Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresua

XI JINPINGEN AZKEN KOLPEA

Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresua hasiko dute gaur, Pekinen. Alderdiaren 2.300 ordezkari bildu dira, eta astebete iraungo du bilkurak. Bost urtean behin izaten da kongresu hori, eta aurten berezia izango da, askok Xi Jinpingen koroatze moduan ikusten baitute; espero dute bileraren amaieran iragartzea haren agintaldia beste bost urtez luzatuko dela, eta, horren ondorioz, baliteke Txinako presidentea boterean betirako geratzea.

Irudian, Txinako Alderdi Komunistaren XIX. Kongresua; 2017an egin zuten. HOW HWEE YOUNG / EFE.
Olatz Urkia
Pekin
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Gaur hasi eta astebetez Tiananmengo Herriaren Jauregian bilduko dira Txinako Alderdi Komunistaren delegatuak, eta, hurrengo bost urteetako plangintza ekonomiko, politiko, sozial eta ekologikoak zehazteaz gain, alderdiaren lehen lerroan egongo diren liderrak hautatuko dituzte. 2.300 ordezkarietako 200 inguruk osatuko dute Komite Zentrala, horiek hautatuko dituzte Politburoko 25 ordezkariak, eta 25 horiek erabakiko dute nork osatuko duen pauso bat gorago daudenak: Politburoaren Komite Nagusikoak. Zazpi dira Komite Nagusia osatzen dutenak, eta horien artean dago Xi Jinping, lider nagusi tituluarekin. Teorian zazpi diren arren erabaki nagusiak hartzen dituztenak, azken urteotan gero eta argiago geratu da Xik erabakitzen duela guztia, zuzenean edo zeharka: pixkanaka alderdi barnean zituen etsaietatik libratuz joan da, eta ez dio inork bere agintaldia luzatzeko oztoporik jarriko.

Egunotako bilkura, bost urtean behin egiten den ohiko bilera izateaz harago, Xiren koroatze moduan ikusten dute adituek. Izan ere, azken urteotan emandako pausoak ikusita, argi dago Xik iragarriko duela bere agintaldia beste bost urtez luzatuko dela. Dagoeneko hamar urte egin ditu boterean, eta Mao Zedongen garaitik ez da lider bakar bat ere hain luzaroan egon agintean. Deng Xiaopingek Mao berri bat sortzeko arriskuari oztopoak jartzeko ezarri zuen konstituzioan bi agintaldiko muga, baina 2018an Xik oztopo hori bertan behera utzi zuen.

Orain, hiru kargu ditu: Alderdi Komunistaren idazkari nagusia—Politburoa kontrolatzen du—, Komisio Militarraren presidentea —armada kontrolatzen du—, eta Txinako presidentea —nazioartean Txina ordezkatuz—. Egunotako bilkuran lehen bi karguak mantenduko dituela iragarriko dute seguruenik, eta martxoan izaten den bilkura parlamentarioan iragarriko du estatuburutza ere mantendu egingo duela.

Autoritarismorako bidean?

Yao 45 urteko ingeniaria da, eta aspalditik da alderdiaren afiliatua:«Argi dago geratu egingo dela, bestela zertarako kendu zuen [aginte] muga? Ez nau asko kezkatzen Xi boterean geratzeak, azken hamar urteotan erakutsi baitu lider ona dela, baina kezkatzen nau Xi hiltzean gertatuko denak: lehenik eta behin, Xirekiko menpekotasuna sortu delako, eta batez ere hain botere handia edonoren eskuetan jartzea arriskutsua delako oso. Ez dut uste Xi beste Mao bat denik, baina zer gertatuko da Xi hiltzean hurrengo liderra beste Mao bat bada? Orain botereari muga hori kenduta aurrekari bat sortu da, eta ez dakit hau nola amaituko den».

