituztenez gero.

Zer egiten ahal dute artistek, intelektualek eta kultur eragileek egoera horretan?

Espero dut idazleak, zinemagileak eta ekoizleak obrak sortzen hasiko direla Iranen gertatzen ari denari buruz. Emakumeei buruz ari behar lukete, haien ileari buruz. Emakumeen ileari buruzko proiektu bat lantzen ari naiz orain, preseski, emakumezko hiru zinemagilerekin. Hiru atal egin gogo ditugu. Uste dut idazleek eleberriak idatzi behar lituzketela; istorioak argitaratu, eta sare sozialetan zabaldu behar genituzke, bozgorailu ona baitira. Ez dugu gobernuen sostenguaren esperoan egon behar, jende arruntaren sostengua nahi dugu eta.

Zuretzat, zaila izanen da halako garai bat erbestetik bizi izatea.

Kartzela batean harrapatua nago, eta kartzela fisikoak baino okerragoa da. Hagitz zaila da erbestean bizitzea. Luzaz, zailtasun handiak izan ditut nire hizkuntzan solas egiten duen jendea aurkitzeko. Eta Irango herrikideak aurkitzen ditudanean ere, ikarak hartzen nau, eta ezin izaten naiz fidatu haiekin, pentsatzen baitut balitekeela espioiak izatea edo gobernuarentzat lan egitea. Horrela bizi izan naiz hamalau bat urtez; are, 11 urtez, hotel batetik bertzera ibili naiz, etxerik ere ez bainuen. Bota egin ninduten nire herrialdetik, ez nintzen nire gogoz joan. Pentsa, amari pasaportea kendu zioten hainbat urtez, eta Alzheimerren gaitzak erasan eta paralisiak jota gelditu zenean, hainbat hilabetez borrokatu behar izan nuen agintariek baimena eman ziezadaten hura ikusteko.

Nahiz eta erbestean zauden, lanean segitzen duzu...

Zaila da atzerrian persierazko edo kurduerazko filmak egitea. Niretzat, amesgaizto hutsa izan da. Nire azken pelikula, Lau paretak, hesiei buruzkoa da. Roger Watersek ekoitzi du. Tramak lau pertsonaia ditu ardatz: polizia bat, erlijioso bat, artista bat, eta egoera latz bati aurre egin behar izan dion emakume bat. Gure helburua da musikaren indarraren bidez paretak haustea. Ez dago paretarik: ez erlijioa, ez hizkuntzak, ez legea ez dira paretak. Filmean, alde batera uzten ditugu hesi horiek, eta kontakizuna metaforaz betea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.