Jean-Paul Belmondo

Berritasunaren ordezkaria

'Nouvelle vague' mugimenduaren ikurra izan zen aktorea, eta Godard, Truffaut, Chabrol eta beste zinemagile handi batzuekin lan egin zuen. Mende erdiko ibilbidean, 90 filmetan baino gehiagotan parte hartu zuen.

IAN LANGSDON / EFE.
aitor biain
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Aurpegia baino gehiago zen Jean-Paul Belmondo. Ikur bat zen, izar bat; hala Frantzian, nola munduan. Nouvelle Vague mugimenduaren aurpegia ez ezik, ordezkaria ere izan baitzen. Jean Luc Godard, Truffaut, Alain Resnais, Claude Chabrol eta Jean-Pierre Melvillekin lan egin zuen aktoreak, eta haiekin batera ekarri zuen egiteko modu berri bat zinemagintzara. Mende erdiko ibilbidean «dena» egin zuen artista izan zen: akzio eszenak antzeztu, antzerki obrak zuzendu eta askotariko filmak ekoitzi zituen. «Nekatuta» zebilen azkenaldian, Michel Godest haren lagun abokatuaren hitzetan, baina «oso lasai» itzali da. 88 urte zituela hil da.

Artista familia bateko semea zen. 1933an jaio zen, Parisko Neully-Sur-Seine auzoan: aita italiar jatorriko eskultore bat zen; ama, berriz, margolaria. Lizeoko liburuek erakarri ez, eta kirolari lotuta eman zituen gazte garaiak: txirrindularitzan, futbolean eta, batez ere, boxeoan aritu zen, harik eta 16 urterekin, tuberkulosi gaitz baten ondorioz izandako krisi existentzial baten ondotik, aktore izatea erabaki zuen arte.

Antzerkian hasi zuen ibilbide artistikoa, eta Arte Dramatikoko Kontserbatorio Nazionalean ikasi zuen. Hastapenak ez ziren errazak izan, halere, asmo guztiak alboratzekotan izan baitzen Comedie-Française antzerki konpainiaren hautaproba batean ezezkoa jaso zuenean. Kontatzen dutenez, epaimahaiko kideei besamotza erakutsi zien.

1957an egin zuen zinemarako jauzia, Maurice Delbez zinemagilearen À pied, à cheval et en voiture filmarekin, baina nouvelle vague mugimenduari esker egin zen ezagun. Claude Chabrolekin egin zuen lan aurrena, eta Jean Luc Godardekin gero. Hain zuzen ere, azken horren À bout de soufflefilmak (1960) eraman zuen nazioarteko ospearen gailurrera. Haren ondotik etorriko ziren gero Truffaut, Resnais eta Melville, eta horiekin batera, Une femme est une femme, La Sirene du Mississipi eta Le voleur film entzutetsuak.

Izen handiko zinemagileekin ez ezik, bestelako sortzaileekin ere lan egin zuen Belmondok, hala nola Agnes Varda, Peter Brook eta Vittorio de Sicarekin. Urteekin, limurtzaile eta abenturazale lotsagabe rolak egin zituen batik bat, boxeolari ohi gisa zuen gorputz indartsuak bultzatuta. Horri esker, maskulinitate berri baten ikurra ere izan zen, Alain Delonekin batera.

Sari ez diren aitortzak

1970eko eta 1980ko hamarraldietan, oharkabean igaro ziren lan ugari egin zituen Belmondok; autore zinematik arlo komertzialera egin zuen salto, eta, ondorioz, kritika ugari jaso zituen. Frantziako zineman jardun zuen urte haietan, komedia kutsuko filmetan, batez ere. 2009koa da bere azken lana: Allons-y! Alonzo! film laburra. 50 urte baino gehiagoko ibilbidean, 90 film baino gehiagotan parte hartu zuen.

Zinema eta antzerkia uztartu zituen ibilbideko azken urteetan. 1991n bere antzokia erosi zuen Parisen, eta 40 antzerki obra baino gehiagotan parte hartu zuen. 2001ean, ordea, iktus bat izan eta zazpi urtez izan zen kamera eta agertokietatik kanpo. Orduz geroztik, gutxitan jardun zuen jendaurrean.

Aktore gisara ere apenas jaso zuen inoiz saririk, eta jaso zituen apurrak ere ukatu egin zituen (Cesar sari bat, kasu). Sari horien ordez, halere, ibilbide oso bati egindako askotariko aitortzak jaso zituen, hala nola Cannesko eta Veneziako zinemaldiarenak, 2011n eta 2016an, hurrenez hurren. «Nire bizitzan zehar dena izan dut», esan zuen orduan, halere. «Ez dut damurik. Egin nahi nuen guztia egin dut». Dena eman baitzion Belmondok zinemari. Bada, aitortza horiekin, zinemak Belmondori itzuli zion hark emandakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.