Libano. Krisi soziala

IHESERAKO AKUILU

Bizitzea ezinezko bihurtzen ari zaie biztanle gehienei Libano pobretu horretan, elektrizitatea, oinarrizko produktuak eta etorkizun hobea izateko esperantza falta baitzaizkie.

Pertsona bat oinez, Beirut hiriburuan. JOAN CABASES VEGA.
Beirut
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Sendagaiak bilatu eta eskuratzea lan nekagarria da Libanon. Fatima Beiruten bizi da Siriako gerratik ihes egin zuenetik, eta laguntza eskatu dien kontaktu guztien zerrenda bat dauka. Atzerrira bidaiatu dezaketenei eskatzen die ea mesedez lortuko duten osabari errezetatu dioten sendagaia, nahasmendu bipolarra du eta. Libanora gero eta sendagai gutxiago iristen dira, eta iristen direnak ezin garestiagoak dira.

Osasun Ministerioak bertan behera utzi ditu sendagaien kostua merkatuko luketen subsidio gehienak; baita arrisku handia duten gaixo batzuentzat behar-beharrezkoak direnak ere. Horien artean daude, besteak beste, bihotzeko gaitzen bat dutenak eta odol presio handia dutenak. Prezioak lehen halako sei dira orain, eta farmazialariek aitortu dute bezeroen %90 esku hutsik ateratzen direla dendatik, ezin dutelako lortu behar duten sendagaia. Hori ez da inola ere salbuespena: sendagaiak lortzeko borrokak erakusten du zein zaila den oinarrizko ia edozein produktu eskuratzea Libanon.

Atzerriko dibisarik ez duenez, estatuak bertan behera utzi ditu bizitzaren prezioa demokratizatzen zuten subsidioak. Gasolina %2.000 garestiago dago duela 12 hilabete baino, eta elikagaien eta alkoholik gabeko edarien inflazio orokorra %280 da. Gehienentzat, Libanon bizitzea ezinezkoa da matematikoki: prezioak gora doaz etengabe, eta diruaren debaluazioak, azken bi urteetan %90 baino handiagoa izan baita, txikitu egiten du Libanoko gutxieneko soldata. Orain dela bi urte, 675.000 liberak 450 dolar balio zuten, eta gaur egun, berriz, 30 dolar ere ez dute balio.

Miseria segika dute Libanoko bizilagunek, oheraino segika. Estatuak ezin die energiarik eskaini egunean ordubete baino gehiago, eta herritar gehienak ilunpetan dabiltza. Herrialdean erregai gutxi dagoenez, sorgailu pribatu bakan batzuek funtzionatzen dute; gobernuak lagatako hutsunea betetzen ahalegintzen dira, eta, egunean dozena bat ordu, argindarrez hornitzen dituzte zahar etxeak, saltokiak eta ospitaleak. Baina jende gutxik eduki ahal du horrelako baliabiderik, herrialdeko soldata gutxienekoa baino gehiago kostatzen baita hilean. Txorrotako uraren etenaldiak ere ohikoak dira zenbait eremutan—baita Beiruten ere—, eta, horregatik, jende asko dutxatzeke joaten da goizean lanera, eta batzuek besteei ostatu ematen diete, bainatzeko aukera ematearren.

«Libano erabat deseginda dago», kontatu du Milik, BERRIAri egindako adierazpenetan; etxeko langile bat da, Madagaskarkoa jatorriz. «Batzuetan, ez dugu argindarrik egunean ordubete ere. Ahaztu ere egin zaigu denoi zer den oilaskoa, okela jatea, edo olioa eta esnea edukitzea». Mili emakume migranteen talde bateko kide da; emakume horiek dira gizarteko azken katebegia, eta elkarri laguntzen diote. «Jende gehiegi ari da sufritzen. Nornahiren laguntza onartzen dugu», gogora ekarri du. Alokairua ordaindu ezinik dabiltzan emakumeei laguntzen diete, eta Gabonetan jateko zerbait banatu nahi diete: «Ospakizun handia da, eta mundu guztiak merezi du pozik egotea eta sufrimendu hau guztia apur bat ahaztea». Gasolinaren prezio berria dela eta, ordea, ezin dute banaketa autoz egin.

