Albistea entzun

Poliziaren indarkeria arrazista. 'Elhadji Ndiaye auzia'

ESPALOIAN ITOTAKO BIZITZA

Duela bost urte, 2016ko urriaren 25ean, Elhadji Ndiaye senegaldarra zendu zen, Espainiako Poliziaren zaintzapean, Iruñean. Atxiloketa bortitz baten ostean konfirmatu zuten hila zela. Poliziaren jokabide arrazisten ondorio dela uste dute Ndiayeren lagunek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Elhadji Ndiaye omentzeko ekitaldia, Iruñeko Arrotxapea auzoan, iaz.
Elhadji Ndiaye omentzeko ekitaldia, Iruñeko Arrotxapea auzoan, iaz. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2021eko urriak 24 - Iruñea

Motorra geldiarazi eta espaloira igotzeko agindu diote. Paperak. Nortasun agiria. Azal zuriko bi gizon dira, kaleko jantzita. Poliziak. Ez daramate identifikaziorik agerian. Gidaria beltza da, eta bakarrik doa. Urduri dago, baina ahal izan duen adore guztia bildu du, ezetz erantzuteko. Ez duela zertan paperik erakutsi. Ez, behintzat, bi gizon zuriak identifikatzen ez diren bitartean. Bultza egin diote, eta besoa bihurritu. Lurrera bota dute motorra. Lurrera gidaria ere. Saiatu da askatzen, baina ezin du. Gainean jarri zaizkio bi gizonak. Immobilizatu egin dute. Besoarekin inguratu dio lepoa batek, eta ahoa estali. «Hozka egin dit! Hozka egin dit!», oihu egin du poliziak. Buruan ukabilkada bat, bi. Azpian dagoen gizon beltzak hankak astindu ditu, desesperazioz. Aieneak entzun dira.

Jendea hasia da inguruan pilatzen, gertatzen ari dena sakelakoekin grabatzen. Batzuek kargu hartu diete poliziei, eta saiatu dira azpian dagoen gizon beltza askatzen. «Poliziak gara! Poliziak garela, joder!», erantzun dute agenteek, haserre. Espainiako Poliziaren furgoneta urdin bat azaldu da, eta hortik jaitsitako uniformedunek jendea aldentzera behartu dute. «Argazkirik ez! Ez grabatu, e?». Lurrean diren biak, berriz, ez dira mugitu: lepotik heldua dute gizon beltza oraindik. Polizia gehiago batu zaizkie. Bost bat dira orain gizon beltzaren gainean. Jada ez da haren ahotsik aditzen. Arrastaka eraman dute furgonetara, eta, handik, komisariara. Segurtasun kameren grabazioetan ikus daiteke nola daramaten atxilotua alde batetik bestera, konorterik gabe, zaku baten antzera. Aulki batean utzi dute. Botata, eserita bainoago. Inerte. Handik zenbait minututara, hilik dagoela egiaztatuko dute larrialdi zerbitzuek. Polizietako batzuek orduantxe ikusiko dute haren izena lehen aldiz, heriotza agirian idatzia: Elhadji Ndiaye.

Bertsio ofizialaren arabera, «indarkeria zantzurik gabe» hil zen Ndiaye senegaldarra, 2016ko urriaren 25ean, Espainiako Poliziak Iruñean duen komisarian, bihotzekoak jota. Bertsio hori, baina, beterik dago kontraesanez eta erantzunik gabeko galderez. «Gauza bat argi izan behar dugu denok: Elhadji ez zen hil; Elhadji hil egin zuten». Gogor mintzo da haren lagun min izandako Beau D. —edo Bodi, gertukoek esaten dioten bezala—. Damu zaio oraindik atxiloketaren egunean, duela bost urte, lanean egon izana, eta ez lagunaren alboan: «Amorrua ematen dit ezin izan nuela lagundu. Ez nuela ezer egin. Elhadjirekin izan banintz, ez dakit zer eginen nukeen, baina ziur naiz poliziei oldartuko nintzaiekeela. Elhadjiri bizitza salbatuko niokeen? Seguruenik ez, baina, baten ordez, bi beltz izanen zituzten komisarian hilak. Nola justifikatuko lukete hori?».

Ndiaye hil baino hiru egun lehenago ikusi zuten elkar bi lagunek azkenekoz. Arrotxapea auzoko kebab jatetxe batean bazkaldu zuten. «Lagunontzako ez zen Elhadji; guretzat, général zen. Gaztetan, besteok baino askoz arrakasta handiagoa zuen nesketan, eta hortik goitizena: ligatzean, buruzagia zen, jenerala». Kebab jatetxetik metro eskasera atxilotu zuten, Marzelo Zelaieta etorbideko 76. zenbakiaren parean. Gaur egun, izenik gabeko metalezko plaka txiki bat dago han, gertatutakoaren oroigarri: Beltzen bizitzek axola dute. Bizitza da handiena, irakur daiteke, gaztelaniaz eta euskaraz. Han eginen diote omenaldia, bihar, 10:30ean.

Bertsio ofiziala, kolokan

Bodik Iruñeko lagun baten bitartez izan zuen Ndiayeren heriotzaren berri: «Deitu ninduen, eta galdetu zidan ea jeneralarekin izana nintzen. Nik baietz, bezperan hitz egin genuela telefonoz, eta gure etxera afaltzera gonbidatu nuela. Orduan kontatu zidan gertatutakoa. Hila zela, Poliziak hil zuela». Harridura eta amorrua. «Une horretan ezin nuen argi pentsatu, ez nekien eguna edo gaua zen, ez nekien non nengoen... mundu osoa hankaz gora jarri zitzaidan bat-batean. Gero, gogoa sartu zitzaidan komisariara joan eta denen aurrean oihuka eta kolpeka hasteko».