Xi gazteak berak sufritu zituen Maoren gehiegikeriak. Aita iraultzaile komunista izan zen, eta gaztetan bizitza pribilegiatua izan zuen, elitea ziren eta. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, paranoikoago eta mendekuzaleago bihurtu zen; Maok elite komunista ere etsaitzat hartu zuen, eta Xiren aita Iraultza Kulturalaren biktima bilakatu zen

Xi gazteak, txikitako bizitza erosoa batbatean galdu, eta etapa berria hasi behar izan zuen landa eremuan, familiatik bananduta. Nerabezaroa kobazulo batean bizitzen pasatu zuen. Urte gogor horietan komunismoa eta autoritarismoarekiko beldurra garatu ordez, Xi komunistarik sutsuena bihurtu zen. Ondorengo urteetan zarata handirik egin gabe pixkanaka bizitza politikoaren barneraino sartu, eta lortu zuen nahi zuen boterea.

Txinako propagandak behin eta berriz errepikatzen du Xiren helburu nagusia Txina boteretsu eta gazte berri bat sortzea dela. Helburu horren parean, ordea, herritar askok txikiago ikusten dute beren askatasuna. Eta sumatzen da Xirekin hazi direnen eta lehenago jaio zirenen belaunaldikoen arteko desberdintasuna. Batzuetan badirudi autozentsura gazteenek egiten dutela helduagoek baino gehiago; belaunaldi arteko eztabaidetan, sarritan 20 urtekoak dira gobernuaren defendatzaileak, eta 3040 artekoak kritikoak.

Xiaozhenek 20 urte ditu, eta ez ditu unibertsitatean ikasketak egin ahalik eta azkarrena lanean hasi nahi zuelako; orain, Pekingo haurtzaindegi batean egiten du lan. Xi boterean geratzea ondo deritzon galdetuta, beldurrez erreakzionatu du, begiak hainbeste irekiz badirudiela txantxetan ari dela, esajeratzen, baina ez, benetakoa da haren beldurra. Haren belaunaldikoak Xi boterean zegoela hazi dira, eta haien autozentsura askotan beren aitonaamonenen parekoa da.

Xiaozhenek ez du hitz egin nahi, baina urduri dago, eta hitzak kontrolik gabe ateratzen zaizkio: «Nola galdetzen didazu hori? Ezin dut liderraz ezer esan. 20 urte ditut, kartzelara bidali nahi nauzu, ala? Badakizu herrialde honetan ez dagoela giza eskubiderik...? Ezin dugu beraz ezer txarrik esan. Atzerrian banengo bai, esango nizuke zerbait, baina hemen ez! Bueno, hitz egin dut, entzun duzunarekin badakizu zein den nire iritzia».

Pekingo bizitzaren ardatz

Eta, beldurraz gain, eta agian beldurra baino gehiago, asko sumatzen da nolabaiteko nekea, neke pandemikoarekin hasi eta orain bilkuraren asteetan areagotzen ari dena. Sentsazio orokorra da Pekingo bizitzaren ardatza herritarrak ez eta agintari eta haien bilkurak direla.

Pekinen nabaritzen da bilkura hastear dagoela. Hirian polizia asko ikusten dira, ez bakarrik Tiananmen inguruan, edo kale nagusietan, erdialdetik urrun dauden auzoetan ere uniformedun asko daude. Poliziek batzuetan bisitak egiten dituzte bulego edo jatetxeetara, eta pare bat galdera sinple egin; kutsaturik gabeko estrategiak oraindik mantentzen dituen neurri zorrotzak errespetatzen dituztela ziurtatzen dute. Eta hori ez da alderdiaren kideren bat jatetxe horietako batean izango den arriskuarengatik; besterik gabe, gogorarazi nahi dute Pekin ez dagoela lasai, zerbait garrantzitsua prestatzen ari direla, eta alderdiaren bilkura horrek erabat baldintzatzen duela eguneroko bizitza. Xiren pertsonalitatearen kultuaren hamaika estrategia horietako beste bat izango da.

Txinan, Alderdi Komunistaren bilkurak egitear daudenean, Interneten zentsura areagotu egiten dute, poliziaz betetzen dute hiria, eta Tiananmen eta halako lekuetako sarrera are gehiago mugatzen dute.

Jason eta Uma 3035 urte arteko gazteak dira. Aspalditik ezagutzen dute elkar eskola berean egin zituzten-eta ikasketak. Jasonek enpresa txiki bat du, eta motorrean ibiltzea gustuko du; Uma unibertsitateko irakaslea da. Beren ezizen ingelesa erabili nahi izan dute:

—Nabaritu duzu egunotan bilkura datorrela?