Haserrea, kalera

Milaka manifestarik hainbat errepide blokeatu zituzten herrialde osoan joan den astelehenean. Protestan dabiltza Libanon jasan behar diren bizi baldintza latzengatik, eta klase politikoari egozten diote herritarren gosea. Hilabete eta gehiago da Najib Mikatiren gobernu berria ez dela batzartu,Tarek Bitar epailearen inguruan izandako eztabaiden eraginez; epaile hori da Beiruteko kaiko leherketaren ikerketaren burua. Hezbollahk eta haren aliatuek Bitar akusatzen dute beraiek bakarrik jartzeaz jopuntuan, eta iragarria zuten gobernuaren bilerak boikotatuko zituztela epaile hori egozten ez duten bitartean. Bestalde, oraindik ez du finantzabiderik hainbestetan iragarria duten errazionamendu agiriak, subsidioak desagertu izana arintzeko balio beharko lukeenak, eta NDF Nazioarteko Diru Funtsarekiko akordioa ere betetzeko dago.

Mikatiren gobernua ahaleginean ari da beste estatu batzuetan aurkitzeko bere estatuan bertan lortzen ez dituen eta are lortzen saiatzen ez den konponbideak. Energiaren krisian, eskualde horretako zenbait herrialderen arteko akordio bat agian adabakitxo bat izan liteke, baina behin-behinekoa zeharo. Jordania eta Egipto prest daude energia baliabideak bidaltzeko Mediterraneoko herrialde txiki horretara, Siriako lurraldea gurutzatzen duen hodiaren bitartez. Akordio horri esker, Libanoko biztanleek argindarra izan lezakete egunean sei orduz, eta hitzarmenak Baxar al-Assadi egiten dio mesede, baliagarri izango baitzaio eskualdeko zenbait eragilerekin dituen harremanak normaltzeko. AEBek onespena emana dute: nahiz eta Washingtonek zenbait zigor abiaraziak dituen Siriako erregimenaren aurka, Etxe Zuriak ontzat jo du energia Siriaren bitartez salerostea. AEBen erabaki horrek, hain zuzen, galarazi egingo dio Hezbollahri Libanon etekin politikoa ateratzen segitzea erregaia inportatuz Irandik, sustatzaile duen herrialdetik. Hala ere, zenbaitek aditzera eman dute AEBak eta Al-Assaden erregimena elkarrengana hurbiltzen hasiak ote diren. Badirudi aukera hori berresten dutela berriki argitara atera diren zenbait irudik, non Al-Assaden senide bat ageri baita Los Angelesen barna, Ferrari batean. Horren harira, siriar ugarik protesta egin dute sare sozialetan, beraiei bisak ukatu dizkietelako eta, aldiz, AEBetako agintariek ongietorria egin diotelako Al-Assaden senide horri.

Fantasiaren lurraldean

Ez dirudi Libanoren gainbehera etengabeak estresa sortzen dienik herrialdeko politikariei; izan ere, urte bat baino gehiago behar izan zuten gobernu berria osatzeko, aitzinekoek boterea utzi ondotik, Beiruteko portuko leherketa gertatu eta egun batzuetara. Hori guztia, beharbada, lotuta dago joan den astean Olivier de Schutter muturreko pobreziari eta goseari buruzko NBEko kontalari bereziak ondorioztatutakoarekin. Libanon bi aste igaro zituen De Schutterrek: tarte horretan, agintariekin bildu, eta aztertu zuen gobernua nola erantzuten ari den herrialdeari erasaten dioten askotariko krisiei. Bi aste horien ondotik, De Shutterrek ondorioztatu zuen Libanoko politikariak «fantasiaren lurraldean» bizi direla. «Buruzagi politikoen utzikeria txundigarria da», adierazi zuen diplomazialariak Libanora egindako bisitaren azken egunean. «Zinez asaldatuta nago ikusita zer-nolako deskonexioa dagoen agintarien eta pobrezia bertatik bertara jasaten dutenen artean». Mikati lehen ministroaren jarrera bat dator De Schutterrek salatutakoarekin, azaroko azken astean Erroman ikusi baitzuten agintaria, luxuzko hotel batean egun batzuk pasatzen.

