Telesailak

Komunikazioaren samina

'Bojack Horseman' telesailaren sortzaileek animaziozko lan iraultzaile bat osatu dute

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Azken urteetako komediazko telesail sonatuenen artean nagusitu da Bojack Horseman dramedia bereizgarria. Behin telebista izar izandako zaldi deprimituaren bizipenek ikusle andana erakarri dituzte mundu zabalean. Bada, saio horretako lantaldearen obra berria da Undone, ildo berari eutsiz, esploratu gabeko bideetan sakondu duen fikziozko lan zirraragarria.

Auto istripu larri baten ostean, denbora eta errealitatea hautemateko duen modua betiko eraldatu zaiola ohartuko da 28 urteko Alma protagonista gaztea. Hain justu, auto istripu batean hil zen aitaren figura agertuko zaio behin eta berriz, eta haren eskutik hasiko du abentura kosmikoa, bizipen oro zalantzan jartzeraino.

Anbizio handiko lana da Bob-Waksberg eta Purdy gidariek elkarlanean osatu dutena. Formari dagokionez, rotoskopiaren alde egin dute. Sekuentzia oso bat benetako aktore eta kamerekin grabatu eta, ostera, eduki hori bera, fotogramaz fotograma, animaziozko bihurtzean datza rotoskopia. Hamarkadaz hamarkada erabili izan du Disneyk animazio estilo hori, baina Undone izan da bide hori jorratzen lehena, publiko heldu bati bideraturiko fikziozko saioei dagokienez. Tankera honetako telesailgintzaren estandarrak irauli eta sormenerako aukerak zabaltzeko moduko osagaiak dituen lan bat da; izan ere, rotoskopia muturreraino eraman, eta aktoreen gorputz komunikazioarekin loturiko xehetasun oro islatzea lortu du. Emaitzak asko du errealitatetik, baina baita onirismotik ere.

Ausardia formalak bultzatuta, narrazioaren esparruak ere mugarik gabea dirudi. Sortzaile taldeak bidaia psikoanalitikoa proposatu die ikusleei, inkontzientearen sakoneraino. Denbora luzez arrastaka eraman ohi diren arazo sozial eta emozionalen bihotzean daude iraganean sustraituriko traumak, telesailaren aburuz. Gizarte jokamoldeen eta inertzien funtsari ere erreparatu die, eta nabarmen du zenbateko gaitasuna duen norbanako orok giza harremanetan eragiteko, igortzen dituen bulkaden arabera.

Dialektika existentzialetik harago, ordea, telesailak badu beste abilezia bat ere. Gai da diskurtsoaren mamia hitzetatik harago eraman eta abstrakzioa oinarri duen argazki lanaren bitartez kontatzeko. Zeharkako mezu asko dituen istorio adimentsua da Undone, baina, batez ere, gizakiek elkar ulertu nahi baina ezinean egiten duten amaigabeko borrokaren inguruko istorioa da. Inkomunikazioari buruzko gogoeta. Nortasun eta helburu kontrajarriek talka egitean hautsi ohi diren harremanen esplorazio sentikorra.

Hogei minutuko zortzi ataletan bildu ditu lantaldeak pasadizo entretenigarriak eta sentipen intimoak. Eta galdera bat ere egin dio hartzaileari: leheneratu al daitezke antza denez atzera-bueltarik ez duten ekintzak eta erabakiak? Galderak egiten jarraitzea izan daiteke, sarritan, erantzunik ulertezinenera hurreratzeko modu bakarra.

'UNDONE'

Sortzaileak: Raphael Bob-Waksberg, Kate Purdy

Aktoreak: Rosa Salazar, Bob Odenkirk, Angelique Cabral, Constance Marie, Cameron Gayden, Kevin Bigley, Lotus Blossom, John Corbett.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Amazon Prime.

Atal bakoitzaren iraupena: 20 minutu.

Generoa: Drama. Animazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.