Amorru hori ez zen baretu Espainiako Poliziak emaniko bertsioa ikustean. Poliziek esan zuten Ndiaye ez zela kalean hil, komisarian baizik; ziegara eramateko zain eserita zegoela, konturatu zirela atxilotuak ez zuela arnasa hartzen, eta larrialdi zerbitzuei dei egin zietela, baina, anbulantzia iritsi zenerako berandu zela. Biharamunean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zabaldu zuen autopsiak ez zuela «indarkeria zantzurik» aurkitu.

SOS Arrazakeria, Paperak Denontzat, Salhaketa eta Africa United elkarteek hasieratik jarri zuten zalantzan bertsio hori. Salatu zuten, besteak beste, Espainiako Poliziak ez zuela Ndiaye ospitalera zuzenean eraman, komisariara baizik, agerikoa izan arren atxilotuak konortea galdua zuela. Bestalde, atxiloketaren uneko bideoek eta zenbait lekukoren testigantzek are ageriago utzi zituzten polizien bertsioaren hutsuneak.

Espainiako Poliziak argitaratutako oharrean, hiru puntu nabarmendu zituzten: bat, Elhadji Ndiaye «era ezohikoan» gidatzen ari zela, «sigi-sagaka», Poliziak gelditu zuenean; bi, drogak kontsumitu zituela eta agenteei oldartu zitzaiela; eta hiru, atxiloketaren ostean «lasaiago» zegoela, eta egoera horretan eraman zutela polizia etxera.

Segurtasun kameretako irudiek eta gorpuari eginiko analisiek gezurtatu egin zituzten hiru puntu horiek: irudiotan ikus daiteke Ndiaye normaltasunez gidatzen, ezohiko maniobrarik egin gabe, semaforo aurrean gelditu zuten arte. Auzi medikuek ez zuten droga zantzurik topatu haren gorpuan. Eta, azkenik, atxiloketaren osteko irudiek erakusten dute poliziek arrastaka eraman behar izan zutela furgonetara, eta handik komisariara. Konorterik gabe ageri da guztietan.

Soslai etnikoko atxiloketa

SOS Arrazakeriak behin baino gehiagotan salatu du «soslai etnikoko atxiloketa» izan zela Ndiayerena. Beltza izateagatik atxilotu zutela, alegia. Bodik ere ez du zalantzarik: «Motorrarekin sigi-sagaka zebilela? Gezurra. Irudietan ikus daiteke ezetz. Drogak hartu zituela? Gezurra hori ere. Nola da posible gizon bat hiltzea eta, hori gutxi balitz, haren izena zikindu nahi izatea?». Senegaldar jatorriko iruindarrarentzat, Elhadji Ndiayeren atxiloketan parte hartu zuten poliziak «gaizkile saldoa» dira: «Horiek, niretzat, ez dira pertsona arruntak, gaizkileak baizik. Apartatuak izan beharko lukete, argi baitago ez direla gai gizartean funtzionatzeko. Sinesgaitza iruditzen zait denak zigorrik gabe atera izana eta jardunean segitzea».

Bost urteotan, inork ez du ardurarik hartu informazio faltsu hori zabaldu izanagatik. Kontrara: Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko Udalak azalpenak eskatu zizkioten Carmen Albari, garai hartan Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari zenari, baina Albak bizkarra eman zien biei ala biei. Argudiatu zuen erakunde horiek ez zutela ahalmenik Espainiako Gobernuko ordezkariari kargu hartzeko, eta ezin zutela behartu azalpenak ematera. Auzia zabalik dago oraindik epaitegietan, Ndiayeren sendiak eta gobernuz kanpoko zenbait erakundek jarritako salaketei esker, baina prozesuaren «opakutasun eta iluntasun erabatekoa» salatu dute akusazioek. Geldirik dago kasua, linbo judizial batean. Beltzen biziak balio duen arren, haien heriotzak merke ateratzen baitira oraindik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arantxa Tapia Eusko Jaularitzako Ekonomia Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailburua ©David Aguilar/ Efe

Ingurumen Administrazioaren Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Edurne Begiristain

EAJren eta PSE-EEren botoekin egin du aurrera legeak. Oposizioak aho batez arbuiatu du araua, eta bereziki kritikatu du EAJk eta PSE-EEk interes orokorreko proiektuak izendatzeko sortutako figura berria.

Zitarik gabe txertatzeko gunea, Mutiloan (Nafarroa). ©IDOIA ZABALETA / FOKU

1.890 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Ion Orzaiz

Nafarroako Gobernuak ez du baztertu «neurri komunitario gehiago ezartzea», izurriaren bilakaeraren arabera

Zadorra ibaia, gainezka egina, artxiboko irudi batean. ©Juana Ruiz, FOKU

Ibaiek gainezka egin dute Euskal Herriko hainbat tokitan, eta uholde arriskuak kezka piztu du

Berria

Euriteen eraginez, Zadorra eta Cadagua ibaietako ura hainbat tokitan atera da bidetik, eta zirkulazioa nabarmen korapilatu da azken orduetan. Jaurlaritzak larrialdi egoeraren bigarren fasea ezarriko du eguerdian.

Haur Eskolak Euskaraz plataformako kideak eta herritarrak, gaur, Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren aitzinean. ©BERRIA

Haur eskolak euskalduntzeko eskatuko dute hilaren 16an, Iruñean

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Haur Eskolak Euskaraz plataformak manifestaziora deitu du: 17:30ean abiatuko da, Iruñeko udaletxetik. 380 instantzia eraman dituzte gaur Nafarroako Hezkuntza Departamentura, eskatzeko euskarazko murgiltze ereduan ezar ditzatela Mendebaldeko eta Lezkairuko haur eskola berriak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.