«Herritarrak egunez egun irauten saiatzen ari diren honetan, gobernua denbora baliotsua galtzen ari da kontuak eman beharra saihestu nahian», gaitzetsi zuen NBEren ordezkariak, eta politikariei leporatu zien «errefuxiatuak jo izana herrialdeko krisiaren erantzuletzat, bulegoetan babestuta zeuden bitartean, eroso». Haurren egoerak ere kezka piztu zion De Schutterri. Kontalariak salatu zuen haur askok «eskola utzi, eta lanean hasi» behar izaten dutela, «baldintza arriskutsuetan». Tokiko eta nazioarteko hainbat erakunde lanean hasi dira herrialdeko milaka haurren buru osasuna babesten saiatzeko, eta, ikerketa batean, Unicefek nabarmendu du presazkoa dela umeen elikadurari arreta handiagoa jartzea. Ikerketa horren arabera, Libanon bizi diren familia gehienetan, gutxienez haurren batek ez du egin zegokion otorduren bat urrian, «bizi baldintzak lazgarriro okertu baitira». Hala Beiruten nola herrialdeko beste hiri batzuetan, gero eta haur gehiago ibiltzen dira zaborrontzietan janari bila, edo jatetxeen inguruan eskean. «Krisia hain da handia, non ohartarazpen moduko bat izan beharko lukeen», esan zuen Yukie Mokuok, Unicefen Libanoko ordezkariak.

Itzultzeko txartelik gabe

Azken asteetan asilo eskatzaileak pilatu egin dira Poloniako mugetan, eta horrek agerian utzi du Libano bezalako herrialdeek lur jotzen dutenean arriskuan jartzen direla Europako Batasunaren interesak; izan ere, milioi bat errefuxiatu siriar baino gehiago bizi dira Libanon. Errefuxiatuek ez daukate merkatuaren lan eskaintzetarako ia aukerarik, eta egungo krisi gupidagabeak bi dolar baino gutxiagora murriztu die langile askori eguneko soldatak. Ondorioz, errefuxiatu gehienek ez dute Libano aukera erakargarritzat jotzen, noizbait hala izan bazen behintzat. Horregatik, eta Siriako zenbait tokitan oraindik ere gertatzen diren bonbardaketengatik, ehunka errefuxiatuk erabaki dute Bielorrusiara joatea, probatzeko.

«Europara emigratzea espero duten horietako asko [zeinak Poloniaren eta Bielorrusiaren arteko mugan harrapatuta geratu diren] Beiruteko Rafik Hariri aireportutik igaro dira», onartu du Libanoko ministro Walid Nassarrek aste honetan egin dituen adierazpen batzuetan. Adierazpen horretan, Nassarrek eskatu zuen turismo agentziek ez dezatela Bielorrusia iragarri Libanotik joateko moduko helmuga gisa.

Hilabeteak dira hori gertatzen dela. Bielorrusiako agintariek bisa turistikoak egin dizkiete siriarrei, Beiruteko auzoetako bidaia agentzien bitartez: adibidez, Hamrako bidaia agentzien bitartez. Enpresa horietako langileek prentsari adierazi diote bulegoak eroslez betetzen zirela, eta prest zeudela 4.000 dolar ere ordaintzeko Europako Batasunaren atarira iristearen truke. Libanoko Orient Today egunkariak, besteak beste, zehatz-mehatz azaldu du bidaiariei zer plan proposatzen zitzaien Minsken lurreratu ondoren bidean aurrera egin zezaten. Teorian, kontrabandista batzuek eramango zituzten Poloniako mugara. Behin hara iritsita, beren kabuz lortu beharko zuten muga pasatzea. Beste aldean, beste auto bat edukiko zuten zain Varsoviara eramateko, Poloniako hiriburura, Alemaniako lurretara abiatu aurretik. Ekialde Hurbiletik Alemaniara iristea lortu duten hainbatek diote 15.000 euro ere ordaindu dituztela, kontrabandistek behartuta pagatu behar dutena barne.

Bielorrusiako agintariek emandako erraztasunei esker, migrazio bide berri bat zabaldu zen, eta Europara iritsi nahi dutenei aukera ematen zien arrisku handi batzuetatik ihes egiteko. Azken urteetan, jitoan nabigatzea izan da biderik ohikoena Greziako edo Zipreko kostara iristeko. Joan den udazkenean, Tripolin, Libanoko hiririk handienetan bigarrenean, ikusi zen nola ehunka libanoarrek eta siriarrek itsasora jotzen zuten ontzi kaskar batzuetan, etsi-etsian Zipreko Errepublikara iristeko, Europako Batasunaren parte baita. Bide horietan arrisku ugari daude ezkutuan, migratzaileen asmoak zapuzteko modukoak: horien eraginez, saiatzera ausartzen direnek bizia edo osasuna galtzen dute. Orain, Bielorrusiako bidea ixten bada, Libanon egongo da bide horiek hartzea pentsatuko duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.