—Kalea poliziaz beteta dago; ezin dut motorrean kilometro bakar bat ere egin poliziak ikusi gabe. Gaur goizean hirugarren eta laugarren eraztunaren arteko kurba horretan pasatzen ziren guztiei multa jartzen ibili dira: Pekingo A matrikula ez dugunoi, erdialdean ibiltzeagatik, edo atzean kutxa handiegia eramateagatik, kaskoa ez eramateagatik... Normalean ez zaie hori guztia axola. Zuk nabaritu duzu?

—Begira unibertsitateko irakasleei bidali diguten mezua.

Irakurtzen hasi, eta J-k barre egin du. «Har dezagun denok gure erantzukizunaren zatia! Lurra gogor zanpatu eta eraiki dezagun elkarrekin COVIDa geldiarazteko harresia! Helburu honekin, errektoretzak erabaki du bihar hasi eta urriaren 22ra arte irakasle guztiek gaua ere unibertsitateko erresidentzian pasatu eta campusean segurtasuna eta ordena bermatzeko txandak egingo dituztela. Egin dezagun denok lan elkarrekin! Herria aurrera!».

Biek egin dute barre, baina nazkatuta daude, noski.

—Eta irakasle lan egiteaz gain, segurtasun zaindari moduan egingo dituzun gaueko ordu estra horiek ordainduko dizkizuten galdetzea gehiegikeria da, ezta?

—Zentimorik ez, noski.

—Uste duzu gure Xi geratuko dela agintean?

—%90 baietz. Zuk uste duzu azken urteotan gure herrialdea hobera doala?

—Hobera? Azken urteotan nahasmena besterik ez dut ikusten. Aldapa behera goaz.

—Aurreko gurpileko galgak errebisatzea garrantzitsua da hortaz, ez ahaztu.

Oso herdoilduak daude, ez dago erremediorik.

Horrelako elkarrizketak dira gazteen artean ohikoak, baina kameren aurrean ez dute horrelakorik esaten.

Xiren Txina berria

Lanera joan behar direnek nabaritzen dute gehiegizko kontrola, baina eguna plazan majongen jolasten edo berriketan pasatzen duten aitonaamonek ez.

Haiek, gainera, irekieraren aurreko Txina ezagutu zuten, eta bizitza zailagoa izan zuten gaztetan; beste ikuspegi bat dute erabat. Kalean bizilagunei galdetuta ez dute kexarik: «Ikusi gaur egungo Txina. Politikarien artean ustelkeria ez dago ia; lehen benetako arazo bat zen. Herrialde indartsua gara. Landa eremuetan milioika pertsona pobreziatik atera dituzte. Ikusi ere pandemiako datuak: Estatu Batuetan denak kutsatu dira, eta hemen 5.000 baino gehiago ez dira hil; seguru sentitzen gara adinekoak, babestuak gaude. Liderrari esker, orain hobeto bizi gara».

2010etik hamabi urtean segidan Txina munduko bigarren potentzia ekonomikorik handiena izan da. Orain, Txina munduko lehen esportatzaile eta bigarren inportatzailea da, eta dagoeneko munduko fabrika merkea izatetik askoz urrunago iritsi da: aurrea hartu die Mendebaldeko herrialde nagusiei hainbat sektoretako teknologia berrienetan.

Duela bi hamarkada pentsaezina zen hau: Txina nazioarteko politikan lehen lerroan egotea, eta AEBen betiko lidergoaren alternatiba errealista bihurtzea. Hori guztia biztanleek ikusten dute beren bizi kalitatean. Aldiz, azken hiru urteotan goranzko joerak itzulia eman du, eta pandemia dela-eta Txinako ekonomiak ere jaso du kolpe gogorra. Halere, biztanleen osasuna ekonomiaren aurretik jarri izanaren ideia horrek konbentzitzen ditu oraindik gizartearen zati handi bat. Beste zati handi bat ez, gero eta nekatuago dago ekonomia okerrera egiten ari delako, askatasuna falta zaielako.

Baina Xik gizartea gehiegi nekatu baino lehen emango du aspaldi prestatu duen estrategiaren azken pausoa; garaiz egingo du, eta, gero, beranduegi izango da seguruenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.