begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Betierekoak izateaz gain, ultraortodoxoak

2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Emakume batengandik jaiotako batek ere ez du Eternals filma ulertzerik. Eta ez pentsa, emakume hitza atzoko, gaurko eta biharko adiera oroz ari naiz erabiltzen, nahi eta nahi ez, edo nahitara.

Marvel komikien fabrikarako, Marvel inperiorako egin du lan Chloe Zhaok; bere burua ez hemengotzat, ez horkotzat, ez hangotzat duen Pekinen jaio, Erresuma Batuko Brightonen koskortu, New Yorken ikasi eta Hollywooden (edo inguruetan) finkatu zenak, eta The Rider eta Nomadland film aparten autorea denak. Chloe emakumea da, eme batengandik sortutako emea. Chloek ederki daki leinu, arraza, kolore, espezie jakin bateko kide ez izateak dakarren sosegurik ezaz, izualdiez, espantuez. Baita, ostera, beren arbasoen berri zehatz-zehatza duten beste horiek sekula ezagutuko ez duten inongoa ez izate horrek oparitutako libertateaz ere. Libertate osoaz.

Chloek hamaika sari potolo eskuratu ditu motza bezain sendoa eta dentsoa den bere zinema ibilbidean. Chloek AEBetako eta planeta osoko iruditeria osatu duen Mendebaldera jo izan zuen kameraz armaturik. Hartu zuen furgoneta pareko gutxi duen Frances McDormandekin batera, eta gizakion azken bizi-atalerantz abiatu zen, bidean bizitzaz zein heriotzaz edo elkarrekiko arrotzak direnen solidaritateaz hausnarketa pisuzkoak, errabiaz beteak (kariñoz ere bai) eginez.

Alta, hala izanik ere, eme batengandik jaioa eta eme bene-benetakoen konpainian aise dabilen eme fin honek ere ez du, seguru nago, Eternals filma konprenituko. Nahiz eta minutuak eta minutuak, orduak eta orduak irauten eta iraungo dituen zeluloide puska(tzar) hori idatzi duten lau gidoigileetako bat bera izan. Nahiz eta berak egile gisa sinatu.

Eternals-ek Jack Kirby marrazkilari eta superheroi/superbilauen sortzaile/asmatzailearen lana du iturburu. Jack ez zen izan Don inor ez. Izan ere, berak sortua da Amerika Kapitaina. Aditu askoren aburuz, Armiarma Gizona marraztu zuen Stan Leerekin batera eraiki zuen Kirby jaunak, Walt Disney-eko ekoizle eta banatzaileekin indarrak batu ondoren, gaur egun komikien, pelikulen, merchandising-aren, aretoen eta janari lasterreko hainbat kateren merkatu(et)an ahalguztiduna den konpainia hau.

Hala eta guztiz ere, ez dut nik esango Mister Kirbyk berak segundotan, minututan, ordutan barna luzatzen den Eternals honek azaltzen duena ulertuko zukeenik. Nahiz eta Chloe bezala Jack emakume batengandik jaioa izan.

Filmean (bigarren zati bat eta igual hirugarren bat ere izango dituen honetan) garaiak nahasten dira erruz eta erraz. Lurrak nola. Pertsonaiak hala. Eszena batean Babiloniako lorezainak gara, eta hurrengoan, Moctezumaren kontra edo Moctezumaren alde gaude Tenochtitlanen. Orain Indiako Bollywooden gaude, eta gero (edo aldi berean) kanpoko espazioan, izenik gabeko izarretatik harago.

Filmaren ikusleok Schrodingerren katua bagina legez sumatzen dugu geure burua; espazioa eta denbora zentrifugatzen dituen makina ero baten erraietan giltzapeturik. Betiko.

Ez, ez dut uste ama batengandik sorturiko inork pelikula honek kontatzen duena ulertuko duenik. Ezta Albert Einsteinek ere, nahiz eta berak ederki konprenitu multibertsoan dena dela erlatiboa.

Alta, nik Chloe Zhaok hartutako erabakia arras ondo egiten dut neure. Pelikula duin eta mamitsuak aurrera ateratzeko zazpi ahaleginetan urteak eman ondoren, inork eskaintzen badizkizu sekula eskura izan ez dituzun bitartekoak, baliabideak, lantaldea, hondorik gabeko aurrekontuak, droneak, garabiak, itsaspeko ibilgailuak, zuk baiezkoa ematen duzu. Jakin ez badakizu ere Eternals horiek zer diren, Celestial haiek zertan dabiltzan eta Deviants horiek zergatik akabatuko beharko genituzkeen. Dirudienez, jainko/jainkosa estralurtarren antzeko zerbait dira. Auskalo nork edo zeinek bidalita, auskalo nondik... Auskalo gu norengandik edo zeretik babesteko agindupean etorriak (ei) diren, ziren.

Hori bai, merkatuaren legeak hala arautua, Disney eta Marvel etxeekin sinatzen baduzu akordioa, bada ezinbesteko zerbait. Bete beharrekoa. Ezbairik gabe. Gorriz, beltzez, morez izango duzu gidoian tindatua: zuzena izango zara politikoki. Beti. Zuzena baino askoz gehiago: ortodoxoa. Ortodoxoa baino gehiago: ultraortodoxoa. Genero, arraza, elbarritasun/ezgaitasunen kontuetan.

Horrexegatik, haragi-hezurrezko kreaturak bilakatu ondoren, jainko batzuk homosexualak izango dira, beste batek bukatuko ditu bere egun milurtekoak alzheimerrak jota, bestea gorra izango da... Gorra bezain azkarra, jakina.

Eta Chloek hitzarmena sinatu zuen. Nola ez? Ez zuen tutik ulertzen, baina ez zion axola, Unibertsoa eta Merkatua bere alde ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.