Ezezagunen arteko liskar terapeutikoa

Netflixek aspaldi honetan plazaratu duen telesailik onena da 'Beef', hamar atalez osaturiko tragikomedia asiarra. A24 ekoiztetxe independenteak landu du

Mikel Yarza Artola.
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Parasite aitzindari izan zen 2020an, eta, aurten, Everything, Everywhere All at Once-k marka guztiak apurtu ditu. Hilabete eskas igaro da Daniels zuzendarien lanak zazpi Oscar irabazi zituenetik, eta, ordutik, Asiako fikzioa zinema adituen, zaleen eta pop kulturaren erdigunean kokatu da. Aurtengo Oscarretako garaipena, gainera, A24 enpresaren arrakasta erraldoia ere bada. Azken urteotan, ekoiztetxe independente hau kalitatearen sinonimo bihurtu da, eta haren bultzadaz heldu da orain Netflixera Beef telesaila.

Steven Yeun da gizonezko aktore nagusia, The Walking Dead saio ezaguneko protagonista adierazgarrienetako bat. Emakumezkoa, berriz, Ali Wong, pantaila handian ez ezik bi hamarkadaz stand-up komedia generoan ere trebatu dena. Ozta-ozta saihesturiko auto istripu bat da kontakizunaren abiapuntua. Gertakari horrek piztuko du bien arteko liskarra, eta, ustekabeko aurrez aurreko hori baliatuta, telesaila ur handitan barneratuko da.

Klase arrakala da gai garrantzitsu horietako bat. Gizon korearra bolada txar bati buelta eman ezinik dabilen kontratista bat da; emakume japoniarra, berriz, negozioen munduan hazten jarraitu nahi duen enpresari bat. Sortzaileek ezin hobeto marraztu dituzte protagonistak eta haien gizarte ingurunea. Senideekin dituzten harremanak mamitu, eta gidoia erritmo biziko elkarrizketa gaziz bete dute.

Lana eta estresa, depresioa eta zoriontasuna, monogamia eta maitasuna... telesailak giza galdera seinalatuen inguruan egin du gogoeta, eta, gai unibertsalei erantzun sakonak eman ordez, egia emozional handiko uneak eskaini dizkie. Proiektu honekerrotik aldatu du bertan parte hartu duten aktore batzuen bizitza, eta ikusle andanarengan ere arrastoa utziko du, senar-emazteen arteko krisiak eta familia konbentzioak jorratzeko erakutsitako gardentasunagatik. Drama bikaina da, umorea izugarri beltza, eta kontalariek erregistro batetik bestera igarotzeko duten abilezia, sekulakoa.

Ikusleak etxe-inbasio ahalegin batean murgilduko dira suspensezko musika doinuen bitartez; ostera sexu, desira eta festa giroan ere bai, eszena probokatzaileen eskutik; eta, batzuetan, hondorik gabekoa dirudien putzu beltzetik irten ezinik sentituko dira. Hamar ataleko telesail honetan denetik kabitzen da, eta ordu erdi pasatxoko pilula bakoitza tentuz dastatzeko modukoa da, dinamikoa, entretenigarria eta hunkigarria.

Komedia lagungarri

Izatearen korapilorik konplexuenak komediaz zipriztindu izana da Beef telesailaren bertute nagusietako bat. Beste bat, bizitza paraleloak dituzten protagonistek, egun batetik bestera etsai amorratu bilakatu diren horiek, elkar ulertzeko bide bat baino gehiago dutela aldarrikatzea eta ikusaraztea.

Squid Game, Stranger Things, Wednesday, Dahmer... zaleen eta sareen olatuak hauspoturiko ekoizpen arrakastatsuetatik urrun, urteak dira Netflixek kalitate honetako telesail bat plazaratzen ez zuela. Istorioak segida izango ote duen ala antologiazko formatua hartuko duen argitzeko zain, Lee Sung Jin sortzailea buru-belarri dabil bigarren denboraldia osatzeko lanetan. Lehena dagoeneko hautagai sendoa da 2023. urteko telesail onenen zerrendan.

'BEEF'
Sortzailea: Lee Sung Jin.
Aktoreak: Steven Yeun, Ali Wong, Joseph Lee, Young Mazino, David Choe.
Herrialdeak: AEB.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 35 minutu.
Generoa: komedia, drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.